Futbola

David Silvak futbola utziko du

Joan den astean lesioa izan zuen belauneko lotailu gurutzatuan. Beste urtebeterako kontratua zuen talde txuri-urdinean.

David Silva gola ospatzen, maiatzean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 27a
16:25
Entzun

«Gaur egun tristea da niretzat. Bizitza osoan egin dudanari agur esateko unea da». Hala iragarri du David Silva Realeko erdilariak futbola utziko duela. Joan den astean lesioa izan zuen belauneko lotailu gurutzatuan, eta erretiroa hartzea erabaki du. Nahi baino lehenago utziko du ibilbide profesionala: beste urtebeterako kontratua sinatu zuen joan den maiatzean, beste denboraldi batez Donostiako klubean jarraitzeko.

«Egun tristea» bai jokalariarentzat, bai Realarentzat berarentzat, agur esan behar izan baitio «zoriontsu» egin duen «futbolari puskari». Hiru urtez jantzi du Silvak elastiko txuri-urdina; 2020ko udan heldu zen taldera. «Horrekin geratzen gara, eman digun futbol guztiarekin, asko izan baita», adierazi du taldeak.

Erdilariak ez dio talde bati bakarrik egin agur; jokatu zuen lehen taldetik hasita azkenera artekoei eman dizkie eskerrak: Valentziari, Eibarri, Celtari, Manchester Cityri, Realari. «Nire taldekideei agur esateko unea da; familia izan dira niretzat. Zuen falta sumatuko dut. Mila esker etxean nengoela sentiarazi didazuelako», adierazi du. Gazterik hasi zen lehenengoan, eta talde armaginera igaro zen 2004-2005eko sasoian. Celta izan zuen hurrengo geralekua, eta 2010ean heldu zen Manchesterrera. Hamar denboraldi egin zituen han, Donostian amaitu aurretik.

Ez dira gutxi denboraldi horietan guztietan lortutako garaikurrak: Munduko Txapelketa bat, Espainiako selekzioarekin irabazitako bi Eurokopa, lau Premier League, bi FA Cup, bost Ingalaterrako Kopa, hiru Ingalaterrako Superkopa eta bi Espainiako Kopa —horietako azkena Realarekin lortu zuen, 2021eko apirilaren 3an, Sevillan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.