Deabrua beti da gaiztoa

Athleticek aukera paregabea du Manchester United kaleratzeko, baina Alex Fergusonek entrenatzen duen taldea arriskutsua da osoSan Mames txiki geratuko da lehoien eta deabru gorrien arteko lehia ikusteko

Marcelo Bielsa, pentsakor, jokalarien erdian, Athleticek atzo goizean Lezaman egindako entrenamendu saioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Aspalditik da jakinekoa Athleticeko jarraitzaileak oso era berezian bizi duela taldearen egunerokoa. Barru-barruan daramaten zerbait da. Milaka adibide aurki daitezke hori erakusten dutenak. Beraz, ez litzateke harrigarria izan behar sarrera bat lortzeko esperantzarekin ehunka zale San Mamesko txarteldegi aurrean hiru egun ikustea —batzuk han daude oraindik, nahiz eta klubak esan duen ez dagoela sarrera gehiagorik—. Ez litzateke harritzekoa izan behar, era berean, Manchesterrera 8.000 lagun inguru joan izana. Marcelo Bielsak ere ez du asko behar izan Athleticek duen indarraz konturatzeko. «Nola harrituko naiz Old Traffordekoaz taldeak azken tituluak irabazi zituenean milioi bat lagun atera baziren kalera». Hala da, bai. Dena dela, harrigarria izan ez arren, gauza handia da. Hori ezin du inork jarri zalantzan.

Ondo bidean, San Mamesi hiru urteko bizitza geratzen zaio. Laster San Mames Barriak hartuko du haren lekukoa. Beraz, Katedralean jokatuko diren azken neurketa handietako bat izango da, nekez jokatuko baita gaurkoa bezain norgehiagoka bereziagorik. Goi mailako partida batek merezi duen osagai guztiak ditu: Manchester United handia da aurkaria, talde bi hauek duela 50 urte pasatxo izan zuten lehia ahaztezina daukate gogoan eta jokoan dago Europako Ligako zortzi onenen artean sartzeko txartela. Beraz, normala da jarraitzaile guztiek San Mamesen egon gura izatea. Zoritxarrez, 40.000 lagun baino ez dira egongo. Egongo den giroa nolako izango den pentsatzearekin bakarrik oilo ipurdia jarriko zaio jokalari bati baino gehiagori.

Harmailetatik behar duen laguntza guztia izango du Athleticek. Baina kanporaketako irabazlea izatea soropilean daudenen esku egongo da. Athleticek eta Manchester Unitedek kontrako bideak hartuko dituzte saria eskuratzeko. Biak zuzenak eta errespetagarriak. Athletic, talde txikia, talde handien moduan jokatzen ahaleginduko da. Baloia izanda eskuratu gurako du helburua. Joanekoanlortutako gol baten abantailak ez dio aldaraziko jokatzeko era. Ez luke behar behintzat, orain arteko lorpen guztiak baloia izateko asmoan, presioan eta ausardian oinarritutako futbola eginda etorri baitira.

Ausart baino itsutu barik jokatu beharko du Athleticek, Manchester Unitedek erabiliko duen estrategia kontraerasoa izango baita. Askorentzat, talde txikien estrategia da hori. Alex Fergusonek zuzentzen duen taldeak ez dauka sormen gaitasunik zelai erdian. Euskarriak, sortzeko baino gehiago, deusezteko daude. Horrek arazoak sortzen dizkio etxean jokatzen duenean. Baina kanpoan bestelakoak dira kontuak. Denboraldion jokatu dituen 22 partidetatik hamabost irabazi ditu eta hiru bakarrik galdu. Horrek argi eta garbi erakusten du Old Trafforden bezain arriskutsua edo beharbada arriskutsuagoa dela Manchester United kanpoan aritzen denean. «Ezin diogu gure jokatzeko estiloari uko egin; baina, era berean, ezin dugu galdu baloia leku arriskutsuetan», adierazi dio BERRIAri aste honetan Ander Iturraspek. Beraz, pentsatzekoa da Manchester Unitedek Athletici emango diola baloia izateko ardura, baina horrek ez du esan gura neurketaren kontrola zuri-gorriek izango dutenik. Hegal azkarrak eta joko zuzena baliatuz, aurrelari on-on eta eraginkorren gaitasuna baliatzen ahaleginduko dira ingelesak. Gutxienez gol bi sartu beharko ditu horretarako. Baina Rooney, Chicharito, Valencia eta Young dituen talde bat gai da hori lortzeko, Manchester Unitedek ez baitu sekula amore emango, jokoz sasoian egon ez arren goi mailako taldea baita. Nola gutxietsi Ingalaterrako Ligako gaur egungo lehen sailkatua? Futbolaz piperrik ere ez jakitea litzateke hori.

Llorente eta De Marcos, prest

Zuri-gorriek barruan daukaten dena eman beharko dute. Joanekoan bikain erantzun zuten, neurketa zaila bazen ere. Nortasuna dutela eta lehiakorrak izan daitezkeela erakutsi zuten. Hala ere, neurketa bat ez da nahikoa. Bietan egin behar da lan ona Manchester United eta halako taldeak bide bazterrean lagatzeko.

Bielsa Llorenteren eta De Marcosen zain egon da hamaikakoa osatzeko. Aurrelaria atzo arte ez da entrenatu, mokorrean min baitzuen, baina Bielsak atzo jakinarazi zuen jokatzeko prest dagoela. Arabarra, berriz, gripeak jota egon da, baina osatu egin da, eta, okerrik ezean, hasieratik ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.