Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Defentsarik onena, erasoa

Pierrick Fedrigo izan da sei txirrindulariko ihesaldiko onena, eta erraz irabazi du; Bradley Wigginsek jarraitzen du liderTropelak indarrak gorde ditu Pirinioei aurre egiteko; gaur atseden eguna dute

jon eskudero
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Defentsarik onena erasoa omen. Halaxe dio esaerak, eta orain baita Pierrick Fedrigok (FDJ) ere. Zalaparta handiko etapa izan zen atzokoa, Tourreko hamabosgarrena, erasoak ugari izan baitziren, baina bete-betean asmatu zuena Fedrigo izan zen. Eguneko ihesaldia sortzen izugarri kosta zen, eta frantziarrak ahalegin handiak egin zituen bertan sartzeko. Lana gogotik egin zuen, eta jaso zuen fruitua. Baina hasieran bakarrik ez, etapa amaieran ere antzeko egoera bati aurre egin behar izan zion, eta berriz ere momentu egokian azkartu zuen erritmoa. Christian Vandeveldek (Garmin) soilik jarraitu zion, baina aise menderatu zuen esprintean. Fedrigok ez ditu alferrik 34 urte, eta ederki baliatu zuen eskarmentua Tour batean hirugarren garaipena lortzeko. Eraso indartsua jotzea baino, une aproposean jotzea da garrantzitsuago, eta horretan jakintsua da irabazlea. Erasoa defentsa bihurtzen ongi dakiena.

Sua eta txinparta. Biak batu zituen etapak. 158 kilometro egin zituzten txirrindulariek Samatan eta Paue artean. Ohi baino gutxiago, alegia. Abiadura, ordea, itzela izan zen. Egundokoa. Bai behintzat hasierako kilometroetan. Ziklista denek sartu nahi izan zuten ihesaldian, eta tropelak ez zion inori inora joateko baimenik eman. Bost-hamar segundoko tarteak sarritan ikusi ziren, baina ez ihesaldi erabakigarririk. Euskaltel-Euskadiko Egoi Martinezek eta Gorka Izagirrek behin baino gehiagotan eman zuten aurpegia, baina alferrik. Ez zuten zorterik eduki.

Izan ere, helmugarako 95 kilometro falta zirela egin zuten ihes bost txirrindularik: Fedrigok berak, Vandeveldek, Thomas Voecklerrek (Europcar), Samuel Dumoulinek (Cofidis) eta Dreis Devenynsek (Omega). Azkenean, tropelak amore eman zuen, eta iheslariek aukera ez zuten alferrik galdu. Azkar batean lortu zuten talde handiarekiko bost minutuko aldea. Gainera, tropelean ez zuen talde bakar batek ere lanerako asmorik erakutsi.

Sky, Greenedge eta Lotto ezkutuan egon ziren. Etapa esprintean amaituko zela aurreikusita zegoen, baina talde horiek ez zuten horretarako jarrerarik ia azaldu ere egin. Bai, ordea, Saxo Bankek, baina ez iheslariak harrapatzeko, tartean zihoan Nicky Sorensenek (Saxo Bank) aurrekoak harrapatzeko eta etapa garaipenerako lehia jokatu ahal izateko. Hori ikusita, hanka altxatu zuten aurreko bostek, eta Sorensenek lortu zuen helburua. Gero, noski, Saxo Bankek tiratzeari utzi zion.

Lottoren ahalegin ustela

Lottok hartu zuen erantzukizuna orduan. Bi txirrindulari jarri zituen aurrean, eta aldea zazpi minututik behera jaistea lortu zuen. Ez luzerako, baina. Etsi egin zuten, eta akaso damutu ere egingo zitzaien etapa bukaeran. Garaipena jokoan eduki ez arren, esprinta egin zuten ziklista azkarrenek, eta Andre Greipelek (Lotto) ez zuen kontrariorik eduki. Peter Sagan (Liquigas), Matthew Goss (Greenedge), Mark Cavendish (Sky) eta gainontzekoak eroso menderatu zituen. Horrek esan nahi du Lottok lana egin eta ihesaldia harrapatu izan balu, Greipelek aukera asko izango zituela aurtengo Tourrean laugarren garaipena lortzeko.

Gainera, 30 urte egin zituen atzo alemaniarrak, eta berak esana zuen oparirik onena etapa irabaztea izango zuela. Beraz, hein handi batean harrigarria da haren taldeak horretarako ahaleginik ere ez egin izana. Etapa amaiera gaiztoa zen, harentzat aproposa, aurrez ere jaun eta jabe izan baitzen antzerako bukaera batean. Baina Tourra hirugarren astean sarturik da dagoeneko, eta nekea nabaritzen hasi da.

Nekea gainditu eta azken txanpari indartsu aurre egin ahal izateko, txirrindulariek atseden eguna izango dute gaur. Bihar eta etzi Pirinioetako etapak izango dituzte, eta faborito nagusiek mugitzeko azken aukera izango dute. Ez litzateke harritzekoa izango Cadel Evans (BMC) Bradley Wiggins (Sky) ezustean harrapatzen saiatzea. Ikuskizuna, behintzat, ziurtaturik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.