Motoentzako zirkuitu batean sartu ziren atzo txirrindulariak, Alcañizen. Han amaitzen zen Espainiako Vueltako hirugarren etapa. Bada, maizago utzi beharko diote sartzen John Degenkolbi (Argos), motoen gisan aritu baitzen azken metroetan. Eta hala dabil itzulia hasi zenetik. Hirutik hiru, zakura. Ez dago zalantzarik, bera da Vueltako txirrindulari azkarrena. Hiru etapa amaitu dira esprintean, eta alemaniarrak ez die aukerarik eman gainontzeko ziklista azkarrei.
Aise nagusitu zen Vianan eta Logroñon, taldearen lan bikaina borobilduta. Atzo, baina, ederki kostata menderatu zuen Elia Viviani (Liquigas). Oso esprint luzean, parean jarri zitzaion italiarra, eta gibela bota beharrean iritsi zen Degenkolb. Maldan gora zen amaiera, eta, esprinta goizegi hasita, oso larri ibili ziren ziklista azkarrenak helmugara bitartean abiadurari eusteko. Larritasun horretan, Degenkolb bera izan zen gehien eutsi ziona.
Gogorra izan zen amaiera, baina aurreko kilometroak ez ziren samurragoak izan. Galde diezaiotela Rigoberto Uran (Sky) kolonbiarrari, sailkapen nagusian laugarrena zenari. Helmugarako hamar kilometro falta zirenean, eroriko batek tropela hautsi zuen, eta oso atzean geratu zen. Bere taldea tropelean tiraka zebilela, ederki sufritu zuen Uranek, eta 1.09 galdu zuen helmugan.
Sky bera izan zen tropela luze-luze eginda eraman zuena azken kilometroetan. Hain luze, ezen sei txirrindularik metro batzuk hartu baitzituzten, Chris Froome (Sky) tartean, Ben Swift taldekideari esprinta bideratzeko lanean. Atzerago ziren irabazteko beste hautagaiak, baita Degenkolb ere. Aurrekoekin bat egiterako, itota ziren denak, eta are gehiago ito ziren amaiera gaiztoan, amaigabea zirudien zuzengunean.
Argi asko zuen Argos taldeak etapa esprintean amaitu behar zela, eta hasieratik aritu zen lanean tropel buruan. Zorrotz kontrolatu zituen lau iheslariak: Javier Aramendia (Caja Rural), Bert-Jan Lindeman (Vacansoleil), Frantisek Rabon (Omega) eta Pablo Lechuga (Andalucia). Bost minuren aldea zuten 25. kilometroan, baina tarteak behera baino ez zuen egin aurrerantzean.
Hamabost kilometro falta zirela irentsi zituen tropelak, eromena hasi aurretik, hain justu. Denek nahi zuten aurrean joan, eta tentsioak erorikoa eragin zuen, tropelaren erdialdean. Hortik aurrera, denak abiadura izugarrian. Eta abiaduraz ari garenean, Vueltak nagusia baduela dirudi.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Degenkolb, motoen gisan
Vueltako azkarrena dela erakutsi du berriz, Motorlandeko zirkuituan hirugarren etapa garaipena lortuta, esprint oso luze bateanRigoberto Uran sailkapen nagusiko laugarrenak 1.09 galdu du, erorikoen erruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu