Dani Estrada. Realeko jokalaria

«Den-denok estutu behar genuke gehiago geure burua»

Agirretxe eta Elustondoren belaunaldikoa da Dani Estrada, baina haiek baino gehiago jokatu du Lehen Mailan. Malagakoari begira, Carlos Martinezekin lehiatuko da.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Philippe Montanierrek lehen egunetik izan du bere pentsaeran gordeta Dani Estrada (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Denbora gehien jokatu duena da, Claudio Bravo eta Antoine Griezmannen atzetik. Ez da taldeko izarra, ez distiratsuena, ezta trebeena ere, baina iraunkorra da bere lanean, eta entrenatzaileak eskatutakoa betetzen du hutsik egin gabe.

Nola deskribatuko zenuke Realaren egungo egoera?

Ez da inolaz ere atsegina. Kopan galdu eta gero, benetan gogotsu ginen Anoetan neurketa bete-betea jokatu eta, gauza guztien gainetik, irabazteko. Indartu egin behar dugu entrenamenduetan, eta puntuen bila joan Malagara.

Behin eta berriz merezi gabe galtzeak eta esku-hutsik ateratzeak ez al dute sendotasun eta fidagarritasun falta adierazten?

Ez dakit bi hitz horiek egokienak ote diren, baina bistan da zer edo zer falta izan zaigula, ez baikara aurkariak baino gutxiago izan. Esaterako, Sevillan estrategian egin genuen huts, eta Atletico Madril eta Espanyolen aurka, berriz, ate aurrean. Besteek ez dute barkatzen. Horregatik estutu beharko genuke den-denok geure burua gehiago, ezin baitira aurreko edo atzeko akatsak bereizi; batik bat, jokoz hobeak izaten ari garen egun horietan kale ez egiteko.

Golik ez sartzea da gabezia nagusia?

Anoetako azken bi porrotetan, seguru. Betis eta Levanteren zelaietan sendotasuna ere falta izan zitzaigun defentsan, ez genuen eusten jakin. Guztion ardura da. Orekatuago jokatu behar dugu. Ea etzi hobekuntza nabari dugun.

Futbolarioi kopeta zimurtzen zaizue jokatu ezin duten taldekideen inguruan galdetzean, baina Realaren kasuan derrigorrean antzeman behar dira falta horiek, ala?

Denok osatzen dugu multzoa, ez da hamaikakoa soilik. Azkenean, guztien beharra izaten du entrenatzaileak, lesioak eta txartelak kontrolaezinak direlako. Edonola ere, bai, igartzen ditugu falta direnak, funtsezkoak baitira guretzat.

Prieto, Vela, Chory Castro eta Agirretxe ez daude sasoi betean. Kezkatzen al zaitu horrek?

Ez, maiz frogatu baitute zer-nolako jokalari puskak diren. Baliteke azkenaldian fin ez aritu izana, baina onak diren horiek beti ematen dute aurrerapausoa.

Animo aldetik nola sumatu dituzu ingurukoak?

Aldeko emaitzak lortzen ez direnean itzaliago zaude, baina, era berean, baita gogo handiagoarekin ere hurrengo neurketa noiz iritsiko. Multzoak orain inoiz baino elkartuago egon beharko luke, guztion lana eskatzen baitu egoera txar honek.

Juanma Lillok behin aipatu zuen lan egiteko era aldatzeak, nahiz eta bide egokitik joan, balio zezakeela bolada ezkorra hausteko. Beste modu batera jokatzeaz ari zen hizketan. Erabil litekeen errezeta da Malagan jokatu beharreko partidari begira?

Zaila da jakitea, egoera bakoitza ez baita berbera. Bide onetik goazelako irudipena daukat, ez gara gaizki jokatzen ari, baina zerbait falta zaigu emaitza hobeak lortu ahal izateko. Lehen Mailako edozein aurkarik asko eskatzen duenez, arreta handiagoa jarri behar dugu, eta exijentzia maila igo.

Konformatzen errazak al zarete?

Horri buruz hitz egin da azkenaldian, baina ez dut halakorik sumatu. Beti ateratzen gara irabazteko asmoz, nahiz eta azken hilabetean asmatu ez. Argi dago orain arte egiten ari garenarekin ez dela nahikoa eta zerbait gehiago behar dugula. Ez du lo hartzearekin zerikusirik, ordea.

Zuen buruak aldarrikatzeko beharra ikusten al duzu?

Egoera zailetan elkartuta egotea ezinbestekoa izan ohi da. Pare bat emaitza on lortzeak asko emango liguke. Beste denboraldietan ere gorriak ikusi izan ditugunean burua hotz mantentzen jakin dugu, eta hori ere beharrezkoa da. Ea larunbatetik aurrera beste zerbaitez hitz egiten hasten garen. Ezin bada irabazi ere, behintzat ez dezagun puntua galdu. Hori ulertzen ere jakin behar da.

Neurketen interpretazioaz ari al zara?

Ez da sasoi honetako kontua bakarrik. Aurreko bi denboraldietan ez ditugu partida asko berdindu. Zenbait unetan eustea garrantzitsuagoa da beste gol baten bila joatea baino, eta kosta egiten zaigu interpretazio egokiak egitea. Levanteren adibidea hor dago. Horrek, era berean, ez du zerikusirik konformatzearekin eta horregatik ez nator bat baieztapen horrekin.

Anoetako zale gehienek Montanierrekiko desadostasuna adierazi zuten Espanyolen aurkako partidan.

Egoera txarretako ohiko haserrealdia izan zen. Norberak nahi duen eran eman dezake bere pentsamenduaren berri. Guk, berriz, bat eginda egon behar dugu, guztion ardura baita. Entrenatzailearen alde gaude.

Entrenatzailearen aurkako jarrera aipatzen hasita, Malagakoari hartzen al diozu iaz Betisen zelaian jokatu zenuten partidaren antzik?

Ez goaz horren behartuta. Orduko egoera larriagoa zen. Azkenak ginen sailkapenean, eta zortzi partida generamatzan irabazi ezinik. Garaipen hura mugarri izan zen, hortik aurrera gorantz egin baikenuen. Ezin dugu pentsatu Malagakoa hil edo biziko kontua izango denik, nahiz eta puntuak oso baliotsuak izan guretzat.

Etxetik kanpoko okerrak gero eta zama handiagoa du.

Zalantzarik gabe. Valladoliden kenduta, ez dugu beste inon ezer lortu. Azken urteetako gaitza da. Horrek derrigortu egiten zaitu etxeko partidetan hutsik ez egitera, eta, hala, ezinezkoa da gorantz egitea sailkapenean. Nire kinielan 2a jarriko dut etziko partidari dagokionez. Joan den denboraldian berdindu egin genuen Malagan jokalari bat gutxiagorekin, eta aurreko sasoian, Mestallan, erakutsi genuen zelai zailetan ere ondo molda gaitezkeela.

Ezustean harrapatu al zintuen Espanyolen kontra ohi baino aurrerago jokatzeak?

Duela astebete egin izan bazenit galdera hori, baiezkoarekin erantzungo nizukeen. Banekien zer ideia zerabilkien buruan entrenatzaileak, eta nik ez diot inoiz jokatzeari uko egingo, edozein postutan delarik ere. Ez zen ohiko astea izan, gainera. Hiru partida jokatu genituen, eta, gainera, jokalari asko genituen min hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.