Dena eman, eta gero gerokoak...

Baskoniak Euroligako final-laurdenetako lehenbiziko partida jokatuko du gaur Moskun (18:00, ETB1)

Zan Tabak, aginduak ematen, denboraldi honetan Caja Laboral Baskoniak jokatutako partida batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Estropezuka. Hala ibili da Caja Laboral Baskonia orain arte Euroligan. Behin baino gehiagotan egin du estropezu eta muturreko bat baino gehiago jaso. Hala ere, nola edo hala lortu du beti berriro gora egin eta aurrera jarraitzea. Halaxe lortu du final-laurdenetara iristea.

Argi dago ligaxka erako sistemak mesede egin diola. Erorikoetatik osatzeko denbora izan du; alegia, hankasartzeak konpontzeko aukera izan du. Baina amaitu dira ligaxkak Euroligan. Kanporaketen txanda da, eta kanporaketetan oso garesti ordaindu ohi dira hutsak. Denbora gutxi dago egindako okerrak konpontzeko, eta partida guztietan bete-betean aritu behar da, bestela jai dago. Baskoniak ez du horrelakorik egin sasoi honetan. Gorabeheratsu ibili da beti, Zan Tabak Gasteizera iritsi berritan lortutako bolada bikaina kenduta. Lehentasuna, beraz, argia da: gorabeherarik gabe aritzea.

Gorabeherarik aritzeak, ordea, ez du garaipenik bermatuko, Baskoniak CSKA Mosku izango baitu aurrean. Gaur-gaurkoz, Errusiako taldea Euskal Herrikoa baino koska bat gorago dago. Kirolean aurreikuspenak hankaz gora geratu ohi dira sarri, baina normalena litzateke CSKA Mosku sailkatzea Lauko Finalerako.

Tabak bera horren jakitun da. «Zaila da, baina ez ezinezkoa», adierazi du. Entrenatzaileak azpimarratu du helburua «minutu bakoitzean dena ematea» dela, eta «baikor» dagoela, hil edo biziko partidetan «beti» eman baitute dena. Tabak «konforme» legoke lehen bi partidetako bat irabaztearekin, kantxa faktorea izateko.

Bi taldeok badakite zer den jokatzea Lauko Finalaren atarikoa. Orain hiru urte egin zuten, eta orduko hartan errusiarrek egin zuten aurrera (3-1). Moskun jokatutako bi partidak irabazi zituzten, eta Gasteizen jokatutako bigarrena. Kanporaketa hura jokatu zuten sei jokalarik bakarrik jokatuko dute gaur hasiko dena. Baskonian, Fernando San Emeterio da taldean jarraitzen duen bakarra. CSKA Moskun, berriz, Saxa Kaun, Andrei Vorontsevitx, Viktor Khriapa, Anton Ponkraxov eta Dmitri Sokolov.

Errusiako taldeak bigarren urtez jarraian izango du euskal talde bat aurrean final-laurdenetan. Iaz Gescrap Bizkaia Basket kanporatu zuen (3-1). Orduko taldetik hiru jokalari garrantzitsu falta ditu CSKAk: Andrei Kirilenko, Alexei Xved eta Ramunas Siskauskas. Aurreneko biak NBAn ari dira, Minnesotan. Siskauskasek, berriz, erretiroa hartu zuen sasoia amaituta. Funtsezko jokalariak izanagatik, taldeak ez du oraingoz haien falta sumatu. Batetik, iritsi direnak txukun ari direlako. Bestetik, gelditu zirenek aurrerapausoa eman dutelako.

Sonny Weems eskolta estatubatuarra, Aaron Jackson joko antolatzaile estatubatuarra (Gescrapeko jokalari ohia), Theodoros Papalukas joko-antolatzaile greziarra eta Zoran Erceg pibot serbiarra nabarmentzen dira iritsi direnen artean. Weemsek tokia ziurtatua du hasierako bostekoan. Bera da puntu gehien sartzen duena: hamalau partidako Euroligan. Beste hirurak denbora dezente egon ohi dira aulkian, eta haien aurretik daudenei atseden emateko kantxaratzen dira. Nortzuk dituzte aurretik? Milos Teodosic (13,2 puntu eta 5,1 asistentzia), Khriapa (10,3 puntu eta 7,4 errebote), Nenad Krstic(13,3 puntu eta 4,6 errebote) eta Kaun (zortzi puntu eta 4,3 errebote), jokalari bikainak guztiak.

Messinaren aginte makila

CSKAren jokalari sorta bikaina baldin bada, zer esan haiek entrenatzen dituenaz, Ettore Messina italiarraz. Messina etxera itzuli da azken bi urteetan Real Madrileko entrenatzaile eta Los Angeles Lakerseko aholkulari izan ondoren. Messinak lau urtez zuzendu zuen CSKA, 2005etik 2009ra. Tarte horretan bi Euroliga irabazi zituen, 2006an eta 2008an. Ordutik umezurtz dago titulu nagusiei dagokienez. Iaz, adibidez, eskuetatik egin zion ihes txapelak, Olympiakosen aurkako finalean hemeretzi punturen aldea karelera botata. Errusiako kirol arduradunek ez dute horrelakorik errepikatzerik nahi, eta horretarako, Europako onenak izateko, Europako entrenatzaile onenarengana jo dute berriz. Eta oraingoz, apustua ondo doa. Lehena izan da lehen ligaxkan eta Top 16an. 24 partida jokatu ditu, eta lau bakarrik galdu, Bartzelona, Unicaja, Real Madril eta Anadolu Efesen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.