Dena erabakita uzteko eguna dute gaurkoa euskal taldeek

Athleticek laugarren postua bermatu nahi du; Osasunak, Konferentzia ligara gerturatu; eta Alavesek, Lehen Mailan jarraitu. Realak, berriz, agur polita eman nahi dio Imanol Alguacili, eta haren aroa ondo bukatu.

Catena eta Bryan Osasunako jokalariak, partida batean. JESUS DIGES / EFE
Catena eta Bryan Osasunako jokalariak, partida batean. JESUS DIGES / EFE
2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Ligako azken txanpan sartu dira taldeak, eta, urtero bezala, 37. jardunaldiko partida guztiak ordu berean jokatuko dituzte. Helburu desberdinak dituzte euskal taldeek denboraldi bukaerarako, eta gaur lortu nahi dituzte xedeak; edota, ahal den neurrian, horietara gerturatu.

Konferentzia ligarako sailkatzeko borrokan dago lehiarik estuena. Osasuna da talde horietako bat, eta, hor jarraitzeko, Espanyoli irabazten saiatuko da gaur, Sadarren (19:00, Movistar Plus).

Osasunak olatua hartu du denboraldi amaieran. Azken zortzi neurketetatik lau irabazi ditu, hiru berdindu, eta bakarra galdu; bete-betean sartu da, beraz, Europara sartzeko lehian. Ostegunean Atletico Madril 2-0 hartu zuen mendean, eta, garaipen horri esker, bederatzigarren posturaino igo da.

Orain Rayo Vallecanok adina puntu dituzte gorritxoek, 48; atzean ditu Mallorca eta Valentzia, 47 eta 45 punturekin, hurrenez hurren. Bi partida falta dira liga amaitzeko, eta Osasunaren arerioak Espanyol eta Alaves izango dira; Rayo Vallecanorenak, berriz, Celta eta Mallorca, biak aurkari zuzenak. Celta nafarren eta madrildarren aurretik dago, 52 punturekin; beraz, Osasunak zaila dauka Europa ligarako sailkatzea.

Bestalde, Vicente Morenok eta Unai Garciak agur esango diote gaur Sadarri. Europara sartzeko borrokan egon arren, Vicente Morenok jakinarazi berri du hurrengo urtean ez duela segituko Osasuna entrenatzen. Unai Garcia kapitainak ere kluba utziko du, lehen taldean hamabi urte eta klubean 25 urte egin ostean.

Alavesek, berriz, baliteke gaur ziurtatzea hurrengo sasoian Lehen Mailan jarraituko duela. Denboraldi zaila izan da gasteiztarrentzat, baina, gaur Valladolidi irabaziz gero, hirugarren urtez jarraian jokatuko dute maila gorenean. Espainiarrak azken postuan daude.

Alavesek, gainera, Jose Zorrillan jokatuko du (19:00, DAZN). Babazorroek emaitza onak eskuratu dituzte azken partidetan, eta gaur denboraldi amaiera borobildu nahi dute. 

Azken jardunaldian dena ia erabakita utzi zuten arabarrek. 1-0 irabazi zioten Valentziari Mendizorrotzan, eta Las Palmasek eta Leganesek euren neurketak galdu zituzten Sevillan eta Madrilen. Valladolid eta Las Palmas jada Bigarren Mailara jaitsita daude, eta madrildarrak lau puntura ditu Alavesek, jokoan sei baino ez daudela.

Bestalde, gasteiztarrek hamazazpigarren postutik gora bukatzeko aukera ere badute. Aurrean dituzte Espanyol eta Getafe, baina puntu bakarrera. Kataluniarrek azken lau neurketak galdu dituzte, eta madrildarrek, azken seiak. Bolada are okerragoa darama Valladolidek: hamar partida galdu ditu jarraian, eta puntu bakarra eskuratu du bigarren itzuli osoan. Guztira, hamasei puntu ditu ligan; gaur galduko balu, XXI. mendean ligan puntu gutxien lortu duen taldea izango litzateke.

Etxetik kanpo jokatuko du, berriz, Athleticek: Mestallan, Valentziaren aurka, 19:00etan (Movistar Plus). Espainiako Ligan denboraldi borobila egin ostean, zuri-gorriek hurrengo sasoian Txapeldunen Liga jokatuko dute. Getaferi 0-2 irabazi zioten ostegunean, eta orduan ziurtatu zuten tokia; seigarren aldiz jokatuko dute izarren txapelketa. 

Hala ere, laugarren sailkatua izateak beste sari bat dauka aurten: Espainiako Superkopa jokatzea. Espainiako Kopako finala ligako lehen lau postuetan dauden bi taldek jokatu zutenez —Bartzelonak eta Real Madrilek—, ligako laugarrenak Saudi Arabian jokatuko den txapelketan aritzeko aukera izango du. Athleticek hiru puntu ateratzen dizkio Vila-reali; beraz, gaur irabazita, laugarren postua lortuko luke. Williams anaietan zaharrena osatu da, eta deialdian dago; gazteena, ez.

Agur, Imanol

Realean, helburu bakarra Imanol Alguacilen aroa ondo bukatzea da. Oriotarraren azken neurketa izango da Anoetan talde txuri-urdinaren teknikari gisa, eta etxean irabaziz amaitu nahi dute denboraldia. 

Horretarako, Gironari irabazi beharko diote gaur (19:00, Movistar Plus). Kataluniarrek asteartean ziurtatu zuten Lehen Mailan jarraituko dutela, eta uxatu dituzte jaitsieraren mamuak. Realaren atzetik daude, bi puntura.

Donostiarrek garairik okerrenean agurtuko dute Imanolen aroa. Azken bi urteetan gol falta nabaria izan du Realak, eta azken neurketetan are agerikoagoa izan da hori. Txuri-urdinek ez dute golik sartu azkeneko sei neurketetatik bostetan. Tarte horretan ihes egin die Europarako sailkatzeko borrokak.

Anoetan ere arazo bera izan du. Realak martxotik ez du golik sartu etxean, eta azken hiru neurketetan Realeko jokalariek eta zaleek ezin izan dute golik ospatu. Joera hori amaiarazi nahi dute gaur, eta merezi bezala agurtu Imanol.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.