Sarritan entzuten ari da Realak momentua bizi behar duela eta Lehen Mailara itzuli izanaz gozatu behar duela, azken hiru denboraldien ordaina hartu beharko balu bezala. Baina ikuspegi arriskutsua da, Lehen Mailan ere dena ez delako carpe diem, distira, oihartzuna, ikusgarritasuna. Partida guztiak ez dira Real Madril edo Bartzelonaren aurka jokatzen, harmailak gainezka daudela. Lehen Mailan ere badaude erdipurdiko zelaiak, eta aurkari mugatu baino deserosoak, puntuak oso garesti saltzen dituztenak. Eta halako norgehiagoketan lehiatzen eta sufritzen jakitea ezinbestekoa da helburua betetzeko.
Gaurkoa mota horretakoa izango da, itxura guztien arabera. Levanten Lehen Mailan dabiltzala sinetsi ezinda daude oraindik ia-ia. Inor gutxik sartzen zituen aurreko denboraldian igotzeko faboritoen artean. Baina dirua barra-barra xahutu zuen garai beltzaz irakaspen zuzena atera du klubak: jokalariei eta Luis Garcia entrenatzaileari konfiantza eman zien;gauzak patxadaz eta burua galdu gabe egin zituen, egoera ekonomiko eskasak behartuta, eta igotzea lortu. Hiru partida daramatza galdu gabe, eskarmentu handiko defentsa eta aurrelari eraginkorrak dauzka, geldikako jokaldietan arriskutsua da, eta taktika aldetik ondo landutako taldea da, izarrik ez eduki arren. Lehen garaipena nahi du etxean.
Levanteri aurre egiteko, etxetik kanpo jokatutako azken bi partidetan emandako itxura nabarmen hobetu beharko du Realak. Iruñean eta Mallorcan bezala jokatuta, oso puntu gutxi lortuko ditu. Egia da Anoetan joan den sasoitik hona sendotasuna berreskuratu izana albiste bikaina dela eta talde apalek etxean lortzen dutela neurri handi batean salbazioa, baina kanpoan ere bestelako itxura ematera derrigortuta dago, horretarako gai badelako. Espazioekin min handia egin dezaketen jokalariak baditu, atzelariei bizkarra ondo bilatzen dietenak, baina haiei etekina ateratzeko, kokapena eta presio lana hobetu beharko ditu. Ez da bakarrik jarrera kontu bat; jokoa ere hobeto interpretatu beharko du.
Ondo ezagutzen dute elkar
Partida itxia eta fisikoa espero da. Levantek hamaikako erdia aldatu du joan den sasoiarekin alderatuta. Realak, berriz, ez du hainbeste jokalari berririk. Baina, hala ere, ondo ezagutzen dute elkar, eta aurkariaren gabeziak aprobetxatzen ahaleginduko dira. Realak ezin dio Levanteri baloia Mallorca eta Osasunari bezain eroso mugitzen utzi. Egia da gustura dabilela baloirik gabe defenditzen, baina berak ere saiatu behar du ahal duenean baloiarekin jokatzen.
Gaurko dituen asmoak ezkutatu nahian ibili da Martin Lasarte. Deialdia azken partidako bera da, hau da, Agirretxe, Sutil, Estrada eta Ifran gelditu dira kanpoan. Ezkerrean nork jokatuko duen da zalantza nagusia. Griezmann uste baino lehenago osatu da, baina lan saio gutxi egin ditu taldekideekin. Sarpongen apustua ere arriskutsua da, sekula ez delako hasieratik aritu, baina noizbait egokitu beharko zaio. Aranbururen aukera ere hor dago. Bestalde, Llorentek eta Tamudok elkarrekin jokatzeko aukera geroz eta gertuago dagoela eman du aditzera entrenatzaileak. Apustu ona izan daiteke, borrokalari petoa delako hondarribiarra eta joko zuzeneko partida izan daitekeelako Levanteren aurkakoa.
Dena ez da gozamena
Etxetik kanpoko lehen partida irabazi nahi du Realak gaur Valentzian, eta, bide batez, aurkari zuzen bat atzean utzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu