Dena ez da tamaina

Errebotearen estatistikak desorekatu ohi du balantza. Bartzelonak Bilbo Basketek baino pibot handiagoak ditu, baina Bilbo Basket Bartzelona baino hobeto aritu da erreboteetan ligan. Kemena ere garrantzitsua da.

A. U.
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Saskibaloiarekin zerikusi gutxi duten kontuei buruz hitz egiteko erabiltzen da sarri tamaina dena ez delako edo tamaina garrantzitsuena ez delako esamoldea. Saskibaloian garrantzitsua da tamaina, baina ez erabakigarria. Munduko jokalari onenen sortan ale gehienak saskibaloian tamaina normala dutenak dira, bi metro edo bi metro pasatxo dituztenak, eta ez zazpi oin luze edo 2,13 eta 2,15 metro luze diren jokalari zerrendak bakarrik. Bartzelonak pibot sorta ikaragarria dauka, Bilbo Basketena baino handiagoa, eta hori aintzat hartuta, aise nagusituko litzateke beti kirol honetan erabakigarria den arloan: erreboteak. Baina ez da hala gertatu. Zergatik? Erreboteak bereganatzeko beste xehetasun batzuk ere garrantzitsuak direlako: kokapena, kemena, aurkariari bidea ixtea...

Jakina, 2,15 metroko morroskoak 1,80 denak baino errebote gehiago hartuko ditu, baina formula hori ez da magikoa. Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzailearen esana gogora ekartzea komeni: «Errebotean, kontua ez da jokalari garai gehiago edo gutxiago edukitzea. Desio handiena duenak bereganatzen du, ez jokalari handienak». Bartzelonak eta Bilbo Basketek duten pibot sorta konparatuz gero, garbia da ondorioa: hobea da Bartzelonarena. 2,17 da Perovic, 2,13 N'Dong, 2,09 Fran Vazquez eta Lorbek, eta 2,07 Terence Morris. Zentimetro asko.

Balantzaren bestaldean, 2,09 da Dimitrios Mavroeidis, 2,08 Axel Hervelle, eta txikiagoa, 2,03, Marko Banic. Xavi Pascualek hausnarketa interesgarria egin zuen finalaren atarian: «Gure pibotak handiak dira, baina Bilbo Basketek 1,95 metroko garaiera gainditzen duten jokalari asko ditu, eta horregatik dira onenak erreboteetan». Pascualek scouting edo talde azterketa bikaina egin zuen, bizkaitarrak izan baitira onenak erreboteetan liga erregularrean.

Kanporaketetan, ordea, batez besteko hobea lortu du Bartzelonak, eta bien arteko finaleko lehen deman, esanguratsua izan da kataluniarrek lortutako garaipena. Erabakigarria, azken finean. 43 errebote hartu zituen Bartzelonak, aurreko bost partidetan hartu dituenak baino zortzi gehiago. Bilbo Basketek, berriz, 31 bereganatu zituen, normalean hartzen dituenak baino lau gutxiago. Beste datu on bat. Katsikarisen taldeak 12,3 erasoko errebote lortu ditu liga erregularrean; Cajasolen ondoren, onena. Herenegun sei bakarrik hartu zituen, Bartzelonako pibotek bere saskia ezin hobeto itxi zutelako.

Sada eta Mavroeidis

Bi jokalarik lortutako errebote kopurua ere datu ona da, Bartzelona garaipena nondik lortzen hasi zen ulertzeko. Sei hartu zituen Victor Sadak, hiru erasoan, luzean 1,92 eskas bada ere. Desioa eta grina erakusten du horrek. Kantxaren bestaldean, Mavroeidisen tamainako morroskoa. Lau alderatze bakarrik bereganatu zituen, Sada baino 17 zentimetro luzeagoa izan arren. Hervellek bakarrik eman zuen neurria Bilbo Basketen. Belgikarrak bederatzi bereganatu zituen.

Bartzelonak 64 jaurtiketa egin zituen ostegunean, Bilbo Basketek baino bederatzi gehiago. Bederatzi jabetza gehiago eduki zituztela esan nahi du horrek. Nondik lortutakoak? Errebotearen bitartez. Hamasei errebote erasoan. Kopuru horri esker lortu zuen garaipena Bartzelonak lehen partidan, jaurtiketan nahiko portzentaje kaskarra lortu zuelako. %49 bikoetan eta %32 hirukoetan. Normalean portzentaje hobeak lortzen ditu Bartzelonak, eta, agian, herenegun zen eguna Palaun partida bat irabazteko. Horretarako, ordea, erreboteen borroka irabazi behar zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.