Amets egiten jarraitu nahi du Islandiak, eta ametsa egia bihurtzeko bidea jorratzen Frantziak. Eurokopako final-laurdenetako azken partidak elkartuko ditu gaur bi selekziook, Parisko Frantzia estadioan, eta irabazleak ez du sari makala izango: finalerdietarako sailkapena. Historia egiten ari da Islandia. Hain herrialde txikia izaki, inork ez zuen sartzen hain urrun iristeko pronostikoetan , baina Europa osoa aho zabalik uzten ari da, eta merezita dago dagoen tokian. Pixkanaka, puxika puztuz joan da, eta inoizko garairik onenean dira jokalariak. Konfiantzaz gainezka daude, eta galtzeko ezer ez dutela aterako dira zelaira. Frantziak, berriz, guztia galtzeko arriskua izango du. Etxean jokatzen ari da, aurkari apalagoak izan ditu orain arte—gaur ere hala izango du—, eta atzerapausoa litzateke Eurokopatik at geratzea. Hortaz, ikuskizunik ez da faltako, ilusioa faborito izatearen aurka lehiatuko baita.
Hitz gutxi erabil daitezke dagoeneko Islandiaren ibilbidea deskribatzeko. Goraipatzekoa da Lars Lagerbacken selekzioa egiten ari den lana. Islandiako futbolaren historiak ez du orrialde asko, baina kapitulurik politenak azken egunotan idazten ari da. Lehenbizikoz ari da Eurokopan, eta Europako selekzio historikoetako asko baino urrunago iritsi da. Herrialdeak 320.000 biztanle ditu guztira, 20.000 futbolari fitxa besterik ez, baina txikia handi bihurtzen ari da.
Eta horretan jarraitu nahi du. Ez du egindakoarekin konformatu nahi. Didier Deschamps Frantziako hautatzaileak atzo aurreratu zuenez, «Islandia ez dago kasualitatez final-laurdenetan», eta, zortzi onenen artean sartzeko gai izan bada, zergatik ez lau onenen artean? Multzokako fasean Hungaria, Portugal eta Austria izan zituen aurkari, eta ez zen inor baino gutxiago izan. Final-zortzirenetan, berriz, Ingalaterra kanporatu zuen, 2-1 irabazita. Hortaz, olatuaren gainean iritsiko dira final-laurdenetara. Lagerback hautatzaileak jokalari guztiak izango ditu prest, eta, ondo bidean, orain arteko hamaikako bera zelairatuko du. Erne ere ibili beharko dute, ordea. Besteak beste, bederatzi jokalarik txartel horia baitute: beste bat ikusiko balute, ezingo lukete finalerdia jokatu.
Deschamps, oso zuhur
Islandiaren egoera bikainaren jakitun da Frantzia, batez ere Deschamps hautatzaile lapurtarra, eta abisua emana die jokalariei: «Islandiaren partidak ikusi ditut, eta ondo ari da. Errespetu osoa diogu aurkariari, eta, irabazi nahi badugu, haiek adinako intentsitatea beharko dugu». Intentsitateaz gain, pazientzia eta joko ona ere beharrezko izango ditu Frantziak. Orain arte ez du distirarik egin. Multzokako fasean Errumania, Albania eta Suitza baino gehiago izan zen, baina aparteko fantasiarik gabe. Final-zortzirenetan, berriz, gorriak ikusita kanporatu zuen Ipar Irlanda. Hortaz, esnatu beharrean dago etxeko selekzioa.
Hasierako hamaikakoan bi jokalari faltako ditu, Ramik eta Kantek ezin jokatuko baitute, min hartuta daudelako. Umtiti eta Cabaye izango dira ordezkoak. Evra, berriz, garaiz osatu da. Griezmann garai onean da, eta erabakigarria izan daiteke.
Dena galdu, edo ezer ere ez
Historian lehen aldiz ari da Islandia Eurokopan, eta finalerdietarako sailkatu nahi du gaur, Frantzia garaituta. Etxeko taldea da faboritoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu