Igor Antonekin itzulia irabazteko asmo itsuarekin ekin zion Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltari. Iazko erakustaldien ondoren, dena nahi zuen bizkaitarrak. Apustu bakarra arriskutsua zela eta, Mikel Nieve sartu zuen Igor Gonzalez de Galdeano managerrak Antonen laguntzaile gisa. Hala joan ziren Italiako Girora ere, eta taldeburu lanetan amaitu zuen azkenean leitzarrak. Benidorm, Sierra Nevada, Valdepeñas de Jaen, La Covatilla, Salamanca... Baina etapa bakoitzean indarra galduz joan dira bi taldeburuak, eta taldeko arduradunen esana argia izan zen: «Etapa garaipen bat da helburua».
Horregatik da zaila atzo Vueltako hamahirugarren etapan gertatu zena azaltzea. Egurrerako gogoz abiatu ziren txirrindulariak, tartean Folgueiras de Aigas eta Ancares lehen mailako mendateak zeudela baliatuta. Ero hasi zen etapa, 31 laguneko ihesaldi batekin eta Vincenzo Nibalik (Liquigas) tarteko helmugan lortutako sei segundoko gainsariarekin. Eta are eroagoa izan zen eguneko ihesaldiaren osaketa. 50. kilometroan hasi zen gorpuzten ihesaldi hori, 27 lagunekoa, eta egonkortuta zegoenean iritsi zen mugimendu harrigarria: Nievek erasoa jo zuen, eta Antonen laguntzarekin, azkar iritsi zen aurrera —bertan ziren Gorka Verdugo eta Amets Txurruka ere, eta baita David Lopez ere (Movistar)—.
Asmoa ez zen txarra, sailkapen nagusian Bradley Wigginsengandik (Sky) 4.46 minutura zegoelako. Baina aurrean bazeuden txirrindulari arriskutsuagoak: Dani Moreno (Katuxa), Chris Sorensen (Saxo Bank), Nicolas Roche (Ag2r) eta Kevin Seeldrayers (Quick Step) tartean. Egia da lau lagunekin zegoela Euskaltel, baina hirurekin zegoen Geox, eta birekin Liquigas, Ag2r, Cofidis, Katuxa, Movistar, Omega eta Astana. Nieverekin itsututa, ordea, dena emanda aritu zen taldea. Denak ito ziren, eta azkenean ez nagusian jauzi ikusgarririk, eta ez garaipenik —Michael Albasinik (HTC) irabazi zuen, aise—.
Joaquim Rodriguezen (Katuxa) erasoa; Nibalik, Bauke Mollemak (Rabobank) eta Fredrik Kessiakoffek (Astana) aldapa behera egindako mugimendua; Morenoren beldurrez Skyk, Liquigasek, Leopardek, RadioShackek eta Astanak egindako talde lana... Tentsio handia izan zen tropelean. Gaurko egurraren atarian.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Dena nahi, eta ezer ere ez
Euskaltel-Euskadik lau lagun sartu ditu ihesaldian, Nieve tartean, baina lan gehiegi eginda, oso etekin gutxi lortu du azkeneanMichael Albasini suitzarrak aise irabazi du hogei laguneko ihesaldiko esprinta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu