Denak bakar baten itzalean

Gaur hasi eta maiatzaren 26ra bitarte jokatuko da Italiako Giroaren 107. aldia. Ibilbide nahiko berritzailea izango du, eta irabazteko faborito argi bat: Tadej Pogacar. Euskal herritarrik ez da ariko 1986az geroztik lehen aldiz.

Tadej Pogacar, zaleak agurtzen, Giroaren aurkezpenean. LUCA ZENNARO/EFE
Tadej Pogacar, zaleak agurtzen, Giroaren aurkezpenean. LUCA ZENNARO/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko maiatzaren 4a
05:05
Entzun

Itxura batean, ez du zirrara handirik eragingo Giroa irabazteko borrokak. Galdera ez da nor nagusituko den, baizik eta Tadej Pogacarrek (UAE) noiz eta nola azpiratuko dituen aurkari guztiak. Esloveniarrak dena du alde bere lehen Giroan maglia arrosa irabazteko. Haren mailatik oso urrun daude beste hautagai guztiak, eta podiuma izan beharko dute helburutzat. Tourraren aldean parte hartze apala izango du Giroak, azken urteetan bezala. Alabaina, xarma berezia du oraindik ere, eta aurtengo ibilbideak, zenbait aldaketa tarteko, joko handia eman dezake.

Formula berria

Gogortasuna ez da beti ikuskizunaren berme. Mendiko etapa luzeek sona handia eman diote Giroari, baina azken urteetan ez dituzte zaleak besaulkitik altxarazi. Bada, txirrindulariak xaxatze aldera, apustu ezberdina egin du aurten Italiako lasterketak. Azken txanpa ohi baino leunagoa izango da, eta hasieran, aldiz, etapa garrantzitsuak izango dituzte. Ohi baino desnibel gutxiago metatuko dute, eta lau etapak bakarrik izango dute 200 kilometro baino gehiago.  

Oropako santutegian bukatuko da biharko etapa, eta beste bost amaiera egongo dira tontor batean. Zortzigarren etapak Prati di Tivon izango du helmuga, 10.ak Cusano Mutrin, eta 15.ak Livignon. 17. etapan Stelviora iritsiko da tropela, baina hasierako kilometroetan egingo diote aurre. Amaieran Pinei eta Val Gardena izango dituzte zain. Biharamunean birritan igoko dute Brocon, eta Grappa ere bi aldiz gaindituko dute azken-aurreko etapan.

Aurtengo bereizgarria, mendateak baino gehiago, erlojupekoak izango dira. Lehenengoa zazpigarren lasterketa eguneko lehia izango da: 40 kilometroko saioa egingo dute, etzana gehienbat, baina aldapatsua bukaeran. Handik zazpi etapatara iritsiko da bestea: 31 kilometro lau izango ditu.

Hasi eta buka, arrosaz?

Hasterako, oinpean du Giroa Pogacarrek. Antolakuntzak diruz erakarri du, eta ibilbidea ere haren neurrira egin du. Tourrera begira ez du hainbesteko nekaturik hartu beharko, eta erlojupekoan alde handiak atera ditzake, mendateetan bezalaxe. Gaur etapa bihurri batekin hasiko da lasterketa, eta ez litzateke harritzekoa izango esloveniarrak janztea lehen maglia arrosa. Hortik aurrera, Giroa ibilaldi bat izan liteke harentzat, lasterketa bat baino gehiago. Aukera paregabea du hiru urteren buruan itzuli handi bat irabazteko. Hirugarrena izango luke, 2020ko eta 2021eko Tourren ondotik.

Ziklismoa eraberritu duten belaunaldiko ziklistetarik bereziena da Pogacar. Erakustaldiak egiten ditu, doan tokira doala, eta Giroari ere bere zigilua jarri nahiko dio. Ezbeharrik gertatu ezean, nekez egingo dio ihes garaipenak. Gaitasun aldetik aurkariak baino askoz ere gehiago da, eta, denek bat eginda ere, zaila izango da izarraren nagusitasuna kolokan jartzea. Pogacarrek, asko jota, bere burua izan dezake aurkari, balentria handi bat egiten itsutuz gero. Indarrak neurtzen ere ona da, ordea. Talde sendoa izango du kontrol lana egiteko. Hori bai, lasterketa luze egin dakieke lidergoa hasieratik defendatu behar badute.

Esperientziaren balioa

Giro hau Pogacar lehiatuko den seigarren itzuli handia izango da. Haren aldean, askoz ere eskarmentu handiagoa du Geraint Thomasek (Ineos): hemeretzi itzuli handi egin ditu orain arte. Iaz azken momentuan galdu zuen maglia arrosa, eta aurten ere podiumera igo nahi du. Urrun gelditzen zaio koskarik altuena, baina bigarren izateko hautagairik fidagarriena da. Urteko saio nagusietara iritsita, haren errendimenduak ez du gorabeherarik izaten. Damiano Caruso (Bahrain) ere oso erregularra da, Giroan batez ere: laugarren izan zen iaz, eta bigarren 2021ean. Emaitza apalak lortu ditu aurten, baina aurrean ibiliko da ziurrenik.  

Romain Bardetek (DSM) ere eskarmentu handia du hiru asteko jardunean, eta sasoiko iritsiko da Girora: bigarren izan zen Liege-Bastogne-Liegen, Pogacarren atzetik. Hiru bider lehiatu da Giroan, eta zazpigarren postua du emaitzarik onena. Ben O’Connor (Decathlon) ere laugarrenez ariko da. Apal aritu da aurreko aldietan. Australiarrak 2021eko Tourrean jo zuen goia: laugarren sailkatu zen. Behera egin du geroztik. Aurten, olatu gainean dabil Decathlon taldea, eta aparraldiari etekina atera nahi dio O’Connorrek. Maldan gora hark euts diezaioke gehien Pogacarri.

Gazteen ilusioa

Beteranoak ez ezik, gazteak ere badaude faboritoen sailean. Antonio Tiberi (Bahrain) da horietako bat. Aurreneko Giroa du, eta Carusorekin partekatuko du taldeko lidergoa. Bost onenen artean egon nahi du. Cian Uijtdebroeksentzat (Visma) ere lehen Giroa izango da, eta hura ere sailkapen nagusian lehiatzera doa. Zortzigarren izan zen iazko Vueltan, baina ez du berme handirik ematen. Hainbestean aritu zen aurten Tirrenon, eta makal Katalunian. Thymen Arensmanek (Ineos) ere kale egin du Romandian. Askatasuna eta erregulartasuna izanez gero, hamar onenen artean sar daiteke. Bestela, luxuzko laguntzaile bat izango du Thomasek. Halaber, ikusteko dago zer funtzio daukan Florian Lipowitzek (Bora). Teorian Daniel Felipe Martinez izango du taldeburu, baina kolonbiarra ez da batere fidagarria, eta Romandian harrigarri ibili da Lipowitz.  

Euskal herritarrik ez

Euskal txirrindularirik onenek Tourra dute begiz joa, eta bakar bat ere ez da Giroan lehiatuko. Datu deigarria da, 1986az geroztik euskal herritarrak hutsik egin gabe aritu baitira Italiako proban. Gehien, 2006an aritu ziren: hamasei. 1997an, berriz, bakarra irten zen: Arsenio Gonzalez. Azken hamarkadan, Mikel Landak (Soudal) eta Pello Bilbaok (Bahrain) lortu dituzte emaitzarik onenak: Landa bi aldiz izan da hirugarren, eta hiru etapa irabazi ditu; Bilbaok, berriz, bi garaipen partzial lortu ditu, eta hiru bider sartu da sei onenen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.