Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa

Denak, baten aurka

Iragarpen denetan Espainia da irabazteko faborito nagusia, darabilen joko ereduarekin orain arte menderaezina izan delakoEspainiarren aurkari handienek antzeko eredua erabiltzeak ikuskizuna handitu dezake

Denak, baten aurka.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Hamasei selekzio. Eurokopa jokoan. Lau multzoetako partiden zerrenden azpian edo alboan daude jarrita sailkapenak, edonon begiratzen dela ere. Talde guztiak punturik gabe dira. Baina, lehiaketa guztietan gertatzen den bezala, batzuek besteek baino gehiago gizenduko dute puntuen zakua. Aldez aurretik iragartzea betebeharra denez, hamasei selekzioak banatuta daude faborito izaera oinarri hartuz. Eta denen artean, bat azaltzen da kiniela orotan: Espainia.

Hamabostak bat horren aurka. Espainiarren nagusitasuna ez da gaur goizekoa. Duela lau urte jarri zuen lehen zutabea, 2008ko Belgikako eta Herbehereetako Eurokopa bereganatuz. Handik bi urtera, bigarren zutabea ipini zion nagusitasunaren eraikinari: Hegoafrikako Munduko Kopa irabazi zuen. Irabazteari irabaztea kateatze horren azpian jokatzeko eredu zehatza dago. Baloia izatearen bidez, aurkariak txiki uzten ditu, ia batere aukerarik gabe. Garbi dago, eredu horren beste obra zoragarri bat sortzen badu, nora joango den kopa.

Hamabosteko horretan, denetik dago, jakina. Guztiak ez dira maila berekoak. Ametsik gozoenean ere ez lukete Espainia menderatuko batzuek. Beste zenbaitek, berriz, badute gaitasuna faborito nagusiari kopa kentzeko. Multzo horretan daude Alemania eta Herbehereak. Eta erne Frantziarekin. Hirukote hori baino koska bat beherago daude gainerakoak, Ingalaterrak eta Portugalek besteek baino izen entzutetsuagoa eduki arren. Italiaren lana nolakoa izango den ez dago argi, eta bigarren faboritoekin batera ibil daitekeen bezala joan daiteke gehienak dauden lekura.

Horra aldez aurreko iragarpenen koadroa. Markoa Eurokopa da. Txapelketa aurrera doan heinean, kolore batzuek hartuko dute indarra besteen kaltetan. Biziagoak edo ilunagoak izango dira deigarrienak. Baina ematen du, koadroaren barruan dauden selekzio ia denek margotzeko antzeko moldea erabiliko dutela: faborito nagusiarena, Espainiarena.

Futbola etengabeko bilakaeran da. Ez dago dena asmatua. Ez da garai batean bezala jokatzen, eta garai hori ez dago oso urruti. Nabarmena da azken urteetan baloiaren jabetzan oinarritzen den ereduak ugaritu egin dituela jarraitzaileak. Alemania, kasu. Denbora asko ez dela pentsatu ere ez zen egingo alemaniarren bilakaeraren inguruan. Indarra nagusi zen lekuan, trebetasuna txertatu dute, eta talde hobea da orain. Herbehereak bide horretan aspalditik daude, eta sendotasuna eta indarra gehitu diote orain, azkenaldian oso beharrezkoa baitzuten.

Helduak eta gazteak

Banan-banan aztertuz gero selekzio guztiak, ondorioa agerikoa da: gero eta gehiago lantzen dute baloia izatea, lehen hainbeste garrantzia ematen ez zitzaion arloa ia-ia funtsezkotzat daukate askok eta askok. Ikusi dute Espainiaren bidea eraginkorrena dela. Gero, jakina, horrela jokatzeko jokalariak behar dira, eta ez daude leku guztietan halakoak. Hala ere, talde gehienek bide hori hartu izanak mesede egingo dio ikusgarritasunari, futbolean ikusgarri aritzea edozein eratara ondo jokatzea bada ere. Ematen du molde edo eredu hori nagusituko dela lehiaketan, nahiz eta txapelketaren laburrak arrisku gutxi hartzera bultzatzen duen oro har.

Lehiaketa guztietan bezala, hemendik hilabete barru jokalari batzuen inguruan asko hitz egingo da. Izarrak beti argitzen dituzte halako txapelketek. Honetan ere, selekzioen jardunean bezala, iragarpenak egin beharra dago, eta, ohi den bezala, izen batzuk denen ahotan daude: Andres Iniesta, Robin Van Persie, Arjen Robben, Karim Benzema, Frank Ribery, Zlatan Ibrahimovic, Wayne Rooney —lehen bi partidetan zigortuta egon beharko du—, Cristiano Ronaldo eta beste batzuk.

Gero, txapelketak berak utziko ditu bere lekuan. Denak dira dagoeneko izarrak, eta batzuek distirarekin segituko dute gero ere, lehiaketa bikaina jokatzeagatik. Beste batzuek argi horien itzalpean egon beharko dute. Izar berriak ere sortuko dira. Gazteagoak. Beti gertatzen da horrela, eta oraingoan ere izen berriak ikasi beharko ditu futbolzaleak. Multzo horretan sar daitezke Christian Eriksen danimarkarra, Luka Modric kroaziarra, Sebastian Giovinco italiarra, Sotiris Ninis greziarra, Jevhen Konoplianka ukrainarra eta beste hainbat.

Txapelketaren aurretik talde denak eta jokalari mordoa izan dira hizpide bazter guztietan. Hemendik hilabetera, garaileak hartuko ditu toki guztiak, eta jokalarien artean, izarrak bakarrik ibiliko dira hitzetik hortzera. Beste guztia datuetan geratuko da, inor gutxik begiratzen dituen horietan. Baina Eurokopa denena da, onena, hain onak ez direnena, garailearena, galtzaileena... Guztiak sartuko dira historian, eta ematen du, ia denek jokatzeko eredu baten alde egiteagatik gogoratuko dela txapelketa hau. Mugarria izango al da alde horretatik? Baliteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.