Oscar de Marcos. Athleticeko jokalaria

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
Lezama
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Badira bizitza osorako diren maitasunak, eta Oscar de Marcosek (Guardia, Araba, 1989) Athleticekin duena horietako bat da. Eskuin albokoa Athleticen historiako partida gehien jokatu dituen bederatzigarren jokalaria da, eta bere izaerak zale zuri-gorrien erreferente bilakatu du. Bizkaiko taldea bihar estreinatuko da Ligan, Mallorcaren aurka, San Mamesen (17:30).

Nola zaude denboraldi berri baten atarian? Zein da zure egoera fisikoa?

Egia esan, ondo nago. Urtez urte nabil, nire egoeraren arabera jarraitu edo gelditzeko. Dudan adinarekin, gauzak aldatu egin daitezke urte batetik bestera, eta okerrago sentitzeko arriskua dago. Oraingoz, jokatu ditudan partidetan ondo sentitu naiz fisikoki, eta gozatzen ari naiz.

Nola ikusi duzu taldea?

Oso gauza onak ikusi ditut. Denboraldiaurre honetan, uste dut hainbat jokalari indarrez sartu direla, eta gazteek ere oso maila ona erakutsi dute. Orokorrean, taldea prest ikusi dut denboraldi berrirako.

Denboraldiaurreak zer sentipenutzi dizkizu?

Liga handietako taldeekin neurtu dugu geure burua, azken denboraldiaurreetan egin ohi dugun moduan. Egia da liga batzuk fisikoki Espainiako liga baino indartsuagoak direla, baina, taktikoki, asko laguntzen digute horrelako lagunartekoek. Ondo ibili gara orokorrean. Taldeak ondo egin du lan, emaitza onak lortu ditu, eta batez ere sentipen onak utzi ditu. Hori da garrantzitsuena.

Gazteak nola ikusi dituzu? Athleticek ziurtatuta dauka etorkizuna?

Alde horretatik, oso pozik nago, eta Athleticzalea naizenez, Sancet, Zarraga, Serrano, Williams, Vivian, Vencedor... moduko jokalariak zelairatzeak ilusioa egiten dit. Azkenean, jokalari askok aurrerapausoa eman dute, eta garai egokia da horretarako. Urte asko geratzen zaizkie aurretik jokalari horiei guztiei. Joan diren eta joango garen jokalarien lekukoa hartu behar dute, eta belaunaldi honek ilusioa sortzen dit. Behetik ere oso jokalari onak datoz, eta garrantzitsuak dira Athleticentzat.

Valverde itzuli da, eta lehendik ezagutzen zutenetako bat zara. Pozten zara itzuli delako?

Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Lau urte eman genituen elkarrekin, eta hori, azkenean, futbolean asko da, eguneroko bizitzari dagokionez. Era berean, oso urte onak bizi izan genituen, Europan sartzea lortu genuen sasoi guztietan, eta Espainiako Superkopa ere irabazi genuen. Pozten naiz harekin egoteaz. Ernestok guztiari normaltasuna ematen dio, eta horrek lagundu egiten du.

Zer eskatzen dizue Valverdek?

Entrenatzaile bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ernestok [Valverde], adibidez, partida osoan eta ahal dugun gehien aurkako zelaian estutzeko eskatzen digu. Taldeari ondo datorkiola uste dut, saiatu egiten gara, eta denboraldi honetan ezaugarrietako bat izango da.

Jokamoldean aldaketak sumatu dira. Nolako Athletic ikusiko dugu ligako lehen jardunaldi honetan?

Askotan aurkariaren esku dago. Aurkariak zure jokoa egiteko orduan baldintzatzen zaitu. Egia da denboraldiaurre honetan hainbat alderdi landu ditugula egoera hauek gertatzen badira. Hala ere, barrutik jokatzen duten jokalari asko ditugu, paseen bidez baloia kontrako eremuraino eramateko. Prestakuntzari dagokionez, Valverdek zelai erdian lehen izaten genuen baino erdilari erasotzaileago bat jarri du. Horrek, jakina, gehiago emango digu erasoari dagokionez, baina arrisku handiagoa eman diezaguke defentsan. Pixkanaka-pixkanaka gure joko estiloa zehaztuz joango da.

Nola ikusten duzue zuen lehen aurkaria, Mallorca?


Hasieran, badirudi bosteko lerroko defentsa batekin jokatuko dutela, bi alboko erasoan, eta bi aurrelarirekin batera. Oraingoz, zalantzak daude azken postu horretan. Iazkoen antzeko jokalariak dira, eta ondo ezagutzen ditugu. Haiek ere ondo ezagutzen gaituzte gu. Hala ere, haiek egiten dutena baino gehiago, guk egin behar dugun horretan jarri behar dugu arreta. Partida etxean jokatuko dugu, eta hasieratik garaipenaren bila joango gara, hori da nahi duguna.

Lehia handia dago eskuin hegalean. Capa eta Lekuerekin batera jokatuko duzu postua. Nola ikusten duzu borroka hori?

Nik beti esan dut lehia ona dela. Azkenean, postu bereko jokalariak edukitzeak eta denek parte hartu nahi izateak zure onena ematera behartzen zaitu. Denok hamaikakoan egon nahi dugu, eta denboraldiaurrean hori ikusi da. Alde horretatik, lehia baliagarria dela uste dut, eta ni ahal dudan ondoen entrenatzen naiz, nire kideek egiten duten moduan.

Jarraian bosgarren denboraldia izango da Europako txapelketarik jokatzen ez duzuena. Zu, egia esan, ez zaude oso ohituta horretara.

Athleticen eman ditudan hamalau denboraldietatik zazpitan Europan jokatu dut, eta honekin zazpi dira jokatu ez ditudanak. Horietako bost jarraian etorri dira. Egia da denbora asko daramagula Europatik kanpo, baina, beste urte batez, Europan sartzea da taldearen helburua. Aurreko sasoian, atarian geratu ginen, eta ez da gertatzen zaigun lehen aldia. Oso zaila da hori lortzea, baina gure helburua izan behar du.

Badakigu zer ematen digun Europan sartzeak, badakigu zer den zaleentzat eta klubarentzat. Gure filosofiarekin jarraitzeak oso garrantzitsua egiten du Europan sartzea, zer egiteko gai garen erakutsi, eta Europan geure buruari ikusgaitasuna eman ahal izateko. Balioa ematen dio egiten dugunari.

Talde honi Europan sartzea eskatu behar al zaio?

Ez dakit eska dakiokeen ala ez, baina horregatik borrokatu behar dugu. Gero, denboraldi amaieran ikusiko dugu lortzen dugun ala ez, baina borrokan jarraituko dugu, azken sasoietan bezala. Aurrerapausoa ematetik gertu egon ginen partida erabakigarrietan. Baina ez genuen urrats hori egin, eta hori zuzentzen saiatuko gara.

Zergatik uste duzu zaila egiten zaizuela aipatu duzun urrats hori egitea?

Zaila da. Gainera, ez da 38. jardunaldian izan, Europan sartzeko aukera aurreko jardunaldietan ere izan dugu, eta huts egin dugu. Azkenean, giroan sartzen den zerbait da. Zerbait ondo ateratzen ez zaizula uste duzunean bezala, eta egin aurretik badakizu gaizki egingo duzula. Hori burutik kendu behar dugu, eta denok bultzatu, egokitzen zaigun egoeratik. Guztion artean emango diogu buelta honi. Aurrerapausoa eman, eta Europan sartu behar dugu, aurreko urteetan izan genuen dinamika on hori berreskuratu. Uste dut lortuko dugula.

Koparen urtea izan daiteke?

Nik urtero moduan ikusten dut. Egia da lehiaketa honetan urrutira iritsi garela azken urteetan, eta argi dago dena eman dugula irabazteko. Finaletan ezin izan dugu, baina saiatu gara. Bost final galdu ditut, eta sei izan behar badute, sei izan daitezela. Beste final batera iristen saiatuko gara.

456 partida jokatu dituzu lehen taldearekin, eta bederatzigarrena zara partida gehien jokatu dituena Athleticen historian.

Ez nuen imajinatzen, eta ez dut sinesten orain ikusten dudanean. Ez naiz inorentzat erreferente sentitzen. Etorri nintzen lehen egunean bezala jarraitzen dut. Gustatzen zaidan zerbait da, eta, daukadan adinarekin, egunez egun gozatzen dut. Sailkapena ikusi, eta bederatzigarrena naizela ikusten dudanean... Erokeria iruditzen zait, eta ez dut sinesten. Harro egoteko modukoa da niretzat.

Hamalaugarren denboraldia izango duzu klubean. Aurrera egiteko indarrez ikusten duzu zeure burua?

Egia esan, azken bi sasoi hauetan hasi naizenean, azkena izango zela uste izan dut. Gero jokatu egin dut, ondo egon naiz, eta klubak jarraitzea nahi izan du. Logikoki, ondo zaudenean eta jokatzen duzunean, badirudi inoiz ezin duzula esan «honaino iritsi naiz». Egia da noizbait nire amaiera izango dela. Hamalau denboraldi daramatzat klubean, eta ez dakit hau izango den azkena, baina izango balitz bezala gozatuko dut. Argi daukat hemen amaituko dudala.

Klausularik gabeko kontratu batekin berritu zenuen, zure taldekide batzuek bezala.

Athleticek nire gain agintzeko eta klubarentzat egokiena zena egiteko egin nuen. Athleticek asko eman dit, nik horrela sentitzen dut, eta atsegin dut nigan konfiantza duen jendearekin esker ona izatea. Athleticen, klubean ez ezik, zaleengandik ere oso maitatua sentitu naiz, eta eskertzeko modu bat da.

Atzeman dituzue aldaketak Jon Uriarte etorri denetik?

Oraindik oso goiz da, denbora gutxi daramate ezberdintasunak nabaritzeko. Oraingoz, oso gertukoak direla ikusi dugu. Uriarte pertsona arrunta da, eta naturaltasun osoz tratatzen gaitu. Futbolari dagokionez, Lezamako pertsonei uzten dizkiete kirol arloko erabakiak, eta haiek klubaren beste alderdi batzuk lantzen dituzte, asko baitira.

Denboraldi honetan, San Mamesek lau mila pertsonako animazio harmaila izango du. Taldeari lagunduko diola uste duzu?

Pozez zoratzen nago. Animazio harmaila hori ikusteko gogoa dut, eta uste dut puntu asko emango dizkigula. San Mameseko giroa oso garrantzitsua da guretzat beti, eta, partidetako une zailetan, zaleei entzuteak indarra ematen digu. Kanpoan jokatzen dugunean ez dugu hori izaten, eta sekulako aldea dago.

Helburu pertsonalik ezarri diozu zeure buruari denboraldi honetarako?

Pixkanaka noa, ondo entrenatzen, eta entrenatzailearentzat ahalik eta baldintza onenetan egoten saiatzen. Nahiago dut egunez egun joan, neure buruari helbururik jarri gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.