Etxeko lanak agudo, denborarik galdu gabe ari da egiten Osasuna. Sasoia duela hiru aste bukatu zuen, eta ordutik urrats handiak egin ditu proiektu berria taxutze aldera. Lehenik, liga amaitu berritan, Braulio Vazquez izendatu zuen kirol zuzendari. Hori berehala jarri zen entrenatzaile apropos baten peskizan, eta bilaketa azkar batean burutu du. Aukeratua Diego Martinez da (Vigo, Galizia, 1980), orain arte Sevilla B-ko teknikari izana. Akordioa lortu dute bi aldeek, eta soilik sinatzea falta da. Tratuaren berri datorren astean emango du Nafarroako klubak, behin Bigarren Mailako sasoia bukatua dela —asteburu honetan amaituko da liga—. Bi denboraldirako kontratua sinatuko du teknikari galiziarrak Osasunarekin, eta ez da bakarrik etorriko Iruñera, lau laguntzaile ekarriko baititu.
Iragan sasoiko esperientziaz jakitun, Osasunako agintariek lehenbailehen abiatu nahi izan dute proiektu berria. Joan zen urtean, Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatu zuenez, Nafarroako taldeak oso berandu bukatu zuen denboraldia, eta gero ez zuen betarik izan taxuzko planifikazio bat egiteko. Hori gogoan izanik, entrenatzaile bat arrapaladan aurkitzeko agindu dio zuzendaritzak Brauliori. Hasieratik Diego Martinez izan da zerrendako aurreneko postuan, eta aurki bihurtuko da gorritxoen teknikari. Osasunak nahi zituen ezaugarriak ditu Diego Martinezek: ohituta dago harrobiarekin lan egitera, eta badaki zer den Bigarren Mailan aritzea. Sasoi honetan egin du estreinakoa Espainiako Bigarren Mailan, Sevilla B-rekin, eta haren jardunak gorritxoen arreta piztu du.
Entrenatzaile oso gaztea da Diego Martinez —36 urte ditu soilik—, baina ez da hasiberria teknikari lanean. Lehenik, jokalari gisa bidea egiten saiatu zen, baina amore eman zuen 20 urterekin, gora egiten ez zuela ikusita. Orduan, aulkiei begira jarri zen. Gorputz Hezkuntzako ikasketak egin zituen, eta 25 urte baino ez zituela, Hirugarren Mailako Arenas de Arnilla zuzentzen hasi zen, Granadan (Espainia). Hortik Motrilera joan zen, eta igotzea lortu zuen bertan. Ordura arte soilik futbolaren alde apala ezagututakoa zen, baina 2009an, Ramon Rodriguez Monchi-k, orduan Sevillako kirol zuzendari zenak, deitu zion, Espainiako taldeko kirol egituran sartzeko eskatzeko.
Metodologiaren esparruan hasi zen lanean Diego Martinez, batik bat teknifikazio kontuetan zentratuz. Hurrena aulkietara egin zuen salto: Sevilla C zuzendu zuen lehenik, eta gazteen Ohorezko Mailako taldea ondoren. Azken horrekin klubaren historiako lehen Txapeldunen Liga irabazi zuen, 2012an. Diego Martinezen jarduna ez zen oharkabean pasatu, eta lehen taldera igo zuten, laguntzaile gisa jarduteko. Bertan, besteak beste, Jose Miguel Gonzalez Michel eta Unai Emeryrekin egin zuen lan, eta 2014an, Europa liga irabazi zuen hondarribiarrarekin. Haren eskuineko esku bihurtzeko aukera izan zuen orduan Diego Martinezek, baina nahiago izan zuen prestatzaile lanera itzuli.
Azken hiru urteak Sevillaren bigarren taldean eman ditu. Lehen sasoian, Bigarren B Mailan mantendu zuen taldea, eta hurrengoan, Bigarren Mailara igo. Mailako bigarren talde bakarra izan da sasoi honetan Sevilla B, eta maila harrigarria eman du. Jaisteko hautagai garbienetako bat izanagatik, ez du estutasunik igaro, eta, azkenean, aise eutsi dio mailari. Diego Martinez bikain aritu da gidaritza lanean, eta lehen taldea zuzentzeko aukera irabaztear izan da. Bere alde egiteko prest zegoen Monchi, baina hori, azkenean, Erroma aldera joan da. Hala, Eduardo Berizzok ordeztuko du Jorge Sampaoili, eta Diego Martinez Osasunan ariko da.
Estiloa, jokalarien menpe
Erasoko jokoaren zalea da. Bere taldeek ondo jokatzea, sakontasuna izatea eta presioa goian egitea gustatzen zaio, baita, behar denean, kontraerasoak ondo antolatzea eta erdiraketak ondo defendatzea ere. Nolanahi, ez da estilo zurrun bat inposatu zalea; nahiago du unean eskuragarri dituen jokalarietara moldatu. Haren hitzetan, «entrenatzaile ona izateko, norberak dituen jokalariei zukua ateratzeko egokiena den jokamoldea aurkitu behar da». Hori egin nahiko du Iruñeko taldean.
Futbola du pasio, eta ordu asko eskaintzen dizkio jokalarien eta talde teknikoaren lana aztertzeari. Teknikari gisa, etengabe saiatzen da hobetzen: «Asko gustatzen zaizkit Bayer Leverkusenek egiten duen presio aurreratua, Juergen Kloppen Borussia Dortmundek izandako dinamismoa... Baina baita Ferran Adria sukaldariaren sormen prozesua edota zinema zuzendarien lana ere. Inguruan dudan jendearen bertuteak xurgatzen ahalegintzen naiz». Halaber, harrobiko lanaren aldekoa da; haren hitzetan, «hunkitu» egiten da haztegiko gazte batek debuta egiten duenean.
Gauzak hala, 2014ko abenduan Luis Sabalza klubeko lehendakari kargura iritsi zenetik taldeak izango duen seigarren entrenatzailea izango da Diego Martinez. Jan Urban, Jose Manuel Mateo, Enrique Martin Monreal, Joaquin Caparros eta Petar Vasiljevic eseri dira haren aurretik aulkian Sabalza buru zela. Datorren astetik aurrera galtzak bete lan izango ditu Diego Martinezek, taldearen osaketari heldu beharko baitio Brauliorekin batera. Bi lan ildo izango dituzte: jokalariak fitxatzea eta kontratua daukaten jokalarien etorkizuna zehaztea.
Denborarik galdu gabe
Osasunak eta Diego Martinezek akordiorako oinarria lortu dute Sevilla B-ko entrenatzaileak zuzen dezan Iruñeko taldea hurrengo bi denboraldietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu