Denen kutuna

Takashi Inui japoniarra ondo ari da moldatzen Eibarren. Antzematen zaio Alemanian lau urte jokatu eta gero heldu dela Euskal Herrira. BERRIArekin egon da, eta futboleko kontuez gain, bere eguneroko bizimoduaz ere aritu da.

Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Sakelakoa eskuan duela, kontu kontari dabil Takashi Inui(Omihachiman, Japonia, 1988). Ipurua kanpoaldean da, bertako Txokoan bazkaldu berritan. Aurretik, Arrasaten (Gipuzkoa) egona da, taldekideekin ohiko entrenamendua osatzen. «Semearekin ari da hizketan. Japonian, zortzi ordu gehiago dira, eta semea oheratzear da». Atsu itzultzailearen azalpena da hori, BERRIArekin elkartu eta berehala.

Bakarrik dago Inui orain, Eibarreko jokalaria. Familiaren bisita izan zuen duela aste pare bat, baina itzuli dira. «Gogorra da horrela egotea», dio itzultzaileak. Hizketan jarraitzen du Inuik, eta argazkilariaren etorrerak etenarazi dio etxekoekin solasaldia. Ipuruan barrena sartu, zelaian argazkiak atera, eta kanpoko taldearen aulkian eseri dira Inui eta Atsu.

«Zer moduz Eibarren?»; kazetariaren aurreneko galdera. «Oso ondo, oso ondo», erantzun du Inuik, gazteleraz. «Ia dena ulertzen du», gehitu du itzultzaileak: «Orain dauka gazteleraz ikasteko eskola». Uda honetan fitxatu zuen Eibarrek. Alemanian ari zen, Eintracht Frankfurt taldean. Hiru denboraldirako kontratua sinatua du, eta hitzarmenaren iraupena gogorarazi zaionean, irribarre egin du. Pozik da, gustura, eta erabakia hartu izanaren batere damurik ez du; nahiz eta ez zuen piperrik ere ezagutzen Eibarren inguruan: «Eskaintza bakarra izan nuen, Eibarrena, eta segituan hasi nintzen galdezka ezagutzen zutenei. Erantzun onak bakarrik jaso nituen», gogoratu du. «Azkar eman nion erantzuna Eibarri», gehitu du. Nola zitekeen ezagutu ez taldea eta azkar ematea baiezkoa? «Espainiako Ligan aritzeko aukera da niretzat, eta hori izan da beti nire ametsa».

Galdetu zuenean Eibarren inguruan, esango zioten talde txikia baina abegikorra dela, berezia, eta, hain zuzen, ezaugarri horrekin dago zoratzen: «Familia baten antzekoa da taldea, eta jokalarien artean oso giro ona daukagu. Elkartasun hori asko gustatzen zait». Txokoan denak elkarrekin jateari aparteko garrantzia ematen dio. Ez ei zen horrelakoa bere aurreko taldea, Eintracht: «Hemen daukaguna han falta da, alde horretatik. Baina han ere pozik egon nintzen».

Taldeaz ez ezik, bizilekuz ere aldatu egin behar izan du, eta hori bai izan dela aldaketa handia: hiri handi batetik herri batera. Azkar eta ondo moldatu da, baina: «Oso pozik nago herrian. Ez zait axola herria txikia izatea. Ondo dago». Taldekide batzuk zaleak dira arratsalde-pasa Bilbora-eta joaten, baina japoniar txikiari etxeko gozotasuna gehiago gustatzen zaio: «Lasai egotea gustatzen zait, atseden hartzen, eta etxean daukat aukera onena horretarako». Gerora taldekideekin batera eta bestera mugitzea, ordea, ez du baztertu: «Ikusiko dugu gero».

Solasaldiaren erdian, zelaia zaintzen duen langileetako bat eseri da gertu. Ezagutzen dute elkar Inuik eta langileak, eta elkarri izena ozen esanez agurtu dira. Lehentxeago, Dani Garcia taldekideak egin dio oihu aldagelen sarreratik, eta Inuik azkar erantzun dio: «Dani!». Denen kutuna da. Den lekukoa delako, gorpuzkera txikia duelako eta taldekideentzat ere berria delako Japoniako jokalari bat taldean izatea.

Bakarra da Espainiako Ligan. Hau azaldu du: «Japoniar jokalariok bizkorrak gara fisikoz, eta abilak teknikaren alorrean. Espainian badaude horrelako jokalariak, eta ez dute kanpora joan beharrik antzekoen bila». Alemanian ez da hori gertatzen, eta Atsuk ere bere iritzia eman du, datuetan: «Alemanian, hogei bat jokalari japoniar ari dira».

Bat Inui zen, baina orain Eibarren dago, eta buruan ez dauka beste asmorik: «Eibarri beti eman beharko dizkiot eskerrak Espainiako Ligako ateak irekitzeagatik, eta orain, nire nahia eta helburua da aukera hori eskertzea, taldeari lagunduz eta ondo jokatuz». Ondo hasi da Inui bera ere, eta bide horretatik jarraitzen badu, agian Eibar jauzia emateko taldea izan dezake: «Orain ez dut horretan pentsatu nahi. Hemen nago, pozik, eta burua Eibarren daukat», itxi du gaia serio antzean jarrita.

Ezin, baina, aldartea aldatu hurrengo hizketagaiarekin ere: Japoniako selekzioa. Hemeretzi bider jokatu du herrialdeko taldean, eta gutxi deritzo: «Ez dakit zergatik ez didaten gehiagotan deitzen. Agian, nire lekuan jokatzen duten jokalari gazteak ari dira ateratzen Japonian, eta haiei ematen diete aukera. Horregatik izan daiteke», azaldu du etsita.

«Taldea oso ondo ari da»

Japoniako hautatzailea, Vahid Halilhodzic, jakinaren gainean egongo da Inui ematen ari den itxuraz. Zuzenean ez bada, hango kazetarien bidez izango du aukera, ohikoa baita Japoniako hedabideetako langileak Ipuruako kazetarien harmailan ikustea, Inuiren lanari segika. Kontatuko diete herrikideei Eibarreko japoniarra ondo ari dela, taldea bezalaxe. «Gauzak garbi esanda, oso ondo gabiltza. Sendo gaude, eta konfiantzarekin ari gara». Etzi duteInuik eta taldekideek beste garaipen bat lortzeko aukera, Getaferen aurka, eta bigarrenez jarraian, Ipuruan: «Irabaziko dugu», esan du indartsu Inuik.

Hala bada, Eibarren berri jakiten jarraituko dute Japonian, eta ez bada irabazten ere bai, Eibar eta bere historia ezagunak bihurtzen ari baitira herrialde hartan: «Ni hemen egotea aukera da Eibar Japonian ezagutarazteko, eta horretan ere laguntzeko aukera badut, ni gustura», azaldu du, elkarrizketa amaitu, eta gaztelerazko eskolara abiatu aurretik. «Eskerrik asko», esanez egin du agurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.