Denetarik izan du Espainiako Kopako final-zortzirenetako zozketak euskal taldeentzat. Athleticek izan du zorte gutxien. Vila-realen aurka jokatuko du. Hori gutxi balitz bezala, zorterik ere ez du izan kanporaketako partiden ordenarekin. San Mamesen jokatuko du joanekoa, urtarrilaren 6an, eta Madrigalen itzulikoa, astebete geroago. Eibarrek ere etxean ekingo dio kanporaketari, eta etxetik at jokatuko du bigarren partida. Baina bada alde nabarmena Athleticekin alderatuta. Aurkari samurragoa izango dute eibartarrek; Las Palmas, hain zuzen ere.
Estatistikei erreparatzea nahikoa da konturatzeko Vila-real aurkari deserosoa dela talde zuri-gorriarentzat. Ligan, 31 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta zenbakiak nabarmen dira Vila-realen aldekoak: hamabost garaipen lortu ditu, Athleticek zortzi, eta beste horrenbeste amaitu dira berdinketarekin. Sasoi honetan jada aritu dira elkarren aurka, Madrigalen, laugarren jardunaldian, eta etxekoentzat izan zen garaipena, argia gainera: 3-1. Vila-realen galtzea ohikoa bilakatu da azken urteetan, zuri-gorriek 2004ko otsailean irabazi baitzuten azkenekoz han (0-2). Ia hamabi urte joan dira. Ordutik jokatutako 11 partidetatik bederatzi galdu dituzte, eta bi berdindu. San Mamesen lortutako estatistikak ere ez dira onak. Hamabost aldiz izan dira aurrez aurre: seitan nagusitu dira etxekoak, bostetan bisitariak, eta lautan berdinketarekin amaitu da lehia. Hori bai, zuri-gorriek irabazi dituzte azkeneko bi partidak, nagusitasunez: 2-0 eta 4-0, hurrenez hurren.
Ligako zenbakiak ez dira onak, baina zuri-gorriek badute baikor izateko arrazoirik. Zergatik? Zenbaki horiek zerikusi gutxi dutelako Kopakoekin. Lehiaketa horretan, Athletic nagusi da Vila-realen aurkako kanporaketetan. Bi jokatu dituzte, eta bietan sailkatu da talde zuri-gorria. 1996-97ko sasoiko final-hamaseirenetan,0-1 irabazi zuen Madrigalen, eta San Mamesen bina egin zuten. 2001-02ko sasoian, bi partidetan nagusitu zen: 0-2 Madrigalen, eta 1-0 San Mamesen. Hirugarren aldi honetan historia errepika dadin nahiko dute zuri-gorriek.
Hori nahi du ere Ernesto Valverdek. «Aurkari gogorra da, zaila, eta azken urteetan gure parean ibili da. Ondo jokatzen du, eta jokalari biziak ditu aurrean. Itzuliko partida etxean jokatzea abantaila izan ohi da, baina kontrakoa ere ez da kezkatzekoa. Ez dut uste hori erabakigarria izango denik».
Zuhurtzia Eibarren
Eibarrek ere nahi du historia errepika dadin; Eibarren kasuan, Las Palmasen aurka jokatutako azken partidan gertatutakoa. 0-2 irabazi zuten armaginek Kanaria Handian (Espainia), joan den urrian, ligako zazpigarren jardunaldian. Hain zuzen ere, hura izan da bi taldeok elkarren aurka Lehen Mailan jokatu duten partida bakarra. Aurreko 26 lehiak Bigarren Mailan izan ziren. Guztira, 27 aldiz izan dira aurrez aurre, eta estatistikak Las Palmasen aldekoak dira: hamabitan nagusitu da, zazpitan Eibar, eta zortzitan berdinketa izan da. Kopan, berriz, ez dira inoiz gurutzatu.
Jose Luis Mendilibar zuhur mintzatu zen atzo zozketaren berri izan ondoren. «Las Palmasen zelaian irabazi genuen ligan, baina egun horretan Las Palmasek zelairatu zuen taldeak zerikusi gutxi izango du Kopan zelairatuko duenarekin. Kanporaketa parekatua izango da, maila bereko bi talde ariko garelako elkarren aurka. Hala ere, nahiago genuen gertuagoko aurkari bat».
Denetarik egon da
Athletic Vila-realen aurka ariko da Espainiako Kopako final-zortzirenetan, eta Eibar, Las Palmasen aurka.Etxean jokatuko dute biek joaneko lehia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu