Joseba Fernandez. Castroko entrenatzaile ohia

«Denok dakigu zer bizi izan dugun lau urteotan»

Bidali du zuzendaritzak, eta minduta dago, baina ez bakarrik espero ez zuelako. Diru asko zor diote; baina, hala ere, egundoko ahalegina egin du. Hori ez baloratu izanak mindu du gehien.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lau denboraldi oso ezin izan ditu egin Castron Joseba Fernandezek (Pasaia, 1974). Iragan astelehenean, ardura guztiak kendu zizkion zuzendaritzak, eta klubetik kanpo dago. Barru-barrutik erantzun ditu galderak, telefonoz.

Arraun mundua ezustean harrapatu zuen albisteak. Zu ere bai?

Bai, ez nuen inondik inora ere espero. Are gutxiago, kluba nola dagoen eta urtea nola joan den ikusita. Entrenatzaile lanaz gain, beste zeregin asko egin behar izan ditut, klubean lanerako jendea falta delako eta ilusiorik gabe daudelako. Zuzendaritza ez da existitzen; kide bat bakarrik egon da nirekin lanean. Nik aurkitu ditut medikua eta masaje emailea. Taldea nik egin nuen, nire metodoaren arabera egin dugu lan, eta, horregatik, oraindik eta gutxiago ulertzen dut erabakia.

Zuzendaritzarik ez badago, nork hartu du erabakia?

Ofizialki esan didate zuzendaritza osoa ados egon dela. Baina praktikan hamabi kideetatik hiruzpalauk bakarrik ezagutzen dute klubaren egoera; beste zortziek ez dakite arraunlarien izenik ere. Orduan, argi daukat presidentearen kontua izan dela, eta berak jakingo du zergatik hartu duen erabakia.

Zer azalpen eman dizute?

Esan didate taldeak ez duela konfiantzarik nirekin. Baina, astelehenean, arraunlariak agurtzera joan nintzenean, ez nuen horrelakorik sumatu. Oso harrituta zeuden guztiak. Nahiz eta emaitza txarrek zalantzak eragin, gure artean ez dugu eztabaidarik eduki. Giro polita egon da, oso sanoa.

Erabakiaren berri eman zizutenean, zer esan zenien zuzendaritzakoei?

Castron egon naizen urteetan zuzendaritzako inork ez dit deitu kirol arloa aztertzeko. Ez badaude klubean, ezin dute ezer ikusi, eta ez badute interesik eta ilusiorik klubean zer gertatzen den jakiteko, ezin dute ikusi zer gertatzen den. Inongo azalpenik ez didate eskatu inoiz, eta egun batetik bestera, kalera bota naute.

Badirudi presidentearen eta zure arteko harremana ez dela ona izan.

Bitxiena da harreman ona dugula; tira, ona kakotx artean, harremanik ez dudalako izan, ez delako klubera azaltzen. Azken finean, hark konbentzitu ninduen bertan jarraitzeko aurreko denboraldiaren amaieran. Ni nintzen haren apustua, eta urte guztian hark babestuta egin dut lan, nolabait esateko. Baina ergela ere ez naiz, eta pentsatzen dut ni aukeratu ninduela zor didatenagatik.

Zor ekonomikoaz ari zara?

Bai, asko zor didate. Pentsatu nuen nirekin jarraitzea erabaki zutela zor didatenagatik, nik salaketarik-eta ez jartzeagatik.

Baina bidali egin zaituzte, eta orain ordaindu beharko dizute zor guztia.

Hori da. Horregatik, iaz nirekin jarraitzeko erabakia hartu zutenean, ez zen izan zorra ez ordaintzeagatik. Ulertezinagoa egiten zait erabakia horregatik

Zor dizutena kobratzeko auzitara jo beharko al duzu?

Espero dut ezetz. Baina uste dut abokatu baten esku utzi beharko dudala gaia.

Lanean jardun duzu kobratu gabe, eta, hala ere, bidali egin zaituzte.

Aurtengo soldatak ordaindu dizkidate, baina nik borrokatuta lortu ditut, eta mehatxuren bat botata ere bai. Zor ikaragarria daukat iazkoa. Dena zor didate iaztik.

Lau urtez egindako lana horrela amaitzea oso gogorra egin al zaizu?

Gogorra egiten zait honegatik: denok dakigulako zer bizi izan dugun urte hauetan hemen barruan. Iaz, egoera okerrenean geratu zen kluba, ia arraunlaririk gabe. Izan nuen Zumaiaren eskaintza, eta gogoa izan nuen Zumaiara joateko, izugarrizko aukera zelako. Baina kluba gaizki, ia jenderik gabe ez uzteagatik erabaki nuen jarraitzea. Baina nik egindako ahalegin hura ez dute batere baloratu. Oso denbora gutxian osatu behar izan nuen taldea, duela bi urteko aurrekontuaren herenarekin, eta talde dezentea egin dut. Hala ere, berdin izan zaie. Arraunean, ahalegin pertsonala ez da baloratzen; emaitzak bakarrik hartzen dira kontuan.

Nolako balioa ematen diozu lau urte hauetan egindako lanari?

Egin ditut akatsak, edozein arduradunek bezala, erabakiak hartu behar direlako. Bestela, iruditzen zait ikaragarrizko lana egin dugula: 40 bandera baino gehiago irabazi ditugu; Espainiako txapelketa lautan; San Miguel liga ere irabazi genuen, lortutako bandera kopuruan errekorra jarriz; Kon-txako bandera ere astindu dugu... Hori hor dago, eta harro nago. Baina esan beharra daukat azken bi sasoiak ez direla onak izan, eta, beharbada, txarrarekin geratuko da jendea Castron, nahiz eta beti metodologia bera erabili.

Orain zer egin behar duzu?

Kaleratze erabakia onartu eta segituan, asmo bakarra izan dut: San Juanen arraun egitea. Borrokan ibili naiz aukera horren bila. Igorrek [Igor Makazaga, San Juaneko entrenatzailea] aukera eman dit taldearekin egoteko, eta arraunean egitea geroko pausoa izango zen. Baina ezin da hori egin, Euskadiko Federazioak debekatu egiten duelako lurraldeen artean fitxa aldaketa egitea uztailaren 15etik aurrera. Orain, toki bila nabil Kantabrian, urteko lana baliatzeko, Castrori berdin zaiolako sasoiko nagoen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.