Derbia baino lehen, badute zeregina

Athleticek Getafe hartuko du gaur, bolada ona luzatzeko asmoz. Realak Valentzian lortu nahi du denboraldiko lehen garaipena, etxetik urrun

Athleticeko Iñaki Williams Alaveseko jokalarien artean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Haritz Gallastegi - Ainara Arratibel Gascon
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute larunbatean Anoetan (21:00). Bai zaleentzat, baita jokalarientzat ere, denboraldiko partidarik erakargarrienetakoa da. Baina hori baino lehen, txuri-urdinek, eta zuri-gorriek ere badute zeregina. Ligako partida izango dute gaur. Zuri-gorriek Getafe hartuko dute etxean, eta Realak Valentziari egingo dio bisita.

Jokatzen aurrena Athletic izango da (19:00, Gol eta Movistar La Liga). Sasoi hasierako emaitza eta joko bolada ona une gozo bat baino gehiago dela erakutsi gura du Ernesto Valverderen taldeak. Zuri-gorrien azken denboraldietako gaitz nagusia jarraikitasun falta izan da. Europarako sailkatzea lortzen duten taldeek partida biribilak jokatzen ez dituztenean ere puntuak pilatzen jakiten dute. Arlo horretan zer hobetu asko dauka Athleticek. Azken sei urteetan helburuak lortzeko zorian, baina, era berean, eskuratu ezinik utzi duen gabezia horren atzean arrazoi bat baino gehiago dago. Hiru dira nagusiak, eta hirurek lotura dute: San Mamesen talde apalei irabazteko zailtasuna izan duela da gaitz nabarmenetako bat. Oraingoz, hiru partida jokatu ditu etxean, eta bi irabazi ditu. Ate aurrean izan duen eraginkortasunik ezak ere sarri utzi du taldea sari barik. Bada, oraingoz, erasoko jokalariak asmatzen ari dira. Iñaki Williamsek zein Gorka Guruzetak hiruna gol sartu dituzte, eta Asier Villalibre ere protagonista izan da jokatu dituen tarteetan. Hori gutxi ez, eta Oihan Sancet ere hasi da bere dohainen berri ematen. Athletic Europatik kanpo utzi duen beste faktore nagusietako bat, berriz, ordezkoek eman duten maila izan da.

Asteon beste aukera on bat dauka gauzak aldatzen hasi direla erakusteko. Getafe zerbait baldin bada, talde lehiakorra da, deserosoa. Neurketa trabatua proposatuko du. Etenaldi askoko partida izango da, eta egoera horri nola aurre egin asmatu beharko du Athleticek. Horretarako hutsune garrantzitsua du taldeak. Iñigo Ruiz de Galarretak giharretako lesioa dauka, eta ezin izango du hurrengo partidetan jokatu. Eibartarra denboraldi hasierako ezusteko nagusietako bat da. Zelai erdian aginte makila hartu du, eta maisutasunez ari da taldea eramaten. Ander Herrerak edo Dani Garciak hartuko du bere lekua. Nico Williams ere kili-kolo dabil, eta, seguruenik, goiz da taldera itzultzeko. Yeray Alvarezek edota Julen Agirrezabalak lekua izan dezakete hasierako hamaikakoan. Partida irabazteko zer behar duten galdetuta, ondorengoa erantzun zuen Valverdek: «Lehiakorrak izan behar dugu, eta bi areatan sendo aritu. Hirunaka batzen jarraitu nahi dugu, goiko postuetan sendotzeko».

Txandakatzeak posible

Realak, berriz, denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du etxetik kanpo (21:30, Movistar La Liga), eta goiko postuei begira beste urrats bat egin. Valentziak bulegoetan arazoak ditu oraindik ere. Apenas fitxatu duen jokalaririk udan. Baina harrobiko jokalarien alde egin du apustu, eta ondo ateratzen ari zaio. Haiexek ari dira babak eltzetik ateratzen. Oraingoz, hamar puntu ditu, Realak baino bat gehiago. Getaferen aurka orkatilan min hartuta amaitu zuen arren, Igor Zubeldia deialdian da. Aritz Elustondo ere osatu da, eta hautatuen artean dago. Hiru partidako astea izanda, Imanol Alguacil teknikariak ez zuen baztertu txandakatzeak egitea. «Garrantzitsuena da jokalari guztiak jokatzeko moduan daudela, eta, esan nuenez, hiru egunetik behin jokatuta, denek izango dute beren aukera. Garrantzitsuena guztiek beren ekarpena egitea da».

Aurkariari, berriz, azpimarra hau egin zion: «Talde indartsua da, eta liga hasiera oso ona egiten ari da. Erremate gutxien jaso dituen taldea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.