Inoiz baino orekatuago dator sasoi honetako Bera Bera eta Zuazoren arteko lehen derbia. Bidebietako kiroldegian jokatuko da gaur (19:00), Donostian, eta Zuazok irabazten badu, Bera Bera sailkatuko da. Izan ere, Barakaldoko taldeak liga hasiera bikaina egin du, eta 4. postuan iritsi da 11. jardunaldira, Bera Berak baino puntu batekin gutxiagorekin. Donostiako taldeak, berriz, ez dirudi azken sasoietan bezain sendoa, eta ligako bi partida galduak ditu dagoeneko.
Ohorezko Mailako liga bi hilabetez geldirik egon da Europako Txapelketarengatik. Taldeek aurre-denboraldi txikiak egin behar izan dituzte Gabonetan, eta sasoi betean iritsiko diren ikusteko dago. Tarte horretan, Bera Berak jokalari garrantzitsu bat fitxatu du, Bea Fernandez Donostiara itzuli baita Frantziako Ligan jokatu ondoren. Albokoa Donostian egin zen ezagun, eta bere talde kutunari laguntzeko itzuli da. Izan ere, arazo fisikoek gogor jo dute Bera Bera sasoi honetan, eta Matxalen Ziarsolo eta Maialen Mugika jokatu ezinik daude.
Etenaldiak ere mesede egin dio Zuazori, Jessica Nogales erabat osatu baita, eta gaur jokatzeko moduan egongo da. Erdilaria jokalari fina da, eta taldekideek asko eskertuko dute haren jarduna. Zuazoren mehatxu handiena, dena den, Laura Steinbach alboko alemaniarra da. Sei goletik gora sartzen ari da partidako, eta taldearen kalitate jauzia, hein handi batean, berarengatik izan da.
Iragan astean, Euskadi Kopako finala jokatu zuten bi taldeek, eta Bera Berak 31-16 irabazi zuen. Gaurkoak, baina, zer ikusi gutxi izango du harekin. «Partida erabat ezberdina izango da, ez du erreferentzia bezala balio. Gaur, beste Zuazo bat topatuko dugu», ohartu du aste honetan Montse Puche Bera Berako entrenatzaileak. Ez zaio arrazoirik falta, Zuazok maila ona eman baitu ligako talde handien aurka eta, ondo bidean, gaur estu hartuko du Bera Bera.
Derbi ezberdina izango da, beraz, aurreko denboraldietan Bera Berak bere agintea erakutsi baitu, eta, bide batez, oso berezia Tania Yañezentzat. Zuazoren harrobian zaildua izaki, azken urteetan taldeko erreferente nagusia izan zen. Sasoi honetan, baina, Bera Beran dago, eta gaur jokatuko du lehen aldiz taldekide ohien aurka.
Aiala Zarautzek ere gaur jokatuko du ligako 11. jardunaldiko partida, Guardesen pistan (Galizia, 19:00). Zarauzko taldeak zail izango du punturen bat urratzea, Guardes hirugarren sailkatua baita eta hark etxean bere maila hobetzen du. Zarautzi, gainera, jokalari garrantzitsu bat faltako zaio, Andrea Zalduak belauneko lotailuak hautsi baititu neguan. Zaldua taldeko bigarren golegilerik onena da.
Derbia, parez pare
Bera Berak eta Zuazok elkarren aurka jokatuko dute gaur Donostian, eta lehen aldiz ez dago faborito garbirik.Zarautzek partida zaila du Galizian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu