20. jardunaldia zen, eta Realaren hirugarren porrota jarraian izan zen hura. Zalantzarik gabe, Bigarren Mailarako beste bultzada txiki bat jaso zuten donostiarrek Athleticen aurka 0-2 galduta. Hamahiru punturekin, 19. postuan zegoen une hartan Reala, eta mailari eusteko postuak zortzi puntura zeuzkaten. Celta zegoen 17. postuan, hemeretzi punturekin. Athletic, berriz, gora begira jarri zen garaipenari esker. 22 punturekin zuloa urrundu, eta 15. postura igo ziren bilbotarrak. Hori bai, artean hiru puntura zeuzkaten jaitsiera postuak. Denboraldi amaieran, azkenean, 19. postuan geratu zen Reala, 35 punturekin, eta 17. Athletic, 40 punturekin.
2007ko urtarrilaren 28ko argazki hari begira jarrita, ordea, beste datu bat da oso deigarria: hasieratik aritu ziren 22 jokalarietatik hamasei desagertu egin dira. Bestela esanda, partida hura hasieratik jokatu zutenen artean, lau jokalarik bakarrik jarraitzen dute Realean: Claudio Bravok, Xabi Prietok, Mikel Gonzalezek eta Gorka Elustondok. Eta bik soilik Athleticen: Andoni Iraolak eta Fernando Amorebietak. Miguel Angel Lotinak eta Jose Manuel Esnal Mane-k hiru aldaketa egin zituzten orain hiru denboraldiko derbian. Gari Uranga, German Herrera eta Mikel Aranburu zelairatu ziren donostiarren aldetik; eta Igor Gabilondo, Fernando Llorente eta Mikel Dañobeitia bilbotarren aldetik.
Kontuak aterata, beraz, partida hura jokatu zuten 28 jokalarietatik bederatzik soilik jarraitzen dute Realean eta Athleticen. Gainerakoak desagertu egin dira hiru urteren buruan. Ez dira agertuko lau egun barru jokatuko den derbiko argazkian.
Herena baino gutxiago
Realetik desagertu direnen artean daude Morten Skoubo (Roda, Utrechtek utzita), Juanito (Malaga), Savio (Avai, Brasil), Victor Lopez (Banfield), Jesuli (futbola utzita dago), Javi Garrido (Lazio) eta Aitor Lopez Rekarte (futbola utzita dago). German Herrerak (Botafogo) eta Gari Urangak (futbola utzita dago) ere ez dute jarraitzen Realean.
Realean bederatzi jokalari desagertu dira, beraz, eta Athleticen, hamar: Ismael Urzaiz (futbola utzita dago), Ander Murillo (Celta), Javi Gonzalez (Portugalete), Fran Yeste (Al Wasl), Dani Aranzubia (Deportivo), Unai Exposito (Cartagena), Joseba Garmendia (Numantzia), Josu Sarriegi (Panathinaikos) eta Aritz Aduriz (Valentzia). Mikel Dañobeitiak (Kordoba) ere ez du jarraitzen taldean. Lotina eta Mane, orduko bi entrenatzaileak zaku berean sartuta, hiru urte geroago herenak baino gutxiagok jarraitzen dute Donostian eta Bilbon; 30etik bederatzik.
Txuri-urdin eta zuri-gorri. Horrek bere horretan jarraituko du, baina derbia erabat bestelakoa izango da. Reala ez delako orain hiru sasoiko talde apal hura; eta Athletic ere hazi egin delako ordutik hona -Llorentek eta Javi Martinezek, esaterako, Munduko Kopa jokatu eta irabazi berri dute, Espainiako selekzioarekin-. Datu saltsa handia izaten da horrelako partidetan, eta, datuak aztertuta, ezin esan daiteke Athleticentzat oso zelai gaiztoa denik Anoeta. Hamalau aldiz jokatu dute elkarren aurka bertan, eta bilbotarrek bederatzi partidatan lortu dute gutxienez puntu bat. Jokatutako hamalau partidatan hamabost puntu lortu dituzte: hiru garaipen eta sei berdinketa.
1993-1994ko denboraldia izan zen Realak Anoetan jokatu zuen estreinakoa, eta ordutik etxean bost partida irabazi dituzte txuri-urdinek Athleticen aurka. 1994-1995eko denboraldian iritsi zen etxekoen lehen garaipena, denetan sonatuena. Kodroren hiru golekin eta De Pedro eta Idiakezen banarekin 5-0 irabazi zuten donostiarrek. 1998-1999ko (3-1) eta 1999-2000ko (4-1) denboraldietan iritsi ziren hurrengo bi garaipenak. 2002-2003ko (4-2) eta 2004-2005eko (3-2) sasoietan azken biak.
Sei berdindu eta hiru irabazi
Realak eta Athleticek sei partida berdindu dituzte Anoetan. 1993-1994ko denboraldiko derbia eta 1996-1997koa 0-0 amaitu ziren; 1997-1998koa eta 2003-2004koa, 1-1; 1995-1996koa, 2-2; eta 2005-2006koa, 3-3. Athleticek, berriz, hiru partida irabazi ditu Anoetan. Lehenengoa 2000-2001eko denboraldian, 0-2, Etxeberriaren bi golekin. Hurrengo denboraldian 1-3 irabazi zuen, Urzaizen (bi) eta Tikoren golei esker -Khokhlovek sartu zuen Realarena-. Eta azken garaipena orain hiru denboraldiko derbian lortu zuten zuri-gorriek, 0-2. Realak 27 gol sartu ditu Anoetako hamalau partida horietan, eta Athleticek hamazazpi.
Anoetako derbiei Atotxakoak batuta, ordea, nabarmen egiten du gora txuri-urdinen garaipen kopuruak. Realak eta Athleticek 63 derbi jokatu dituzte orain arte Donostian, eta horietatik 30 irabazi dituzte txuri-urdinek. Hemezortzi partida amaitu dira berdinketan, eta hamabost irabazi dituzte zuri-gorriek. Realak 105 gol sartu ditu 63 partida horietan, eta Athleticek 86. Hurrengo datu saltsa, lau egun barru.
Joan dira
REALA1. Morten Skoubo 2. Juanito 3. Savio 4. Victor Lopez 5. Jesuli 6. Javi Garrido 7. Aitor Lopez Rekarte
ATHLETIC
1. Ismael Urzaiz 2. Ander Murillo 3. Javi Gonzalez 4. Fran Yeste 5. Dani Aranzubia 6. Unai Exposito 7. Joseba Garmendia 8. Josu Sarriegi 9. Aritz Aduriz.
Jarraitzen dute
REALA1. Claudio Bravo 2. Xabi Prieto 3. Mikel Gonzalez 4. Gorka Elustondo.
ATHLETIC
1. Andoni Iraola 2. Fernando Amorebieta.