Athletic Kopako finalean

Desengainu tanta bat euforian

Goiz osoa Lezaman igaro eta gero, Athleticeko jokalariak agurtu gabe itzuli dira zaleak etxera. Minutu gutxian, poztasunetik haserrera igaro dira, autobusa atzeko partetik atera baita.

Athleticeko zaleen poztasuna desilusio bihurtu da gaur Lezaman, jokalariek agur esan gabe alde egin ostean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Athleticeko zaleen poztasuna desilusio bihurtu da gaur Lezaman, jokalariek agur esan gabe alde egin ostean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo - Xalbat Alzugarai Etxeberri
Lezama
2024ko apirilaren 5a
18:15
Entzun 00:00:0000:00:00

11:30. «Athletic sentimendu bat da». Ehunka zale hurbildu dira gaur Lezamara (Bizkaia) Espainiako Kopako finala jokatzekoak diren Athleticeko jokalariak agurtzera, baina lehen orduko adierazpen euforikoak desilusio huts bilakatu dira lau orduan. 14:35. «Lotsagarria da! Jarri hori, jarri hori». Goiza zain eman ondoren, zaleek ezin izan dituzte jokalariak agurtu, autobusa atzeko partetik atera baita. Bi kapitulu izan ditu goizak. Euforiarena lehenik, desilusioarena ondoren.

Desilusioa

Athleticeko elastiko diferenteak, Jo ta ke zein Ezina ekinez egina leloa duten pankartak eta belaunaldi guztietako herritarrak batu dira gaur, Lezaman. Deialdia 13:00etarako egina bazuten ere, eguerditik aurrera zuri-gorriz bete dute sarrera nagusitik errepidera doan bide osoa. Bi ordu baino gehiago eman dituzte batzuek euren tokitik mugitu gabe, lekua galtzeko eta jokalariak ez ikusteko beldurrez.

14:20 aldera, baina, iritsi da albistea: Ertzaintzak erabaki du autobusa ez zela sarrera nagusitik aterako, segurtasun kontuak zirela eta. Hortaz, zelaiaren ondoan dagoen errepidera lekualdatu dira zaleak, hortik pasatuko zen ustetan. Are, bengalak prestatu dituzte, autobusa handik igarotzean, errepidea kolorez betetzeko.

Irrikaz eta pozez itxaron dute autobusa, baina hortik ere ez da igaro. Autobusa atzeko partetik atera da, eta zaleengana joan beharrean, beste aldera biratu du. Jendea korrika hasi da haiengana; umeak, batez ere. Garraioak minutu bateko geldialdia egin du, eta zuzenean jo du aireportura. Momentu horretan, agerikoa izan da haserrea zaleen aurpegietan zein hitzetan. Bertan zeuden kazetariei argi esan diete: «Lotsagarria da! Jarri hau, jarri hau». Haizea Etxebarria goizeko hamaiketan hurbildu da zelaira, eta bere desilusio aurpegia ere nabaria da: «Jende asko etorri da taldea animatzera eta indarra ematera; nire ustez, egin dutena oso itsusia izan da». Eman duten arrazoiak, gainera, ez du konbentzitu: «Segurtasunagatik egin dutela esan dute; autobusa atera denean, umeak korrika hasi dira, eta guraso askok galdu dituzte euren bistatik seme-alabak, hor ere segurtasun falta egon da».

Etxebarria ez da bakarra izan. Batzuek errua Ertzaintzari bota diote. Beste batzuek, berriz, klubari. «Beldurra izan badute orain, zer gertatuko da gabarraren egunean?», aipatu du neska batek. «Bihar Mallorcaren kamiseta jantziko dut», erantzun dio lagunak. Guraso askok euren seme-alaben ilusioan jarri dute azpimarra. Goiz osoa itxaroten eman eta gero, asko ez dira iritsi jokalariak agurtzera. Beraz, bengalak gorde, eta desilusio tantarekin itzuli dira guztiak etxera. Ordu batzuk geroago, Ertzaintzaren azken uneko erabaki bati egotzi dio klubak aldaketa, eta barkamena eskatu du sare sozialen bidez.

Euforia

Ilusioz iritsi dira goizean zaleak Lezamara. Izan ere, jendea 11:00etan hasi da sarrera nagusian elkartzen. Eider Artabe Lemoatik iritsi da ordu erdi lehenago, beste bi gurasorekin eta seme-alabekin. Kartel batzuk amaitzen aritu dira, jokalariak ikusteko «esperantzarekin». «Bihar Bilbora joango gara giroa ikustera, baina gero herriko pantailan ikusiko dugu partida, haurrekin gozatzen». Argi du Artabek: «Irabazi, irabazi, irabazi, ez dago beste aukerarik: bi eta huts».

Emaitza bera espero du Hugo Uronesek. Baloi baten gainean zutik dago gaztea: beste haur asko bezala, Lezamako hesien artean dauden zuloak bilatzen ari da, jokalariak ikusteko. Izan ere, azken entrenamendua egiten ari dira barruan. «Hemendik hobeto ikusten da!», oihukatu du alboan duen ume batek. Eta segituan hurbildu zaizkio gainerako haurrak, haiek ere entrenamendua ikusteko desiratzen. Uronesek San Mamesen ikusiko du partida, amarekin. «Nico Williamsek sartuko du gola».

Oso gaztea da Urones. Beraz, ez du inoiz gabarrarik ikusi. Bai, ordea, Pedro Mauroragoitia zaleak. Ondo gogoan du 1984ko finala: «Etxetik alde egin nuen, finala ikustera joateko». Deustukoa da, baina Castron (Espainia) bizi da; hots, Castrotik hurbildu da Lezamara, ilobarekin batera. «Irabazi zutenean, nik 16 urte nituen, eta ilobak, 3 urte, bizkar gainean eraman nuen». Aurten ez da Sevillara joango: Castron ikusiko du finala, senideekin. Eskua erakutsi eta dardara nabari zaio. Artaberekin eta Uronesekin alderatuta, zuhurrago hitz egin du: «Faboritoak garela diote, baina hori ez da ona; Mallorcarekin kontuz ibili behar da, baita Javier Aguirrerekin ere [Mallorcako entrenatzailea]».

Jokalariak itxaron bitartean, bufandak airean hainbat abesti kantatu dituzte zaleek. Athleticeko banderak astindu dituzte, baita Palestinako baten bat ere. Haur ugari bildu dira Lezaman, euren lagun, guraso zein senideekin. Eta gazteen lagun taldeak ere agertu dira. Abdelilah El Hamdaoui, Aitziber Jimenez eta Ekaitz Quintela zuri-gorriz jantzita hurbildu dira, kamisetekin eta banderekin. «Niretzat Athletic sentimendu bat da; San Mamesera joaten naizenean, jokalari bat naizela sentitzen dut eta oilo ipurdia jartzen zait», esan du El Hamdaouik. Animatzera hurbildu da Portugaleteko hirukotea. «Urduri gaude; gaur zaila izango da lo egitea; baina, bihar irabazten badu, festa ona izango da», onartu du Jimenezek. Nahiago izan dute gabarra asko ez aipatu: «Irabazten badu, ikustera joango gara, oso polita izango delako; baina, horretarako, lehenengo irabazi behar da». Emaitza? «Bat eta huts; Nico Williams erabakigarria izango da irabazteko».

Itxaronaldia oihuekin eta abestiekin arindu dute bertaratu diren guztiek. Ilusioz itxaron dituzte kanpoko aldean jokalariak. Umeen aurpegiak izan dira, batez ere, horren isla. Askok jokalariak ikusi ez dituzten arren, beste batzuek ez dute ilusioa galdu: «Aupa Athletic!». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.