Athleticentzat egun handia izan daiteke gaurkoa. Talde zuri-gorriak hiru urteko sufrikarioa amaitzeko aukera paregabea dauka. Espanyol mendean hartuz gero, ez du atzera begiratu beharrik izango txapelketa amaitu bitartean. Azken hiru denboraldiak nolakoak izan diren kontuan hartuta, lorpen handia izango litzateke zuri-gorrientzat. Hiru puntuak eskuratuz gero, erabat aldatuko da Caparrosek zuzentzen duen taldearen egoera: jokalariek lasai jokatzeko modua izango dute, jarraitzaileek sufritu barik ikusiko dituzte azken zazpi neurketak, eta azken urteetan San Mamesen gura baino lan gehiago izan duten sendagileek ere izango dute atseden apur bat. Zaleek ez dute euren taldearen ezintasunarekin sufrituko. Ez, behintzat, jaitsiera jokoan dagoela. Bihotzekoei eta antzeko gaitzei aurre egiteko erabiltzen dituzten desfibriladoreak gordetzeko aukera izango dute.
Baina, salbatu ez eze, UEFA Koparako txartela lortzeko borrokan ere sar daiteke Athletic, talde kataluniarra mendean hartzen badu. Zuri-gorriek irabaziz gero, eta Sevillak Vila-realen aurka galduz gero, bi puntura geratuko da Europa. Athleticek denboraldia hasi zenetik egin duen jokoa kontuan hartuta, ez da samurra sinestea. Baina txapelketako talde gehienen artean dagoen parekotasunak eta talde indartsu batzuen kaleek aukera eman diezaiokete sasoi hasieran inuzentekeria izan zitekeena eskuratzeko. Ez sinesteko moduko egoera da, baina futbolariak hasi dira mezu baikorrak bidaltzen. «Zaleek ilusioa izatea ona da. Salbatuta gaudenean ez gara lasaituko, kontrakoa gertatuko da», adierazi zuen Etxeberriak. Ociok, berriz, San Mames hamabostero betetzen duten zaleen sentsazio berberak ditu. «Espanyol mendean hartzen badugu, egia bihurtuko da ilusioa». Aldagelako nagusien adierazpenak dira. Hala ere, sasoi amaiera lasaia izatearekin konforme dagoen jokalari bat baino gehiago dago. Baina, agian, ez da komeni jarraitzaileei horren baikorra ez den mezua helaraztea. Ez litzateke egokia izango.
Espanyolen aurka galduz gero zer gertatuko den inor gutxik esan du asteon. Jaitsiera zazpi puntura egoteak sortzen duen lasaitasunaren ondorioa da. Behin edo birritan huts egin daitekeela dirudi. Tarte handia da. Baina gaur irabazten ez bada, nekez izango du Athleticek Lehen Mailan mantentzea ez den beste helbururik -egun ere gaitza da taldea sei onenen artean egon daitekeela sinestea-. Eta ez da batere samurra izango Valverderen taldea mendean hartzea, aurkaria oso bolada txarrean egon arren. Denboraldiko bigarren zatiko Espanyolek ez dauka zerikusirik lehen txanpakoarekin. Tamudo eta De la Peña lesionatu zirenetik egoerari buelta eman ezinda dabil. Kapitainaren itzulerarekin ere ezin izan dute bolada txarra eten. Hala ere, denboraldia osorik hartuta, hasiera batean espero zen postuan dagoela esan daiteke, Espanyol ez baita Txapeldunen Ligan jokatzeko hautagai nagusietako bat.Bestalde, jaisteko arriskurik ez izateko beste taldea dauka Valver-dek. Kataluniarrentzat ere final kutsua dauka partidak. Ez dute UEFA Kopa jokatzeko aukera galdu gura.
Joaquin Caparrosek bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan. Biak behartutakoak izango dira. Atzealdean Ociok jokatuko du, Ustaritzen partez -txartelak tarteko, partida bateko zigorra bete beharko du-. Ocio ez da sasoi bete-betean zelairatuko. Oraindik min du ezker belaunean. Zelai erdian, berriz, Javi Martinez ariko da, Orbaizen partez, azken hori min hartuta baitago.
Desfibriladorea, gordeta
Athleticek beste denboraldi batez Lehen Mailan jarraituko du, gaur Espanyol mendean hartuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu