Ligako berrantolaketa, adibidez. Egituraketa klasikoa berritu, eta bi konferentzia eta sei dibisiotan banatu dituzte 30 taldeak. Hori egiteko zein irizpide lehenetsi dituzten ez da ziurra, ezta irizpideren bat aintzat hartu duten ere. Aginteak ematen dien zilegitasunak babestuta, nahi dutena egin dute, hainbat talderen eskakizunei, aholkulariei, muzin eginez.Konferentzia kopurua bere horretan utzi dute, bitan. Alor horretan aldaketarik ez egitea zen errazena, AEBak zortzi milioi kilometro koadrotik gorako lurralde karratu samarra baitira (Alaska eta Hawaii kenduta). Dibisioetan aldaketa asko eta garrantzitsuak egin dituzte. Orain arte lau dibisio zeuden, aurten sei, hiru konferentziako.Irizpide geografikoa, hiri batetik besterako gertutasuna, lehenestea zen logikoena, banaketa berria egiterakoan, itxuraz, baina ez dute hala egin. Mendebaldeko Konferentzian AEBetako Ekialdean dauden bi talde sartu dituzte, Ipar-Mendebaldeko Dibisioan, hain zuzen ere: Minnesota Timberwolves eta New Orleans Hornets. New Orleansen kasuan gaitzerdi, Tennesse eta Texaskoak baitira bere dibisioko taldeak, bizilagunak ia-ia. Minnesotakoek ordu gehiago emango dituzte hegazkinean kantxan jokatzen baino. Denver, Portland, Utah eta Seattle dira bere multzokideak, 2.000 eta 4.000 kilometro arteko bidaia mordoa. Egin kontu!Ekialdeko Konferentzian banaketa logikoagoa da, salbuespen batekin. Washington Wizards Hegoekialdeko Dibisioan dago, AEBeko eskualde hartako taldeekin. Washington ez dago AEBetako hegoaldean, iparraldean baizik. Askoz gertuago ditu Indiana, Chicago, Cleveland, New Jersey eta New York Miami eta Orlando baino (Florida).Kirol irizpideak ere bazterrean utzi dituzte. Oreka ez, sekulako desoreka eragin dute dibisio ezberdinen artean, batzuen onerako, besteen kalterako. Dibisioetako banaketa erabakigarria da liga erregularreko balantzean, dibisio bereko taldeen aurka jokatzen direlako partida gehien: lau. Hiru Konferentzia berekoen aurka eta bi beste konferentziako taldeen aurka. Adibide bat, desoreka ulertzeko. Memphisek zail du titulua lortzeko kanporaketak jokatzea, Texasko hiru talde sendoren aurka lehiatu beharko duelako lautan: Dallas, San Antonio eta Houston. Aldiz, Miamirentzat onuragarria izan da oso banaketa berria. Orlando, Charlotte, Washington eta Atlanta ditu multzokide. Laurak Miami baino talde apalagoak dira, eta horrek beste talde askorentzat zailak diren garaipen asko errazten dizkio Miamiri.16 talde sailkatuko dira titulua lortzeko kanporaketak jokatzeko, bi konferentzietako zortzi onenak, orain arte bezala, baina izango da ezuste handiren bat. Edo gehiago.
-
Datua
Telebistarik ez
Hegoaldean NBAko partidarik ez dugu ikusiko. Espainiako Canal Plus kateak ez du akordiorik lortu, eta beste kate batzuk ari dira negoziatzen orain. Ipar Euskal Herrian NBA ikusi ahal izango da, ordaindutako kateetan.
-
Eraztuna lortzeko hautagaiak
san antonio spurs
Alde: Iazko talde bera dute eta Brent Barry fitxatu dute kanpoko lerroa are arriskutsuago egiteko. NBAko jokalari erabakigarriena dute, Tim Duncan pibota, eta izar izateko bidean diren bi jokalari bikain: Ginobili eta Tony Parker.
Kontra: Entrenatzailea. Aditu askok diote beste kirol arduradun batekin San Antonio aro bateko erregea izanen zela.
detroit pistons
Alde: Jarduneko txapelduna. Fedea dute eta fedea da giltza. Lakers ahaltsua gainditu zuten ekainean, eta ez dute hura baino talde hoberik aurkituko titulua errepikatzeko bidean. Etorkizun oneko jokalari asko ditu: Billups, Richard Hamilton, Rasheed Wallace, Tyshaun Prince, Ben Wallace...
Kontra: Talde lana dute bizibide, baina une erabakigarrietan erantzukizuna bizkar gain hartuko duen jokalaria falta zaie.
minnesota timberwolves
Alde: Talde bikaina dute eta Eddie Griffin fitxatu dute. Iazko taldearen antzekoa da, baina iaz lesio asko izan zituzten, eta ez zuten denek batera jokatzerik izan. Izar zerrenda ikusgarria da; Garnett, Sam Cassell, Latrell Sprewell, Szczerbiak, Michael Olowokandi...
Kontra: Urteak daramatzate goi-goian, baina, era berean, urteak final handia jokatu ezinda. Beti geratzen dira koska bat beherago, eta urtea joan, urtea etorri, konfiantza galtzen du jokalariak.
denver nuggets
Alde: Garaipen gose handia duten jokalari gazte eta bikain asko dituzte, eta eurena izan da marka onena Ligako aurre-denboraldian: 7 garaipen eta partida bakarra galdu. Andre Miller antolatzaile aparta da, Voshon Lenard jaurtitzaile fina, Carmelo Melo Anthony izar distiratsua eta saskipean, beldurra: Kenyon Martin, Nene Hilario, Marcus Camby, Francisco Elson eta Rodney White.
Kontra: Gaztetasunaren ajeak. Baloi bakarra dago jokalari berekoi askorentzat eta eskarmentu gutxi dute titulurako kanporaketetan.
-
Udako fitxaketak
KENYON MARTIN
Denver Nuggets
Ligako pibot indartsueneta-koa da. 2.08 luze da, 120 kiloko morrosko sendoa. Eraso jokoan ez da abil-abila, baina indarrarekin estaltzen du hutsune hori. Defentsa lanean bikaina, oso fisikoa. Txapelak jartzen NBAko onenetakoa izan zen azken denboraldian eta erreboteak hartzen ere bai.
STEVE NASH
Phoenix Suns
Orain urte batzuk jokatu zuen taldera itzuli da joko antolatzaile kanadarra. Dallasek kontratua berritzea eskaini zion, baina aukera baztertu zuen, ziur aski taldeak ez zuelako neurririk ematen titulua lortzeko kanporaketan. Talde polita egin dute Phoenixen eta talde hori gidatzeko proposamena onartu du. Shawn Marionen eta Amare Stoudamiren gidari izango da.
STEVE FRANCIS
Orlando Magic
Sekulakoak eta bi lortuko zituela saldu zen NBAn hasi zenean. Ez hainbeste, ez hain gutxi. AEBetako ohiko shooting-guard-a da Francis (antolatzaile-jaurtitzailea). Berekoia da, baina ona. Bere jokoa eta dohainak taldearen mesedean bilakatzen asmatzen duen entrenatzailea agertuko ote da Orlandon? Hala ez bada saskiratzaile onenen zerrendan lekua izango du Francisek berriz. Alferrik.
ODOM-BUTLER-GRANT
Los Angeles Lakers
Shaquille O'Nealen truke Kaliforniara iritsi den hirukoa da hori. Zer emango duten, zer lagundu dezaketen baino, O'Nealen jarduna pareka dezaketen da galdera. Ez dira herrenak, baina hainbestekoa da O'Nealen garrantzia... Lakers ez da faborito adituentzat. Bada zerbait.
SHAQUILLE O´NEAL
Miami Heat
Lakers ez da faborito, baina Miami ere ez. Izar handiek laguntzaile onak behar dituzten seinale. Ligako saskiratzaile eta erreboteatzaile onenetakoa izango da O'Neal. Txapeldun zer den badaki, dagoeneko, eta agian horrekin konforme da, Floridako eguzkiaren epelean.
TRACY MCGRADY
Houston Rockets
O'Nealen kontrako kasua. Hainbat sari irabazi ditu saskiratzaileen sailkapenean, baina eraztunik ez du lortu. Orlandon epe bat bukatu du eta Houstonera, Yao Ming erraldoiaren altzora joatea hobetsi du. Mendebaldea eremu gaiztoa da, dena den, arrakasta bilatzeko.