Ikastera joan zen Ander Romarate Londresko Paralinpiar Jokoetara, eta eskarmentuaz gain, diploma bat besapean hartuta itzuliko da Eibar aldera. 19 urteko igerilariak atzo lortu zuen: S5 mailako –zangoak mugitzeko arazoak dituztenen maila– bizkar estiloko 100 metroko finalean zazpigarren izan zen, 1.12,01eko markarekin. Dominetatik urrun gelditu zen dena den, brontzea eskuratu zuenetik hiru segundo eta erdira; lanean jarraitzeko akuilu.
Kirol arloan atzoko finalean sartzea zen Romarateren helburua, eta goizean lortu zuen (1.12,00). Lasai ureratu zen finalean, sailkatze faseko zazpigarren denboraren jabe zela jakinda. Lehen kalean aritu zen, eta zazpigarren postu horretan erregular mantendu zen. Zazpigarren denborarekin iritsi zen, zazpigarren egin zuen lehen luzea, eta zazpigarren izan zen bukaeran.
Lehen 50 metroak 34,67ko markarekin osatu zituen eibartarrak, lehen sailkatuarengandik urrun (31,27), eta seigarrenarengandik 70 ehunenera. Zortzigarrena, berriz, ez zuen urrun, eta postua defendatzea zen lana bigarren luzean. Azken 50 metroetan hortzak estutu eta ez zuen postua galdu. Urrezko domina Konstantin Lisenkov errusiarrak irabazi zuen (1.05,43). Romarateren parte hartzea larunbatean bukatuko da; estiloetako 4x100 metroko proban parte hartuko du Espainiako selekzioko laukotearekin.
Oribe eta Oroza, gaur
Egun bete-betea izango da gaurkoa Londresen euskal atleta paralinpiarrentzat. Richard Oribek estilo libreko 100 metroetako probanparte hartuko du; Aitor Oroza txirrindulariak erlojupekoan, eta Asier Garciak final-laurdenetako partida jokatuko du Kanadaren aurka Espainiako aulki gurpildunekoen saskibaloi selekzioarekin.
Oribe laugarren izan zen 50 metroko proban, eta gaur du orduko arantza ateratzeko aukera. Ehunen gutxi batzuengatik ez zuen bere ibilbideko hamabosgarren paralinpiar domina lortu. Goizean jokatuko du 100 metroko sailkapen txanda (12:46), eta, sailkatuz gero, gauean, finala (21:51). Hamasei parte hartzaileen urteko markei begiratuz gero, hirugarrena du Oribek.
Aitor Oroza arratsaldean lehiatuko da (17:45), T1-T2 mailako erlojupekoan. Zortzi kilometroko ibilbidea bete beharko du bere trizikloarekin, Brands Hatceko zirkuituan, eta zaila izango du dominen lehian sartzea. Orozaren maila T1 da berez, baina T2koekin nahastuta lehiatzean urritasun maila txikiagoa duten aurkariekin neurtu beharko ditu indarrak. Guztira 19 parte hartzaile dira, eta gizonezkoak eta emakumezkoak batera lehiatzendira. Pekinen diploma lortuzuen, eta bigarren izan zen beremailakoen artean.
Azkenik, Espainiako aulki gurpildunekoen saskibaloiko selekzioak Kanadaren aurka izango du jokoan finalerdietarako txartela (20:00). Asier Garciak zaila izango du aurrera egitea, Kanada oso aurkari indartsua baita, munduko selekzio onenetako bat.
Diploma ez da oroigarri txarra
Ander Romarate zazpigarren izan da S5 mailako Paralinpiar Jokoetako 100 metroko bizkar estiloko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu