Den-dena dago neurtua Illunben. Prentsa agerraldia hogei minutukoa da, eta prentsa arduradunak zintzo betearazten du Sito Alonsok baimendutako tartea. Javi Salgadok (Bilbo, 1980) egun pare bat pasatu du Bilbon, eta indarberrituta ekin die lan saioei.
Bukatu da liga erregularra, eta atseden egun batzuk ere eduki dituzue kanporaketei neurria hartzen hasteko. Nola zaude? Nola dago taldea?
Taldeak ondo barneratu du liga erregularra bukatu dela, bosgarren postuan, historiako postu onenean. Ez dut uste inork pentsatzen zuenik hain postu onean bukatuko genuenik, eta lehen hamar jardunaldi kaskarrak ikusi eta gero, are gutxiago. Orain fedea dugu, eta pentsatzen dugu finalerdietara iristeko gai garela, Valentzia talde gaiztoa dela onartuta, baina Valentziatik garaipenarekin buelta gaitezkeela sinetsita gaude. Taldea grinatsu ikusten dut. Batek daki tamainako beste aukeraren bat izango ote dugun berriro urte batzuetan. Peter Lorantekin gogoratzen naiz. Aurreko sasoian, urrezko LEB ligan zebilen, eta sasoi honetan, ACB ligako kanporaketak jokatzen. Ni neu, orain urtebete, liga 13. postuan bukatuta, edo David Doblas, zazpi urte hemen eta kanporaketarik jokatu gabe. Zer esan Andy Pankori buruz, 34 urterekin dagoeneko… Bizi eta baliatzen jakin behar diren egoerak dira.
Zer sumatzen duzu inguruan? Zer giro?
Bilbon egon izan naizenetan, zoriondu egin naute. Donostian ere, euren poza helarazten dizute. Garaipenekin baino gehiago, gure jarrera onarekin. Gu garaitzeko akabatu egin behar gaituztela erakusten duen jarrera, menderatzen zailak garela. Zaleek gustuko dute kemen hori, ilusioa pizten du.
Bilbon eta Bizkaian ere antzeko bilakaera ezagutu zenuen.
Hala da, bai. Batasun handia dugu zaleekin, eta Illunbera etortzen hasi dena bueltatu egingo da hurrengo denboraldian. Etortzen bada, gehiago eskatuko du, erronkak handiagoak, eta taldea hazi egingo da. Taldeak diruarekin edo kantxan bizpahiru denboraldi on eginez hazten dira. Bigarrena da gure kasua.
Irailean halakorik lortuko zenutela esan izan balizute, medikuarengana zuzenean, ezta?
Azkar, gainera. Jakina da 2-8 balantzea genuela Sito Alonsok esandakoa. «Kopa da helburua», esan zigun. Bi partida zail irabazi genituen, eta dena aldatu zen. Pankok jokalari onena izan zitekeela sinetsi zuen; Manus hazi egin zen zaintza lanean [Manolis Papamakarios], David bezala [David Doblas], eta Jimmyk ligan bera baino jaurtitzaile hoberik ez zegoela ulertu [Jimmy Baron]. Fedea irabazi genuen, eta hor dago emaitza. Ez da erraza izan, zuloan egon eta bertatik ihes egin ostean normalena lasaitzea delako. 8., 9. edo 10. postuan egon eta «okerrago egon gaituk» pentsatzea, egindakoak ontzat emateko. Hor izan du eragina Sitok, anbizioa kutsatuz jokalarioi. Ondorioa: hemeretzi garaipen eta bosgarren postua.
Dena ez da burua, ordea.
Ez, garrantzi handia dauka, baina pistan ere lan handia egin dugu. Gauzak ondo irten daitezen, prestakuntza ordu asko sartu behar dira. Gure jokoa alaia eta dinamikoa da, baina dena dago landua, eta ezer ez, edo ia ezer ez, zoriaren baitan: nor saiatzen den erasoko errebotea harrapatzen, nork defendatzen duen kontraerasoan, nork jaurti behar duen, nork egin behar duen barneraldia, nork eta noiz egin falta taktikoak… Hori guztia landu egiten da. Motibazioa garrantzitsua da, baina oinarri taktiko on bat ere funtsezkoa da. Olympiakosek CSKAri irabazitako norgehiagoka adibide onena. Pankok partidako hogei puntu sartu baditu, ez da baloia eman eta «tori, zuk bukatu jokaldia» esan diogulako. Ez. Berarentzako jokaldiak egiten ditugu, biren arteko blokeoa, pick & pop-a [blokeoa egiten duena baztertu egiten da, urruneko jaurtiketa egiteko], blokeo itsua… Taktika aldetik aberatsagoak gara, eta hori beti da garrantzitsua.
Bi urterako etorri zinen Donostiara. Bete-betean asmatu zenuela esaten du lorpen historiko honek.
Nik Bilbon jarraitu nahi nuen, baina han nire parte hartzerik ez dutela nahi onartu ostean, garbi dut Donostia dela nire hurrengo geltokia. Pablo Laso hemen egonda, erabaki erraza izan zen. Kirol helburuak ez ziren bete aurreko sasoian, baina denboraldi honetan, niretzat ere bultzada handia da 20-22 minutu jokatuz taldea hain gora eraman izana.
Sasoi onean zaude: puntu garrantzitsuak; ia bost asistentzia partidako; defentsan ere asko hobetu duzu…
Arrazoi asko daude. Bigarren urtea da hemen. Taldea ezagutzen dut, taldekideak, kluba… Iaz hasiera ez zen erraza izan. Bederatzi urte Bilbon igarota, dena aldatzen da, ehun kilometro distantzia laburra izanagatik: egokitzapen prozesu bat behar da. Beste gako bat Sito Alonsok eman didan konfiantza da. Berak gauzatu hitza erabiltzen du asko. Aukera dudanean jaurtiketa egiteko, jokaldia bukatzeko eskatzen dit. Saiatzen naizenetan baino gehiago, eta portzentaje txarrak izanda ere bai. Kosta egin zait, batzuetan zortzi edo bederatzi hiruko lortzen ditudalako eta gehitxo direla pentsatzen dudalako. Gidaritzan, asistentziak ematen eta, gustura nabil. Defentsan, nabaria da Sitoren eragina. Asko eskatzen du, baina nola hobetu esaten dizu, eta taldekide guztiek parte hartzea lortzen du. Defentsa beti izan da nire ahulunea, eta pozik nago, hobetu dudalako, baina tira, defentsan txar samarra izanda ere, urte mordoa egin dut elitean eta pozik nago. Beti dago zer ikasia; Manusen defentsarekin, adibidez.
Stefan Markovic eta Nando de Colo ditu Valentziak. Pieza ederrak biak.
Bai, Markovic joko antolatzaile garaia da, fisikoa, bizkarreko jokoa egin dezakeena. Ondo korritzen du kontraerasoan taldekideak elikatzeko, ez da oso ona kanpoko jaurtiketetan, baina trebea da barneraldietan eta erritmo bizia jarri zalea. De Colo oso ona da. Ezberdina. Defentsan herren ibiltzen da, baina eraso jokorako sekulako talentua dauka. Hirukoak egiteko gai da, barneraldiak egiten saiatzen da bera baino garaiagoak diren jokalarien aurka, gertuko jaurtiketetan iaioa da…
Valentzia Serhii Listxuk eta Rafa Martinez gabe ariko da. Horrek faborito egiten al du Lagun Aro?
Ez. Hala ere, Valentzia da faboritoa, jokalariak aukeran dituelako. Laugarren bukatu du, guk baino koska bat gorago, eta bera da faborito. Guk ere arazo franko izan ditugu, eta buelta eman diogu. Valentziak ere emango dio buelta, kanporaketak direlako eta kanporaketetan ezin zarelako min hartuta daudenekin gogoratu.
Zein mezu eman dizue Sito Alonsok kanporaketei begira?
Konformagaitza da, eta zazpigarren geundenean ere laugarren edo bosgarren postua lortzeko borrokatzeko eskatzen zigun egunero. Geratzen ziren partida guztiak irabazi behar genituela esaten zigun, eta orain ere mezu bera helarazi digu. Geratzen diren partida guztiak irabazten ahalegindu behar dugula.
Zuri ere kontratua bukatuko zaizu sasoi bukaeran.
Ez gara elkartu oraindik, baina nik nire nahia plazaratu dut. Donostian geratu nahi dut, eta klubak badaki hori.
Saskibaloia. ACB ligako titulurako kanporaketak: Valentzia-Lagun Aro GBC. Javi Salgado. Lagun Aro GBCko jokalaria
«Diruarekin edo pixkanaka lanarekin egiten dira taldeak; bigarrena da gure kasua»
Dena lotuta dagoela dio Javi Salgadok. «Garaipenek konfiantza ematen dute, eta konfiantzak, garaipenak». Finalerdietan du burua, baina gogoratu du Valentzia dela faboritoa. Ondo ari da: «Sitok erakutsi dit nola hobetu eta taldekideengandik ikasi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu