Baikoko pilotaria

Iñaki Artola: «Disfrutatu behar dut; ez dakit halako zenbat aukera izango ditudan»

Gora egiten ari dira Iñaki Artola eta Ander Imaz, azken lau partidak irabazi eta gero. Hirugarren dira, eta sei garaipen dituzte, bigarrenek baino bat gutxiago. Aurrelari alegiarra «oso gustura» ari da.

(ID_13525574) (/EZEZAGUNA) img_20240123_123610
JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Baikok bi urtez binakako nagusitik kanpo utzi ostean, Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994) onenekin dabil berriz. «Gozatzen» ari da.

Askotan erreparatu diozu sailkapenari azken egunetan?

Ez. Badakit nola dagoen, baina ez diot asko erreparatu. Oso argi dut partida guztietan lehiatu behar dela, eta batzuk besteak baino garrantzitsuagoak direla pentsatzeak kalte egingo digula mesede baino gehiago. Partidaz partida joan behar dugu, eta bukatzean ikusiko dugu non gauden sailkapenean. 

Esan duzu badakizula nola dagoen sailkapena. Zer pentsatzen duzu hura ikustean?

Oraindik asko falta dela, eta ondorio gutxi atera daitekeela. Hirugarrenak gara, eta horrek asko pozten gaitu, baina aldeak ez dira handiak, ez gora begira, ezta behera begira ere. Bi partidak dena aldatu dezakete, are gehiago aurkari zuzenen aurka jokatuz gero. Asteburu bakar batean asko aldatu daiteke egoera.

Hori bai, argi dago sasoiko zaudetela: azken lau partidak irabazi dituzue.

Bai, eta kontuan hartu beharrekoa da. Gustura gaude azken emaitzekin, eta horiek lortzeko egiten ari garen jokoarekin eta ematen ari garen itxurarekin. Badugu konfiantza. Txapelketa hasieran, esan nuen txukun ari ginela baina koska txiki bat falta zitzaigula gure joko onena egiteko. Baina, azken partidetan, ondo ari gara.

Liderrei irabazi berri diezue: Erik Jakari eta Jon Mariezkurrenari. Halakoek konfiantza eta indarra ematen dute?

Dudarik gabe. Guri bultzada handia eman zigun Tolosan Peio Etxeberriari eta Zabaletari irabazteak [22-21]. Halako neurketa bat izaten denean, beti uste duzu edozeini irabaz diezaiokezula, baina, irabazten duzunean, sinesteaz gain barneratu egiten duzu. Partida hura irabazita, barneratu genuen  gai garela neurketa guztietan borrokatzeko, eta ez dugula bakar bat ere galdutzat eman behar. Ez da kasualitatea ondorengo neurketa guztiak irabazi izana.

«Sendoak, gogorrak eta lehiakorrak izan nahi dugu beti, eta lortzen 
ari gara. Bikote ona osatzen dugu»

Espero zenuten garai honetan sei garaipen izatea?

Ez nuen asko pentsatu non ibil gintezkeen. Banekien oso bikote indartsuak zeudela, zaila izango zela puntan ibiltzea, baina Anderrek eta biok elkarrekin jokatu genuen aurreko aldiak erakutsi zigun gai ginela goian ibiltzeko: ligaxkako bigarren posturako lehian aritu, eta hirugarren izan ginen. Nik ez nuen zalantzarik Anderren mailarekin. Nirekin bakarrik ez, beste batzuekin ere erakutsi du oso lehiakorra dela. Halaxe ari da. Bikote ona osatzen dugu. Hasieran, distirarik gabe aritu ginen, baina gero eta hobeto aritu gara.

Bikote gogorra zarete.

Kanpotik, joera dago bikoteak eta pilotariak ezaugarri jakin batzuekin identifikatzeko: batzuk artistak dira, beste batzuk jotzaileak, baina errealitatea zera da: irabazi nahi baduzu, denetik egin behar da. Anderrek eta biok bagenekien ez dugula partida asko erraz hausteko bezainbesteko kolperik, ezin genuela espero partida asko 22-10 irabaztea, eta lana egin beharko genuela, batez ere atzelari oso jotzaileen aurka. Horrela ari gara. Jakaren eta Mariezkurrenaren aurka 22-5 galdu genuen partidan izan ezik, bikote sendoa eta gogorra izan gara. Sendoak, gogorrak eta lehiakorrak izan nahi dugu beti, eta lortzen ari gara.

Zein da helburua?

Astero gure onena ematea, eta partida bakar bat ere ez ematea galdutzat. Sailkapenari begira aritzen bazara, arriskua dago partida batzuetarako indarrak gordetzeko asmoz beste batzuetan bete-betean ez aritzeko. Baina guk oso argi dugu guztietan lehiatu beharra dagoela. Epe luzerako helburu jakin bat izateak ez dizu laguntzen asterokoan irabazten. Alferrik da.

Igandean jokatuko duzue hurrengo partida, Tolosan, Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren aurka. Zer itxura hartzen diozu?

Itxura ederra du. Batetik, Tolosan jokatuko dugu berriro, eta igandez; ederra da hori. Bestetik, bikote gogorra eta langilea izango dugu parean; lehia gogorra espero dut. Azkenik, partida oso garrantzitsua da; irabaziz gero, bi bikote utziko genituzke atzean, eta gutxienez, kanporaketa jokatzea ziurtatuko genuke; ederra litzateke. 

Zer moduz ari zara?

Oso gustura ari naiz. Amaiera arte eustea da helburua. Hasieran, beherakada txiki bat izan nuen udan nuen jokoarekin alderatuz, baina gora egin dut berriro, eta azken partidetan oso gustura ari naiz.

«Jende asko dabil frontoian, eta pilota ikusteko gogo handia nabari da. Horrek asko pozten gaitu denok»

Bi urtez binakako nagusitik kanpo geratu eta gero, eskertu egin duzu berriz onenekin aritzea?

Bai, noski. Ikuspuntua aldatu zait: debutatu berritan, ia sakrifiziorik egin gabe txapelketan sartzen zaituzte, eta badirudi beti horrela izango dela. Txapelketak tentsioa eta nekea eragiten dizkizu, eta, batzuetan, bukatzeko gogoa piztu ere bai. Orain, ordea, bi urtez jokatu gabe egon ondoren, ezberdin bizitzen ari naiz txapelketa: ikusi dut zer den ez jokatzea, eta urtero jokatzea zorte handia dela, eta ez dagoela beti horretarako aukerarik. Horregatik, jokatzen ari naizen honetan, argi dut saiatzeaz eta txinpartarekin aritzeaz gain disfrutatu ere egin behar dudala. Ez dakit halako zenbat aukera izango ditudan. Pentsaera horrekin joaten naiz frontoira, eta disfrutatzen ari naiz. Gainera, txapelketa berezia eta polita izan da orain arte. Jende asko dabil frontoian, eta dezente jokatzen ari naiz gustuko tokietan: Tolosan, Labriten, Seguran...

Itzulera baten parekoa da?

Kanpotik hala ikusten da: orain hasi banintz bezala maila hau ematen. Baina, iaz ere oso gustura ari nintzen garai honetan, Bigarren Mailako binakakoan ordezkapenak egiten ari nintzenean; orain bezala. Erakusleihoa aldatu da. Baliteke nire kirol ibilbideko boladarik onenetako batean egotea, baina pixkanaka iritsi naiz horra, ez bat-batean.

Sumatu duzu jendeak gogoa zuela zu berriro sasoiko eta onenekin lehian ikusteko?

Gertukoek, bai; frontoira joateko plana egiten hasi dira berriro. Besteek? Ez dakit. Baina jende asko dabil frontoian, eta pilota ikusteko gogo handia nabari da. Horrek asko pozten gaitu denok.  

Gauzak gehiago baloratzen dira haien falta izan eta gero?

Erabat. Inork ez dit kendu pilotan aritzeko aukera. Iaz, ordezko lanak egin nituen, baita beste mota bateko partidak jokatu ere, eta horietan ahalik eta ondoen aritzen saiatu nintzen; gozatu egin nuen. Baina, aurten, gehixeago gozatzen ari naiz: onenekin ari naiz. Horrek, nahi gabe, gehiago saiatzera eramaten zaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.