Distirak ez du jaten ematen

Pablo Berasaluzek binakakoaren finalerdietako ligaxkari ekingo dio gaur Bilbon, Albisurekin, Olaizola II.a-Beroizen aurka. EPEL txapelketa antolatzen hasi zenetik ez da iritsi finalera.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Inor gutxik adina txalo entzun ditu Pablo Berasaluzek (Berriz, 1977) binakako txapelketan. Zortzi aldiz jokatu du, eta miresmena sortu izan du. Tantoa bukatzen gutxik bezain abila, eta ia beti jotzaile bat alboan. Distirak, baina, ez du jatenematen, eta 35 urterako bidean dagoen arren, ez du inoiz txapelik lortu. Gaur finalerdietako ligaxkari ekingo dio berriz, Albisurekin, eta Olaizola II.aren eta Beroizen aurka, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00). Lehen faseko hamalau partidak irabazi ondoren, azken horiek dira faborito garbi.

Bitxia da Berasaluzek binakako txapelketan egin duen bidea, eta egia da zortea ez duela izan lagun. 1999an hasi zuen, debutatu eta urtebetera, Aspek eta Asegarcek txapelketak banatuta antolatu zituzten urtean. Belokirekin jokatu eta finalera iritsi zen. Nagore eta Errandoneak zapuztu zioten ilusioa, 22-17, Donostian.

Urtebete geroago enpresek bakea egin zuten, eta txapelketa eskutik antolatzen hasi ziren. Urteak pasatu ahala Aspe eta Asegarceren interakzioa handiagoa izan zen, eta harreman horrek ateak itxi zizkion lehen urteetan. Asegarcek aurrelari beteranoen alde egin zuen hurrengo urteetan, eta 2003ra arte ahaztu egin zen Berrizko aurrelariaren magiarekin.

Belokiren eskutik itzuli zen, eta lehen fasean ondo ibili zen hasieran. Ligaxkako azken partidaren aurretik, baina, eskuin ekuko min larriak ez zion jokatzen utzi eta aurrerantzean Juantxo Kokak hartu zuen haren tokia finalerdietan zein finalean.Altzakoa eta Beloki txapeldun izan ziren urte hartan. 2004an antzeko bidea egin zuen, Oier Zearra kide hartuta. Final-laurdenetarako lehen partidara arte iritsi zen, baina hatz bateko minak ez zion jokatzen utzi. Koka izan zen berriz ordezkoa, eta haren bidea final-laurdenetako kitarako partidan amaitu zen. 2005ean Ruizekin jokatu zuen, eta lehen fasean bikain ibili zen. Jokaturiko lau partidak itxura ona emanez irabazi zituzten, eta txapelerako hautagai bilakatu ziren. Baina ez, final-laurdenetan Bengoetxea VI.aren eta Belokiren aurka galdu zuten.

Aurrelaria hiru urteko kirol txakalaldi sakon batean murgildu zen orduan, eta 2009ra arte ez zen itzuli binakakora. Beginorekin itzuli zen, berriz ere jotzaile bat alboan, eta finalerdietara iritsi ziren. Ligaxkan, baina, presioak ez zien utzi euren maila ematen. 2010ean berriz ere Autzakoa izan zuen alboan, baina emaitza ez zen hain ona izan, eta ez ziren lehen fasetik pasatu.

Iaz Apraizekin jokatu zuen, eta, agian, hura izan zen Berasaluzeren txapelketarik kaskarrena. Lehen fasean 11 partida jokatu eta bizkaitarrek lau bakarrik irabazi zituzten, finalerdietako langatik bi garaipenera. Aurten, berriz, azken bi urteetako esperientzia gaziak gozatzen ari da Jon Ander Albisurekin. Ezustekoa eman dute txapelketan, ligaxkako zortzi partida irabazita, eta publikoak harritzen jarraitu nahi dute, ea distirak jaten ematen dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.