Djokovic, Wimbledonetik kanpo

Haasek serbiarra kanporatu du, eta Federer, Murray eta Roddickekin batera ariko da finalerdietan

Erredakzioa
Donostia
2009ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tommy Haasek eman zuen eguneko ezustekoa atzo Wimbledonen. Alemaniarrak Novak Djokovic serbiarra kanporatu zuen, torneoko laugarren zerrendaburua, eta finalerdietarako sailkatu zen.7-5, 7-6, 4-6 eta 6-3 izan zen emaitza. Norgehiagokaren iraupena, berriz, bi ordu eta hiru laurdenekoa izan zen, emozioz betetako bi ordu eta hiru laurden. Izan ere, bi jokalariek lehia bizia izan zuten partida guztian zehar. Hala ere, Haasek izan zuen ekimena ia beti. Djokovic, aldiz, atzetik izan zen, gorabehera askorekin. Beste batzuetan ez bezala, oraingoan serbiarrak larrutik ordaindu zituen txakalaldi txiki horiek, aurkariak ederki asmatu baitzuen une erabakigarrietan lana behar bezala biribiltzen. Haas ez zen urduri jarri, eta horri esker lortu zuen garaipena.

31 urterekin, inoiz baino hobeto ari da alemaniarra belarrean jokatzen. Atzera begiratu eta Wimbledonen parte hartu duen 11 alditan egindako bidea ikusi besterik ez dago. Inoiz ez zen final-laurdenetara iritsi. Aurten bai, aurten gainditu du muga, ondo gainditu ere, finalerdietan baitago jadanik.

Haasen ibilbideak, hala ere, oztopo handia du bidean: Roger Federer. Alemaniarrak suitzarraren aurka jokatuko du bihar finalerdietan. Federerrek nagusitasunez irabazi zion atzo Ivo Karlovic kroaziarrari: 6-3, 7-5 eta 7-6. Bere sakeari esker iritsi zen final-laurdenetera Karlovic, baina Federerrek ederki indargabetu zuen arma hori. Behin hori lortuta, berea izan zuen garaipena. Suitzarra zuzen-zuzenean doa Wimbledongo zazpigarren finala jarraian jokatzera. Irabaztea lortuko balu, bi helburu lortuko lituzke: iazko arantza ateratzea -Rafa Nadal kataluniarraren aurka galdu zuen finalean- eta inork baino Grand Slam torneo gehiago irabaztea. Duela gutxi Roland Garros irabazi ondoren, hamalau torneo handi ditu bere garaipen zerrendan, eta Pete Sampras estatubatuarrarekin dago berdinduta. Beraz, Wimbledonen nagusituta, marka berria lortuko luke, marka historikoa, zalantzarik gabe.

Murray aise, Roddick larri

Andy Murrayk eta Andy Roddickek jokatuko dute beste finalerdia. Eskoziarrak erraz lortu zuen hurrengo kanporaketan sartzea, Juan Carlos Ferrero kataluniarrari hiru setetan irabazita: 7-5, 6-3 eta 6-2. Atzoko porrotarekin, amaitu da Ferreroren ametsa. Kataluniarrak gonbidapen bati esker jokatu du Wimbledonen, eta lan bikaina egin. Behin bakarrik iritsi zen hain urruti Londresko pistan, orain bi urte, hain zuzen ere. Murray, berriz, inoizko emaitzarik onena lortu du, inoiz ez baitzen finalerdietara iritsi.

Eskoziarrak baino askoz gehiago sufritu zuen Roddickek finalerdietan tokia lortzeko. Estatubatuarrak bost set behar izan zituen Lleyton Hewitt australiarra kanporatzeko: 3-6, 7-6, 6-7, 6-4 eta 4-6. Roddickek sakea izan zuen berriz ere makulu, guztira 43 ace lortu baitzituen, hau da, 43 puntu lortu zituen zuzenean bere sakearekin. Finala begiz jota du, 2004an eta 2005ean jokatu zuen finala.



Williams ahizpak, Safina eta Dementieva errusiaren aurka, gaur, finalerdietan

Gaur jokatuko dira emakumezkoen finalerdiak Wimbledonen. Ez da ezustekorik izan, eta torneoko lehen lau zerrendaburuak ariko dira: Dinara Safina, Serena eta Venus Williams eta Elena Dementieva, hurrenez hurren. Hau da, Errusia AEBen aurka. Iazko ekitaldiarekin alderatuz, berrikuntza bakarra dago, Safinarena, hain zuzen ere. Munduko lehen zerrendaburuak Venus izango du aurkari. Lehia gogorra espero da, biak ala biak jokalari bikainak baitira. Hala ere, Williams ahizpetako helduena espezialista da belar gainean. Haren estatistikak argigarriak dira oso: bost aldiz irabazi du Wimbledonen, azken biak jarraian. Dementievak eta Serenak jokatuko duten beste finalerdia ere oso parekatua izatea espero da. Serenak finalean egon nahi du bigarren urtez jarraian, eta noski, ahal izanez gero, iazko arantza atera eta irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.