Gizonezkoen zazpiko errugbian ere ez du dominarik lortuko euskal kirolak, baina ziurtatua du diploma bat. Zortzi onenen artean amaituko du txapelketa Vincent Iñigok, baina final laurdenetan galduta, bosgarren postua lor dezake gehienez.
16:00etan jokatu dute elkarren aurka ligaxkako azken partida Frantziako eta Espainiako selekzioek, eta 26-5 irabazi dute Iñigorenek. Hala lortu dute final laurdenetara igarotzea, eta Japonia izan dute aurkari. Finalerdietara igarotzear egon da Iñigoren taldea, baina azken minutuan Teruya Gotok lorturiko entsegu batek garaipena eman dio Japoniari (12-7). Zeelanda Berriaren aurka ariko da bihar Frantziako selekzioa (18:30).
Jokoak bederatzigarren postuan amaitzen saiatuko dira, berriz, Pablo Feijoo, Ignacio Martin eta Igor Genua, 9. postutik hamabigarrenerako postuak zehazteko lehen partidan Kenyari irabazi eta gero. Multzoko azkenak amaituta, Feijoo, Genua eta Martinek bi partida zituzten aurretik txapelketa zein postutan amaituko duten zehazteko. Aurrenekoan, 14-12 irabazi diote Kenyari, eta Ameriketako Estatu Batuak izango dituzte aurkari bihar.