Dominen lehiatik kanpo geratu dira eskubaloikoak, luzapenean galduta

Euskal eskubaloi jokalariek 26-27 galdu dute Frantziako selekzioaren aurka, eta ezin izan dute finalerdietara igaro. 

Patricia Elorza, lurrean. MARIJAN MURAT / EFE
jon olano
2016ko abuztuaren 16a
21:17
Entzun

Modu ezin gordinagoan galdu dute final laurdenetako partida Eli Pinedok, Ainhoa Hernandezek, Naiara Egozkuek, Nerea Penak eta Patricia Elorzak -min hartuta dago Nely Carla Alberto-. Partida osoan zehar aurretik joan ondoren, azken minutuan behartu du Frantziak luzapena, eta hamar minutu horietan gehiago izan da Frantziako selekzioa. Zapore gazidun diploma eskuratu dute horrela Jorde Dueñasek zuzendutakoek.

Indartsu hasi dute partida Dueñasenek; guztien artean, Nerea Pena nabarmendu da gaurkoan ere: hamahiru gol egin ditu, Espainiako selekzioak eginiko guztien erdiak. Gehiago izan da Espainiako selekzioa lehen zatian, eta zazpi golen aldearekin joan da atsedenaldira (12-5).

Lehen zatiaren lepotik izan du burua bigarren zatiko lehen erdiak ere, eta zazpi golen aldeari eutsi diote lehen ordu laurdenean Pinedok, Penak eta enparauek. Ordea, hortik aurrera aldea murrizten hasi da Frantziako selekzioa; defentsan bigunago eta urduriago aritu dira Dueñasek zuzendutakoak, eta partida amaitzeko minutu erdiren faltan lortu du Frantziako selekzioak 23nakoa.

Emaitza horrekin amaitu da denbora. Atzetik aurrera zetorren Frantziako selekzioa, eta luzapenak tenore beretik jarraitu du; 24-26 jarri da  aurretik lehenik, eta 25-27 gero. Erabakita zirudien partidak, baina gertu izan dute berdinketa Egozkuek-eta; markagailuan 26-27koa zegoela, azken segundoetan Penak eginiko jaurtiketa zutoinera joan da. Aukera galduarekin amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.