Donostian jokatuko du Sergi Vidalek

Hegalekoak urtebeteko akordioa sinatu du Lagun Arorekin; eskarmentu handia du: 13. denboraldia osatuko du ACB liganBehe-behetik hasi zen Baskonian, eta pieza garrantzitsua izan zen arabarren arrakastan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Mugimenduen zain ginen denok, eta bulegoa mugitzen hasi da. Ondo gainera. Lagun Arok Sergi Vidal hegalekoa fitxatu du urtebeterako, eta kanpoko lerroa itxura ona hartzen hasi da. Jimmy Baron eta Andy Panko estatubatuarren osagai ezin hobea izango da Vidal, kataluniarra bikote horrek egiten dituen gauza gehientsuenak egiteko gai delako: jaurtitzaile ona da —hiruko lerrotik batez ere—, baloia eramaten iaioa, trebea kontraerasoak bukatzen eta barneraketak egiten, eta defentsan ere Baron eta Panko baino jokalari osoagoa da.

Vidalen aldeko beste datu garrantzitsu bat da bere eskarmentu handia. 30 urte bakarrik ditu, baina bi aste barru pasa Donostian hasiko duen denboraldia bere kirol ibilbideko hamahirugarrena izango da. Joventuteko harrobian hazi eta hezi zen gaztetan, baina urte onenak Baskonian egin ditu. Proiekzio apaleko jokalari gisa egin zuen jauzia Gasteizera, baina urteen joan-etorrian Ivanovicen taldeko pieza garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. Hainbeste, taldeko kapitaina izendatu baitzuten Arabako hiriburuan egin zituen azken bi sasoietan.

Ikaragarria da Vidalek Baskoniarekin lortu duen garaipen zerrenda: Liga bat, lau Kopa txapelketa, hiru Superkopa, eta bitan Euroligako txapeldunorde—Lauko Finalean lau aldiz parte hartu du guztira—. Bere kirol ibilbideko zenbakiak ere aintzat hartzeko modukoak dira: 394 norgehiagoka jokatu ditu, 7.367 minutu denera, batez besteko hauekin: hemeretzi minutu eta 5,5 puntu partidako.

Vidalek Real Madrilen jokatu ditu azken urteak. 2009ko udan, eta inork gutxik espero zuenean, Baskoniak jokalaria saldu zion Real Madrili, 1,8 milioi euroren truke. Vidali pasa den udan bukatzen zitzaion kontratua Baskoniarekin, eta Kerejetak, jokalariaren truke konpentsaziorik jaso gabe geratu baino lehen, saltzea erabaki zuen. Egun haietan egin zen Prigioniren salmenta ere, eta Brad Olesonen fitxaketa Baskoniarekin, eta Madrilerako bidea hartu zuen Vidalek. Han egin dituen bi urteak, ordea, bere kirol ibilbideko eskasenak izan dira. Apenas jokatu dituen minutu gutxi batzuk partidako, eta asko minutu bakar bat jokatu gabe bukatu ditu. Ez zuen ez Ettore Messinaren ez Lele Mollinen konfiantzarik izan, eta, oraindik orain, zaila da ulertzen Real Madrilek Vidal zergatik fitxatu zuen. Real Madrilek kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera zuen, baina azken bi sasoietan gertatutakoa gogoan, bistakoa zen Vidalek ez zuela Real Madrilen jarraituko.

Mugimendu gehiago

Beste bi euskal taldeak bezala, abuztuaren 22an hasiko du denboraldi-aurrea Lagun Arok, eta mugimendu gehiago espero dira hurrengo egunetan. Izan ere, Sito Alonsok sei jokalari baino ez ditu gaur-gaurkoz, eta gutxienez 11 behar ditu lanean txukun hasteko. Litekeena da den-denak garaiz ez iristea, baina, normalean, gehientsuenak Donostian direla hasi beharko litzateke lanean taldea.

Bolo-bolo dabiltzan izenak dira Raul Neto eta Iaroslav Korolev. Neto joko antolatzaile brasildarra da, gaztea, 19 urtekoa. Apustu arriskutsua da, Brasildik irteten den lehen aldia baita, baina haren dohainak asko eta onak direla diote ezagutzen dutenek. Korolev ere begiz jota dute Illunbeko bulegoetan, eta, errusiarra etortzen ez bada, antzeko ezaugarriak dituen beste hegaleko baten bila hasiko dira. Saskipeko jokoari dagokionez, hainbat izen daude mahai gainean. Taldeak ez du baztertu Mohammed Koneri eskaintza egitea. Pibot atletikoa nahi du Alonsok, David Doblasen osagai lanak egingo dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.