Sochaux eta Zubieta. Anoeta eta Aljeria. Lau izen magiko, Liassine Cadamuroren (Tolosa, Frantzia, 1988) ibilbidea ulertzeko. Ez da ohiko jokalaria, berezkoak zentzu gutxi baitu haren jokoan. Erdiko atzelari izanik ere, hegalean ari da, eta, eskuina izanik ere, ezkerrean. Azken bi partidak segidan jokatu ditu, eta onartu duen arren ez zela behar bezala aritu Atletico Madrilen aurka, BERRIAri aitortu dio itxaropena duela hamaikakoan jarraitzeko. Ez da aste gozoa izan berarentzat.
Asko haserretu al zinen zeure buruarekin aurreko asteburuan, Anoetan?
Ba, bai. Kolpea izan zen niretzat, eta talde osoarentzat ere bai. Minduta amaitu genuen partida, eta ezinezkoa zait ezer onik gogoratzea partida hartatik.
Berehala itzuli al zinen zeure onera?
Gau hartan ez nuen begirik bildu, eta hurrengo egunean ere buelta asko eman nizkion buruari. Hori bai: entrenamendu saioekin hasi orduko hurrengo neurketari heltzen diozu bete-betean, eta orduan hasten zara ahazten. Lehen lan egunetik egon behar duzu kontzentratuta. Horren aurretik, zazpi jardunaldiz egon gara galdu gabe, eta orduan egindako gauza onak atera behar ditugu berriz. Hori da gure helburua.
Zure aukera galdu zenuelakoan zaude?
Espero dut ezetz. Philippe Montanierrek uste osoa izan du nigan lehen egunetik, eta hark eman dit Lehen Mailan jokatzeko benetako aukera. Atletico Madrilen kontra behar bezala aritu ez arren, ez nago etsitzekotan; guztiz kontrakoa: barruan dudana ateratzeko irrikaz nago.
Nola eragin diozue buruari neurketa garrantzitsu honen atarian?
Guretzat ezinbestekoa da irabaztea. Sei puntuko aldea aterako genieke, hala balitz: alde handia da. Astelehenaz geroztik dugu buruan Sporting; Atletico Madrilen aurkako hutsa ahaztua dugu. Gainera, etxean sendoagoak behar dugu izan bigarren itzulian. Egia da nahi baino emaitza traketsagoak bildu ditugula, besteak beste, pisu handiko aurkariak izan ditugulako. Horrek zerikusi zuzena izan du. Halere, ez zait iruditzen etxetik kanpo erosoago sentitzen garenik. Taldean, inork ez du nahiago Anoetan ez den beste inon jokatu.
Zer oroitzapen geratu zaizu Zubietara iritsi zinen lehen egun hartatik?
Eric Olhats ikuskatzailearen bitartez heldu nintzen hona. Lehen aldiz deitu zidanean, ez nion jaramon handirik egin. «Adarra jotzen ariko dituk!», pentsatu nuen. Ezin nuen sinetsi. Nire etxean, gainera, betidanik izan dira Espainiako Ligaren zaleak. Hiru eguneko proba bat gainditu behar izan nuen, beheko talderako balio nuen ala ez erabaki zezaten. Hasieratik, txundituta geratu nintzen inguruan ikusi nuenarekin: Zubieta, hiria, jendea… Astebete eskas lehenago, Le Havre taldearekin huts egin nuen antzeko azterketa batean. Ez nengoen nire onenean. Egun batzuk lehenago, Sochauxek jakinarazi zidan ez nuela taldean jarraituko. Jota geratu nintzen, blokeatuta. Hori haustea izan zen niretzat Donostiara etortzea; ezinbestekoa izan zen futbolari bihurtzeko. Hori behar zuen neure buruak.
Buruak galarazi al dizu, hain zuzen,lehen taldera lehenago ez iristea?
Kontzentratuago eta errazago jokatzeko aholkatu didate 14 urte nituenetik. Uste dut hutsegiteak leunduz joan naizela pixkanaka pixkanaka; bestela ez nintzen Realera helduko! Egia esan, huts galantak egiten nituen oharkabean. Esaterako, aurrelariari izkin egiten ahalegintzen nintzen, azken atzelaria izanik ere. Hona iristea ezinbestekoa izan da arlo horretan hobetzeko.
Izaera erasokorra duzun seinale al da oharkabean jardute hori?
Aurrelariaren atzetik jokatu nuen 16 urte izan arte. Egun batean, halabeharrez, entrenatzaileak esan zidan erdiko atzelari postuan joka nezakeela. Mutiko luzea izateaz gain, goitikako jokoa ere menderatzen nuen. Zigortuta zegoen taldekide baten tokia betetzeko erabakia izan zen… eta hortxe geratu naiz, atzealdean jokatzen.
Realzaleak, ordea, ez zaitu ikusi erdian jokatzen.
Hegaletik aritzea ere oso gogoko dut, erasoan laguntzeko aukera izaten baituzu. Niri baloia erabiltzea gustatzen zait, eskuin-ezker erdiraketak egitea. Hori bai, orain oso garbi dut defentsa lana dela atzelari baten lehentasuna.
Ezkerretik ari zara, ezkerra izan gabe ere. Hori da beste kontu bitxi bat.
Heziketa gunean makina bat ordu igaro dut, baloia jo eta jo ezker oinarekin. Eskuina izanik, ez zegoen beste irtenbiderik saiatzea eta saiatzea baino. Orain eroso sentitzen naiz bi aldeetan.
Aljeriako selekzioaren deia jaso zain zaude?
Itxaropen osoa daukat. Gauza handia litzateke niretzat, eta, gehienbat, familiarentzat. Ama dut aljeriarra. Aita, berriz, italiarra da. Jaiotzetik izan dut erabateko lotura amaren aldekoekin, eta futbol zelaitik harago doan zerbait litzateke selekzio horretan aritzea. Benetako aukerak dauzkat.
Noiz izango litzateke lehen partida?
Otsailaren 26an elkartuko ginateke, Gambiaren aurka jokatzeko. Vahid Halilhodzic hautatzaileak argi esan digu galtzeko beldurra burutik kentzeko berehala, zortzi urte baitaramatzagu etxetik urrun irabazi gabe. Talde berri bat eratu nahi du, eskarmentua eta gaztetasuna uztartuz, aurrerapauso bat emateko. Espainiako Ligan, Medhi Lacen [Getafekoa], Sofiane Feghouli [Valentziakoa], Hassan Yebda [Granadakoa] eta ni gara, jatorriz, aljeriarrak.
Frantziako gazte mailakoen deia ere jaso zenuen bere garaian.
Egonaldi baterako izan zen,18 urte nituenean. Errumaniaren aurka ginen jokatzekoak. Baina oker jo zidan kukuak, zangoko bikian min hartu bainuen. Patua izango zen.
Horretan sinesten al duzu?
Bai. Aspaldi ez dela, gainera, Aljer hiriburura joateko gogoz geratu nintzen. Kontua da Rayd Boudebouz lagunari [Sochaux taldeko jokalaria] hango urrezko baloia eman behar ziotela, eta hara gonbidatu ninduen. Bilbon hartu behar nuen hegazkina, baina kale egin zuen azken orduan. Lurrean geratu nintzen. Zerbaitegatik izan zela iruditzen zait; ez zen nire txanda. Etorriko da. Ziur nago.
Liassine Cadamuro. Realeko jokalaria
«Donostiara etortzea ezinbestekoa izan da futbolari bihurtzeko»
Realarekin jokatu ahal izateko, kontzentrazio hutsegiteak zuzendu behar izan ditu Liassine Cadamurok. Bartzelonaren aurkako partidan egin zuen debuta lehen taldearekin, eta aurki beste horrenbeste egin dezake Aljeriako selekzio nagusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu