Donostiarra Euskotren Ligan, eta Hondarribia Eusko Label Ligan, onenak izan dira Santurtziko (Bizkaia) ur nahasietan. Kale zozketak asko baldintzatutako estropadak izan dira gaurkoak, eta gogorra izan da korronteak baliatzen saiatzeko lehia. Eguna ondo salbatu dute bi ligetako liderrek, Arraun Lagunakek eta Urdaibaik.
Laugarren kalea baliatuta, bigarren luzean hartu du aurrea Hondarribiak, baina ez zen hori albiste nagusia: Urdaibaik 10. denbora egin du bigarren ziabogan. Horrela bukatu izan balitz, sekulakoa izango zen Ama Guadalupekoak sailkapen nagusian emango zukeen jauzia. Hirugarren luzean, ordea, atzetik aurrera egiten hasi da Bou Bizkaia.
Azken ziabogan Zierbena zen lehen postuan, segundo bat atzetik Hondarribia, eta zortzira Urdaibai. Hortik aurrera Hondarribia izan da nagusi, eta aise lortu du garaipena. Ikusgarria izan da Urdaibairen amaiera ere. Zierbena harrapatu du, 32 ehunenekogatik aurrea hartu dio, eta bigarren postua eskuratu du. Sailkapen nagusian lehen postuan jarraituko dute, baina puntu bakarrera dute Hondarribia. Bizi-bizi dago lehia.
Gainontzean, nabarmentzekoa izan da Lekittarrak lehen txandatik lortutako laugarren postua. Txanda horretan bertan, lehen ziabogan, aurrekalaria galdu du Santurtzik; uretara erori da Endika Moran, eta aukerarik gabe geratu dira etxekoak.
Itzuli da Donostiarra
Euskotren Ligan, Santurtziko estropada ona izan da Donostiako bi traineruentzat. Donostiarrak denboraldiko bigarren bandera astindu du, eta Arraun Lagunakek Oriorekiko hiru puntuko aldea berreskuratu du sailkapen nagusian. Gaur bigarren amaitu du liderrak, eta hirugarren Oriok.
Donostiarra errekuperatu da Orioko estropadako kolpetik. Gaur ere izan dute xextra epaileekin: argi gailendu dira uretan, baina hiru segundoko zigorra jarri diete ziaboga baten ostean Arraun Lagunakekin arraunak ukitzeagatik. Bantxak 12:51.08ko denbora egin du, eta Lugañenek 12:54.98. Denbora ofizialen zain egon behar izan dute garaipena ospatzeko.
Bigarren luzean egin du tartea Donostiarrak. Hirugarren kalea zen eurena, baina laugarren kalean zen Tolosaldea hasieratik atzean geratu dela baliatu dute haien kaleaz baliatzeko. Lehen bi kaleetan lehia estua izan dute Oriok eta Arraun Lagunakek.
Lehen txandan aise gailendu da Hondarribia, eta Tolosaldearen denbora ere hobetu du. Haientzat izan da laugarren postua.
Sailkapen nagusian lehen postuan jarraitzen du Arraun Lagunakek 50 punturekin. Oriok 47 ditu, eta Donostiarrak eta Tolosaldeak 39na.