Igor Susaeta
«Dirua behar dugu. Sosik gabe hau ez da aurrera aterako», bota zuen Ur Kirolak-eko presidente Iñaki Aranak hitza hartu zuenean. Donostia Arrauneko presidente Josetxo Fernandez Vaquerizak, berriz, ondokoa. «Diru asko behar da, trainerua ez delako borondatearekin egiten. Dei larria egin nahi dut». Donostiako alkate Odon Elorza, berriz, ez zen hain gordin mintzatu: «Diru pixka bat behar dugu, baina ilusioa ere handia da». Hirurek hitz egin zuten, Donostiako traineru bateratuaren, Donostiarra klub berriaren aurkezpen ekitaldian. Hartara, hitzarmena ere bertan sinatu zuten hiru aldeetako ordezkariek. Hori bai, ezer gutxi esan zuten kirol egitasmoari buruz. Egin kontu: kazetari baten galderari erantzunez esan zuten zein izango den entrenatzailea. Apenas argitu zuten ezer, baina kontu bat, behintzat, oso argi dago: klub berriaren egitasmoa aurkeztu dute, baina dirua behar da horren ardatz izango den trainerua uretaratzeko.
Beraz, aurkezpen ekitaldia baino, diru eskaera egiteko ekitaldia izan zela esan daiteke. Eta aspaldiko Donostia traineruaren garai loriatsuak gogoratzeko aukera ona. Izan ere, traineru horrek XX. mendearen hasieran egindako balentriak bata bestearen atzetik ikusi ahal izan ziren antolakuntzak prestaturiko bideo batean.
Baina irudi horiek zuri-beltzekoak ziren. Hortaz, hori bera, balentria horiek XXI. mendean egitea da egitasmoaren asmoa. «Ados jarri gara eta donostiarron nahia gauzatu ahal izan dugu. Ekimen honen bidez, Kantauri Itsasoan zehar hiria duintasunez ordezkatuko duen trainerua edukiko dugu», adierazi zuen Elorzak. «Pixkanaka-pixkanaka» egin nahi dute gorantz, «hiria dagokion mailan lehiatzeko», baina ekitaldian banatutako txostenaren arabera, hiru urteren buruan San Miguel Ligan egon nahi dute.
Printzipioz, KAE (Kantauriko Arraun Elkartea) Ligako lehen mailan lehiatuko da Donostiarra trainerua, Donostia Arraunek utzitako tokia hartuta -dena-den, ez zuten horren berri eman-. Izan ere, klub berriaren sorrerarekin, Donostia Arraunek eta Ur Kirolakek ez dute trainerurik edukiko. Bateletan eta trainerilletan, berriz, bakoitza bere kaxa arituko da, Donostiarrak ez baitu, ez trainerillarik ez batelik uretaratuko.
«DIRU SARRERA GUTXIAGO». Ur Kirolakek eta Donostia Arraunek trainerurik edukiko ez dutenez, euren «diru sarrera nagusiei uko egin» dietela nabarmendu zuen Vaquerizak: «Babesleak ziren dirua ematen zigutenak, eta orain hori galdu dugu. Beraz, hitzarmenaren arabera gure harrobiei ere diru kopuru bat ematen zaien arren, lan egiteko arazo gehiago edukiko ditugu. Halere, lasai egotea komeni zaigu». Egitasmo berriaren harrira, itxaropenak «normalak izan daitezela eskatu zuen Vaquerizak.
Aranak, aldiz, arraunlariak animatu zituen: «Urte batzuen buruan Donostiarekin zerbait polita egin daitekeela uste dugu. Olatu handitan sartu gara eta denetik egongo da». Momentuz, Donostiako Udalak eta Construcciones Moyua enpresak euren herena jarri dute. Orain, kluben herena falta da trainerua uretaratzeko.
«Ur handietan sartu gara, baina urte batzuen buruan Donostiarekin zerbait polita egin daitekeela uste dugu»
IÑAKI ARANA
UR KIROLAK-EKO PRESIDENTEA
«Hitzarmen honekin, klub bakoitzak bere diru sarrera nagusiei uko egin die, ez duelako trainerurik edukiko»
JOSETXO FERNANDEZ VAQUERIZA
DONOSTIA ARRAUNEKO PRESIDENTEA
Luis Mari Etxart izango da traineruaren entrenatzailea
Aurkezpenean ez zuten gaia aipatu. Apenas hitz egin zen kirol arloaz. Entrenatzailearen izena esan gabe alde egingo zutela zirudien. Baina galderak egiteko ordua heldu zen, eta hainbat komunikabidetan bezperatik zabaldu bezala, Donostiarra traineruaren entrenatzailea Luis Mari Etxart izango dela aitortu zuen Josetxo Fernandez Vaquerizak. Etxart lezoarra da, eta badu eskarmenturik traineruak entrenatzen. Izan ere, 1991 eta 1997 bitartean berak zuzendu zuen Hondarribiko Ama Guadalupekoa. 1998tik 2001era, berriz, San Pedro entrenatu zuen. Egitasmo berri honetan arraunlari dezente edukiko ditu bere esanetara. Vaquerizaren ustez, bi traineru uretaratzeko adina arraunlari dituzte. Prestatzaile fisikoa, sasoi honetan Zarautzekin aritutako Beñat Barrio izango da.
Kirola
Donostiarra klub berriak dirua behar du trainerua uretaratzeko
Dei larria» egin du Fernandez Vaquerizak, «ontzia ez delako soilik borondatearekin egiten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu