AEBetako dopinaren aurkako agentziak (USADA) Lance Armstrong txirrindulari ohiaren aurkako salaketa aurkeztu du, 1998tik 2011ra «dopinarekin azpijokoan» aritu zela leporatuta, Michele Ferrari, Pedro Celaya eta Luis Garcia del Moral medikuekin, Jose Marti entrenatzailearekin eta Johan Bruyneel managerrarekin batera. The Washintong Post AEBetako egunkariak kaleratu zuen albistea, atzo, eta ondoren baieztatu zuten alde guztiek, ohar bidez. Armstrongek EPO substantzia, testosterona eta kortikoideak hartu, estaltzeko substantziak erabili, eta odol transfusioak egiten zituela ziurtatzen duten hamar bat txirrindulariren testigantzak ere badauzkala argitu du USADAk.
Salaketaren arabera, dopina estaltzeko substantziak banatzen eta administratzen zituen Armstrongek 1998 eta 2005 artean, eta baita hazteko hormonak ere, 1996. urtea baino lehen. Horrez gain, 2009 eta 2010 urteetako odol laginak ere badituela jakinarazi du AEBetako dopinaren aurkako agentziak. «Froga erabat sendoak daude», zehaztu du USADAk Armstrongi berari bidalitako txostenean. Odol lagin horietan argi antzeman omen daiteke txirrindulariak odola manipulatu zuela —EPO arrasto argiak ere ba omen daude— eta odol transfusioak egin zituela. USADAk berak jakinarazi du hamar bat txirrindulariren testigantzak ere badauzkala froga gisa.
Kasuak aurrera eginez gero, Frantziako Tourrean lortu zituen zazpi garaipenak baliorik gabe uzteko arriskua dauka estatubatuarrak. Lehen ondorioa argia da: Armstrongek ezingo du parte hartu triatloietan; behin erretiroa hartuta, nazioarteko triatloi lehiaketetan aritzen zen estatubatuarra, oso maila altuan. Dopinaren aurkako munduko agentziak (AMA) ohar bidez jakinarazi zuen atzo oniritzia eman diola USADAk abiatutako prozedurari.
«Ni ez naiz inoiz dopatu»
USADAk txirrindulariari berari ere bidali dio salaketaren agiria, eta berehala erantzun du estatubatuarrak. «Salaketak ez dauka oinarririk. Bere arauak soilik aintzat hartzen dituen elkarte horrek orain 16 urteko salaketak berriz kaleratzeko asmoa dauka, niri triatloian aritzea galarazteko, eta Tourreko zazpi garaipenak baliorik gabe uzteko. Baina Justizia departamentuak bi urteko azterketaren ondoren alboratu zituen salaketak daude atzean, diruz erositako testigantzetan oinarritutakoak». Estatubatuarrak ohar bidez irmo gaineratu zuen bera ez dela inoiz dopatu.
Armstrongek azaldu du 25 urtez erresistentzia oinarri izanik lehiatu zela, «maila igo gabe», eta 500 kontrol baino gehiago egin zizkiotela tarte horretan. «Denak arauzko emaitzekin». USADAren «inpartzialtasun falta» salatu du txirrindulari ohiak.
Dopinaren aurkako agentziak salaketa jarriko dio Armstrongi
2009 eta 2010eko frogak dauzkala argitu du AEBetako agentziak; zazpi Tourrak galtzeko arriskua dauka ziklistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu