Sei dira jada Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatu diren taldeak. Porto, Malaga eta Manchester Unitedi beste hiru gehitu zitzaizkien atzo: Bayern Munich eta Valentzia F multzoan; eta Bartzelona G multzoan. Chelseak eta Celticek, atzo bertan sailka zitezkeen beste bi taldeek, berriz, beste bi astez itxaron beharko dute. Ingalaterrako taldeari, gainera, izugarri zaildu zaio sailkapena, Juventusen aurka 3-0 galdu eta Xakhtarrek Nordsjaellanden zelaian 2-5 irabazi ondoren. Danimarkako taldeari irabazi beharko dio Londresen derrigor azken jardunaldian, eta hori eginda ere kalera joan daiteke, Ukrainan jokatu den partidan Xakhtarrek eta Juventusek berdinduz gero.
F multzoan ezustekoa egon zen, Lillek Bate Borisoven zelaian irabazi baitzuen (0-2)—Frantziako taldeak lehen lau partidak galdu zituen—. Emaitza horrek Valentzia sailkatu zuen Mestallan Bayern Munichen aurka jokatu aurretik—18:00etan jokatu zen Bielorrusiako partida—. Alemaniarrek, berriz, nahikoa zuten puntu bat etxeko lanak egiteko, eta hori egin zuten, berdindu, bana.
G multzoan, berriz, Bartzelonak ziurtatuta zuen sailkapena irabaziz gero, beste partidan gertatzen zela gertatzen zela. Eta hori egin zuen Kataluniako taldeak, irabazi, oso erraz, Unai Emeryren Spartak Moskuri (0-3), eta berea du jada txartela eta lehen postua, Lisboan jokatutako norgehiagokan Benficak 2-1 hartu baitzuen mendean Celtic. Emaitza horrekin berdinduta daude portugaldarrak eta eskoziarrak zazpina punturekin. Benficak Celticek baino gol alde hobea du, baina egutegi okerragoa. Izan ere, azken jardunaldian Camp Noun ariko da, eta Celticek Spartak Mosku hartuko du.
H multzoan ere beste bi talde lehiatuko dira Manchester Uniteden atzetik sailkatzeko: Galatasaray eta Cluj. Turkiarrek 1-0 irabazi zioten Manchester Unitedi, eta errumaniarrek 3-1 Sporting Bragari. Azken jardunaldian Galatasarayk eta Clujek Ingalaterran eta Portugalen jokatuko dute, hurrenez hurren. Ez Manchesterrek ez Bragak ez du ezer jokoan. Galatasarayk Clujek baino gol alde hobea du.
Gaur beste sei talde sailka daitezke: A multzoan, PSG; B multzoan, Schalke 04 eta Arsenal; C multzoan, Milan; eta D multzoan, Borussia Dortmund eta Real Madril.
Dozena erdi dira dagoeneko
Bayern Munich, Valentzia eta Bartzelona final-zortzirenetan dira; Chelseari, ordea, izugarri zaildu zaio sailkapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu