Sito Alonso. Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Duela bi urte ez joatea maila galdu ostean ez joatea bezain arraroa zen»

Bihar Madrilen irabazten badu, Espainiako Koparako sailkatuko da GBC. Horrek, baina, ez dio loa kentzen Sito Alonsori. Hirugarren sasoia du taldean, eta ondo ezagutzen du kluba, eta bertan egoteagatik pasa daitezkeen kirol eta diru komeriak. Hala ere, ez diote eragin: «Ni beti egon naiz gustura Donostian, onean zein txarrean».

JUAN CARLOR RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Goiz euritsua da Donostian, eta hezetasuna sumatzen da Illunbeko pistan. «Bada, pentsa gaueko entrenamenduetan», zehaztu du Sito Alonsok (Madril, 1975). «Berogailua ezin dugu piztu, eta arropa termikoak darabilzkigu. Tira, denok, Winchesterrek izan ezik [Anthony Winchester eskolta estatubatuarra]. Mahuka motzean doa beti. Burutik jota dago».

Bihar Estudiantesen kantxan gozatzera irten behar duzuela diozu. Espainiako Kopan sartzea hain gertu izanda posible izango al da?

Bai. Talde honek jokatzen gozatzen ez badu, akabo. ACB ligan jokatzeagatik dugun zorteaz eta norberak bere maila ematea ez den zerbaiti buruz pentsatzen hasten bagara, agur. Kopan sartzeagatik jokatzen ari garela pentsatzen badugu... Nik beste helburu garrantzitsuago bat dut Madrilen: lehen itzulia amaituta, jaitsiera postuak sei garaipenera izatea. Bigarren itzulia luzea da, eta gu gure talde eta aurrekontu arloan ditugun arazoen jakitun gaude. Inoiz ez dakizu zer gertatuko den.

Zer moduz sentitzen zarete?

Irudipen ona daukat, batez ere nire taldeari dagokionez, badakidalako zer gertatuko den. Ez dakit bukaerako emaitza, baina badakit taldeak gutxieneko maila emango duela. Iragan sasoian ez nuen halako sentsaziorik, ez nekien zer pasatuko zen. Aurten desberdina da: nekaezinak dira, ez dute inoiz behera egiten.

Kopan ez sartzea bizkarrekoa litzateke zaleentzat. Eta aldagelan?

Jendeari gustatuko litzaioke, noski. Niretzat ez litzateke bizkarreko handia izango; nik ezagutzen ditut taldearen inguruabarrak: nolakoa den liga, non gauden. Askotan pasatu da Kopan sartzeko zorian egon diren taldeek gero maila galtzea. Nik esan diet hori jokalariei. Nik ez diet Kopan sartzeko eskatu, aukera historiko bat pasatzen ez uzteko baizik.

Asteleheneko kafea jokatzekotan, Kopan sartu baietz?

Bai, noski. Sasoi honetan nik beti Gipuzkoa Basketen alde jokatuko nuke kafea.

Hamasei partidetatik zortzi irabazi dituzue, eta zortzi galdu.

Eta galdutako zortziak, bat izan ezik, azken unera arte irabazteko zorian egon ginen. Jokalari hauen alde apustu egin dezakezu.

Espero al zenuen lehen itzuli hau?

Ez; ez, behintzat, udan. Baina taldea lanean hasi zenean, euren arteko harremana ikusita, jokalari garrantzitsuenek taldekideekin duten harremana, multzoaren bilakaera... Lehiatzen nola hasi ginen ikusita, orduan bai. Irabazteak, dena den, beti ematen du lasaitasuna.

Taldearen konpromisoa handitu egin duzu. Hori lortu nahi zenuten?

Beti lortu nahi izaten da hori, baina ez da beti lortzen. Gurea bezalako talde batera orain etortzeko... Jende askok agian ez duelako jakingo, baina arazo handi bat dugu gainean; nik ez dakit Gipuzkoa Basket denboraldia egoera ekonomiko onean bukatzeko gai izango den, oso zaila da. Arazoak ditu orain, eta izango ditu sasoi honetan. Talde barneko jendea ahalegin handia egiten ari dela jakinda, ez baldin badituzu beste hainbeste egiteko gai diren jokalariak fitxatzen, alegia, arazo ekonomikoak egon arren euren onena emateko gai direnak, bada, arazo bat duzu. Hori fitxatu dugu. Jokalari garrantzitsuenek hemengoen oinarria, Doblas, Salgado... ezagut dezatela, eta, ezagutzen ez dutenak gose izan daitezela.

Arazo ekonomikoak aipatu dituzu. Hainbesterako al da?

Egoera oso txarra da; hori ondo jakin behar du jendeak: egoera oso txarra da iragan sasoitik, oso oso larria. Babesle nagusirik ez izateak defizit ekonomiko jakin bat izatea eragiten dut. Nik horri buruz ez dut hitz egin behar, nik nabari dezaket, eta aurrezten saiatu gaitezke, nola edo hala, taldeari gastuekin laguntzeko. Eta taldetik esan digute sasoi zaila izango dela arlo horretan, eta normala da.

Soldatak behar bezala ordaindukodiren beldur zarela dirudi.

Baina hori normala da; normala da taldeak sasoi honetan horrelako atzerapenak izatea. Hori talde guztietan pasatzen da, eta Gipuzkoa Basketen inoiz ez. Baina normala da halakoak pasatzea; pasatu dira, eta pasatuko dira.

Izutu nauzu. Uste nuen sumendia lehertuko zela.

Ez dago inolako sumendirik, errealitate bat da, besterik ez. Lasaitasunetik diot, jokalariek ezagutzen dute hori, eta badaki hilabete bateko bosgarren egunean kobratu beharrean, agian, hurrengo hilabeteko bosgarren egunean kobratuko duela. Edo ez. Horrek ez du esan nahi egoera horretan eroso egongo zarenik, baina behintzat badakizu, eta taldea lanean ari da eragozteko. Baina tira, jokalari multzo hau, ona da horrelako egoera bat kudeatzeko.

Hori ikasi zenuen iragan sasoian?

Gauza asko ikasi nituen, pila bat, baina ondo eginikoak ere ikasi nituen: iparra ez galtzearen garrantzia, nor zaren ez ahaztea... Gauza handia da urte historiko baten ondoren sailkapeneko beste muturrean egotea eta 5.000 ikusletik ez jaistea.Taldean txipa aldatzea kosta zitzaigun, Europan ezin egotetik maila salbatzeko lehiatzera pasa ginen. Baina harro nago ere gauza on asko egin zirelako.

Asko sufritu zenuen?

Bai, noski. Entrenatzailea sufritzera ohituta dagoen langile bat da, eta sufrimendua onartu behar du maila normalaz gorago doanean. Taldeak ikaragarri estutu zuen bere burua... Meritu handia izan zen taldearen izpiritua azken jardunaldira arte bizirik mantentzea, jokalari guztiek taldea salba zitekeela uste zuten.

Hala ere, zure kargua ez zen inoiz kolokan egon.

Ez nau beldurtzen horrek. Entrenatzaileak presiorako prest egon behar du, eta horrek ezin du lan egiteko modua aldatu. Nik lan egiteko modu bat dut, eta berdin egingo dut lehen sailkatua, bosgarrena edo azkena izan. Klubari hori gustatu zaiola dirudi.

Ez denboraldi onaren ondoren, ezta txarra bukatzean ere... Zuk ikusi al duzu zeure burua Donostiatik kanpo?

Ikusi dut... tira, oso zaila zen lehen urtearen ondoren ez joatea. Gauza konplexua da. Inoiz lortu gabeko arrakasten ondoren eta ordurako aurrekontua asko murriztua zuenean. Urte oso ona izan zen, eta haren ondoren entrenatzailea ez joatea, mailaz jaitsi ondoren ez joatea bezain arraroa da. Jendeak esaten du, «nola jarraitzen du Sitok maila galdu ondoren?». Nola jarraitzen du Sitok bosgarren izan ondoren? Horixe da galdera. Are gehiago, taldeak joateko aukera eman dionean, aurrekontua murriztu delako eta Europan jokatuko ez denean. Taldeak esaten dizu: «Sito, joan behar baduzu joan, ulertuko dugu». Bada ez, ni, orain, gelditu egingo naiz.

Eta zergatik jarraitzen duzu?

Gustatzen zaidalako. Gipuzkoa Basket gustatzen zaidalako, Donostia... Behin batek esan zidan, «eta ez duzulako nora joan». Ez da egia, izan dut aukera. Espainiako ligan, kirol aldetik ez oso erakargarria, baina bai atzerrian eta diru gehiago irabazita... Ni hemen gustura egon naiz beti, egoera guztietan. Eta, aizu, ez da gauza bera Donostian bizitzea edo beste nonbaiten. Gipuzkoa desberdina da, bizitza maila, jendea...

Eta hurrengo urtean?

Ez dut kontraturik. Ez zait gustatzen igarle lanetan aritzea. Ez dakit, nik talde oinarri sendo bat utzi nahiko nuke. Jendeak esan dezala, «gorriak ikusi dituzte arlo ekonomikoan, baina aurrera egin dute. Gipuzkoarrekin, eta Gipuzkoako balitz adina gose duen jendearekin». Hori da nire helburua.

Oso baikorra zara. Baikorregi akaso?

Ni ez naiz baikorra, ez zaidana gustatzen ezkorra izatea da. Bizitako gauzak bi modura har daitezke, eta dena biktima ikuspegitik hartzen duzunean... Horretan pentsatzen duzunean gauzak konpontzeko baliagarria izan daitekeen denbora galtzen ari zara. Gauzak ondo nola joan daitezkeen pentsatzen saiatzen naiz. Ni gauzak ondo nola joan bilatzen aritzen naiz beti, eta hori baikorra izatea bada, ni hala naiz.

Komunikatzeko ahalmen horrekin jokalariekin ondo konponduko zarela pentsatzekoa da. Baina, haien lagun izan al zaitezke?

Zaila da. Lagun izatea desberdina da. Baina giza arloa landu behar duzu, eta nik, hori, ikasi egin dut. Lehen ez nintzen halakoa. Marra bat zegoen, eta hortik ezin zen inor irten. Baina marra hori malgutzen jakin behar da. Netorekin... gazte etorri zen, euria... Ni, Donostian, bakarrik nengoen, eta nire alaba Badalonan (Katalunia). Ni ez banau inork ulertzen kostako zait nire lana egitea. Badakit zein arazo duen Ramsdellek, zein duen Salgadok, aita izan berritan, eta zein arazo dute Txakartegik edo Encinasek sansebatian egunean entrenatzen badut. Kideak zoriontsu izan daitezen lan egin behar dut, bestela galtzen irtengo naiz.

Talde askok ordaintzeko arazo oso handiak dituztela ezaguna da. Nola daramazu hori soldata jaitsi duen jendez betetako talde batean?

Arazo bat da. Amorrua ematen dit. Lehiaketak seriotasuna galtzen du, zuk jokalari batzuk fitxa ditzakezu, kopuru batzuk hitz emanez, eta gero, hiru hilabeteetara, kobratzen ez dutelako joan egiten dira, baina eurek lorturiko emaitzak gelditu egiten dira.Horrek min egiten die ordaintzen duten taldeei.Gure kasuan... Nik nire laguntzaileei beti esan diet, zuk kontratu bat sinatzen duzunean, eta arazo batzuk egon daitezkela dakizuenean, ez kexatu, bukaerara arte. Bi hilabetean ez duzula kobratzen? Ez zaudela ados? Joan zaitez, baina gelditzen bazara, bukaerara arte.

Diru publikoak mantendu du orain arteko saskibaloi eredua, baina iturri hori itxi egin da.

Arazoa zure aurrekontua diru publikoan oinarritzen duzunean dator. Egun, hori ezin da hala izan, jendea kexatu egiten da, begira zer bizi izan dugun Burgosen (Espainia). Jendeak salto egiten du, diru publikoa beste gauza baterako da. Kirol talde bat ezin daiteke diru publikoz mantendu, baina erakundeek lagun diezaiokete. Diruarekin? Ez. Enpresekin harremanetan jartzen, hiri baten irudia saltzen... Bestela ez da irtengo Gipuzkoako jokalaririk. Erreferente bat behar duzu. Jon Kortaberriak joan egin behar izan zuen, Mikel Motosek ez.

Baina ligak astindua behar du. Ez da inor jaisten, Euroligara talde berak doaz emaitza edozein dela...

Lanean ari dira, badakite ezin dela hala izan, eta oinarri aldaketa bat pentsatzen ari dira. Ez dakit aurrekontu txikiena duten taldeek liga propio bat jokatu behar duten, eta gero goikoak hartu etxean, jende asko biltzeko... Zerbait arraroa egin behar da. Aldatu ezean, porrot egin dezake ligak.

Gipuzkoa Basketek Donostiako jendea harrapatu duela uste al duzu?

Bai, batez ere nortasun jakin bat dagoelako. Gipuzkoako gizartean ikusi dut. Isilpean lan handia egiten du. Nik bilakaera sumatu dut. Ni, Joventutekin nentorrenean, ez nuen horrelako inplikaziorik ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.