AIZKORA

Durango, urteko onenaren zain

Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da bihar; Nazabalek du txapelari eusteko erronka nagusia

2005eko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Durangon (Bizkaia) jokatuko daEuskadiko Maila Nagusiko finala lehen aldiz, bihar. Murueta Torre auzoko Landako kiroldegian jokatuko da (ETB, 12:30). Finalistak bi herrialdetakoak dira. Nafarrak, Nazabal eta Barberena, eta gipuzkoarrak,Olasagasti, Azurmendi, Peñagarikano eta Mugertza. Launa kanaerdiko, launa 60 ontzako eta launa oinbiko ebaki beharko dituzte.

Iazko Aguraingo finalarekin alderatuta, Larretxea ez da ariko eta Mugertzak beteko du haren lekua. Mutrikuarrak ez zeukan burua finalean, kanporaketan gustura aritu bazen ere; asteartean onartu zuen aritzea. Iazko finala Nazabalek irabazi zuen, lana beltz eginda. Izan ere, saioa amaituta aitortu zuen irabaziko ez ote zuen beldur izan zela . Lehen hiru enborretan aurretik jardun zuen. Laugarren enborra amaituta, berriz, Larretxeak 25 segundoko aldea kendu zion, eta hirugarren oinbikoan hasi zen Nazabal nagusitzen.Azken bost urteotan, 37 minutu behar izan ditu txapeldunak 12 enborrak ebakitzeko. Beraz, denbora hori hobetuz gero, ez litzateke txarra izango. Bestalde, txapeldunak 11 minutuko aldea atera izan dio azken sailkatuari, gutxi asko. 2002an, esatera, Nazabal txapeldunak 12 minutu eta erdiko aldea atera zion Mugertzari. Barberenak, berriz, minutu eta 51 segundokoa atera zion Mugertzari; Barberena bosgarren sailkatu zen.Aurtengo Euskadiko Txapelketako kanporaketan Nazabalek egin zuen denborarik onena (15.57). Hurrenez hurren, Olasagasti (17.36), Larretxea (18.40), Peñagarikano (19.11), Azurmendi (19.22), Barberena (19.27), Mugertza (20.10).

Atzo aurkeztu zuten Nazioarteko lehiaketa

Bestetik, azken bost urteotako ibilbideari so eginda, 2002an egin zituzten denborarik onentsuenak orduan lehian aritu zirenek: Nazabalek, Azurmendik, Barberenak eta Peñagarikanok, Mendaron hain justu.

Nazabal eta Olasagastik izan dezakete lehia nagusia txapela janzteko. Elkarren aurkako azken neurketa gogorra Donostian izan zuten, Urrezko Kopan. Nazabalek jantzi zuen txapela, eta Olasagastiri minutu bat eta 27 segundoko aldea atera zion.Urriaren 30ean, Australia, Zeelanda Berria, AEB eta Euskal Herriko aizkolariak lehiatuko dira Donostian. Biharko lehen bi sailkatuak ariko dira Euskal Herria ordezkatzen. Atzo aurkeztu zuten nazioarteko lehiaketa, eta ikusgarria izango dela adierazi zuten.

Finaleko sei aizkolariak



 

floren nazabal





Datuak: Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) sortu zen orain dela 36 urte. 90 kilo ditu eta 1,84 metroko garaia. Hamabosgarren finala jokatuko du.

Lorpenak: Bi txapel ditu. Orain hiru urte jantzi zuen lehena. II. Mailakoa 18 urte zituela lortu zuen eta bitan Gazte Mailakoa. Nafarroakoa bitan irabazi du.

Finalari begira: «Ahalik eta atseden handiena hartu dut. Azkenaldian txapelketa asko ari gara jokatzen, eta gorputzak igarri egiten du. Okerrik ezean, saio polita egiteko moduan nago; iazkoa eginez gero, pozik».

joxemiel peñagarikano





Datuak: Beizaman (Gipuzkoa) jaio eta Usurbilen bizi da. 48 urteditu, 86 kilo eta 1,81 metroko garaia. Hamahirugarren final handia jokatuko du.

Lorpenak: Txapel nagusia behin irabazi du (2000), eta baita II. Mailakoa ere (1987). Gipuzkoako Txapelketa Nagusia ere behin irabazi du (1998).

Finalari begira: «Azkenaldian gehixeago ari zait kostatzen errekuperatzea. Ez dut hobera egin eta lan saio arinagoak egin behar ditut. Halere, iazko 5. postua hobetzea espero dut».

Joxemari Olasagasti





Datuak: Igeldon (Gipuzkoa) jaio zen orain 47 urte. 101 kilo ditu eta 1,91 metroko garaia. Hamalau urtetik goragoko eskarmentua du finalean.

Lorpenak: Euskadiko Maila Nagusiko 4 txapel ditu, eta sei aldiz izan da txapeldunordea. Gipuzkoako Txapelketa bederatzi aldiz irabazi du; azkena aurten.

Finalari begira: «Finala jokatzen dugun guztiok dugu gure helburua, eta nirea bigarren postua ziurtatzea izango da. Iazko denbora behinik behin hobetzeko moduan nago prestakuntza aldetik»

joxejuan barberena





Datuak: Berueten (Nafarroa) sortu zen orain dela 47 urte eta Lekunberrin (Na) bizi da. 86 kilo ditu eta 1,77 metroko garaia. Bosgarren finala jokatuko du.

Lorpenak: Euskal Herriko II. Mailako txapela bitan jantzi du. Ohikoa da Nafarroako Maila Nagusiko finalean, eta aurtengoan ere ariko da, azaroan.
Finalari begira: «Iaz gehiegi prestatu nintzen eta ez nuen lortu finalerako errekuperatzea; bizitasunik gabe aritu nintzen. Aurten ez naiz hainbeste entrenatu, baina gustura nago».

iñaki azurmendi





Datuak: Beasaingo Arriarangoa (Gipuzkoa) da. 33 urte ditu, 98 kilo eta 1,85 metro. Laugarren finala du, eta orain dela bost urtekoa ezin izan zuen jokatu.

Lorpenak: Euskal Herriko III. Mailako txapelduna (1996) eta txapeldunordea II. Mailakoan. Gipuzkoako Maila Nagusiko txapela 2003an irabazi zuen.
Finalari begira: «Nire burua zertxobait motibatuago ikusten dut, nahiz eta onartu ez dudala beste munduko gauzarik egingo. Txapeldunak hiru minutuko aldea baino txikiagoa ateratzen badit, ontzat emango dut nire lana».

Fausto Mugertza





Datuak: Mutrikun (Gipuzkoa) jaio zen orain 46 urte. 81 kilo ditu eta 1,79 metro. Bigarren finala du jokatuko du, eta bietan beste aizkolari baten lekuan.

Lorpenak: Euskadiko II. Mailako txapela bitan irabazi du; azkena orain 10 urte.Gipuzkoako Txapelketa Nagusian iaz egin zuen posturik onena (5.).

Finalari begira: «Nire kezkak eguraldia eta oinbikoak dira. Fresko egiten badu, Barberena estutuko dut. Horretarako, ordea, etxeko lana egin behar dut, ez aurtengo Gipuzkoako finalekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.