Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 20 kirol federaziori munduan Euskadi ordezkatzea eragotzi die. Epaia eman artean erabakia kautelazkoa da.
Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eskatuta aztertu du Auzitegi Nagusiak kasua. "Espainiako irudia babesteko" asmoz, Luesmak joan zen uztailean iragarri zuen 19 euskal federazioren estatuen kontra helegiteak jarriko zituela, "haien estatutuek EAEko ordezkaritza gainditu eta euskal kirola nazioartean ordezkatzea ahalbide dezaketelako".
Espainiako Gobernuaren iritziz, EAEko Kirolaren Legean dute oinarria federazio horien estatutuek. Kirolaren Legearen kontra ere helegitea jarri zuen bere garaian Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalean, "euskal kirolari estatuko eta nazioarteko ordezkaritza eman nahi ziolako". Haren iritziz, Espainiako Konstituzioko 149-1-3 artikulua urratzen du EAEko Kirolaren Legeak, "Estatuarena baita nazioarteko harremanen eskuduntza". Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi zuen bere garaian Euskal Kirolaren 16.6 artikulua, euskal federazioen ordezkaritzari zegokiona, eta ordezkaritza hori norbere lurraldera bakarrik mugatu zuen.
Auzitegi Nagusiak orain ez du erabaki bera hartu herri-kirolen inguruan, honek ez duelako Espainiako federazioekin harreman zuzenik.
Orain egun batzuk auzitegiak Luesmaren helegiteak onartu zituenean, ESAITek zioen Espainiako Gobernua Euskal Herriaren kirol eta giza errealitatetik "oso urrun" dagoela eta Euskal Herriko kirol federazioen "etsai moduan" kokatu duela bere burua. "Euskal Herri gisa kirol diziplina guztietan nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea herri eskubidea da", esan zuen ESAITek, eta "behar bezalako erantzuna" emateko deia egin zuen, "bide berriak jorratuz, irudimenez eta ausardiaz".
Eusko Jaurlaritzak ere gogor kritikatu zuen bere garaian Espainiako Gobernuak helegitea sartzeko erabakia. Jose Maria Aznar gobernuburu zela baino gogorrago aritzea leporatu zion Jose Luis Rodriguez Zapaterori.
Kirola
EAEko Auzitegi Nagusiak 20 kirol federaziori munduan Euskadi ordezkatzea eragotzi die
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak eskatuta aztertu du kasua. "Federazio haien estatutuek EAEko ordezkaritza gainditu eta euskal kirola nazioartean ordezkatzea ahalbide dezakete", zioen Luesma ordezkariak helegiteak jartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu