Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Ederra, ulergaitza

Pierre Rolland gazteak irabazi du Alpeetako azken etapa, eta Alberto Contador Tourra hankaz gora jartzeko zorian egon daSamuel Sanchez bigarren helmugaratu da, eta Andy Schleck da lider, anaiaren aurretik

unai zubeldia
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Marka da gero hainbeste saiatuta hain gutxi lortu izana. Baina bejondeiola Alberto Contadorri (Saxo Bank). Ez etapa garaipenik, ez podiumerako pausorik, eta ez ezer. Datuei begiratuta, espainiarrak ez zuen ezer lortu atzoko etapan, Alpeetako azkenekoan. Baina asko lortu zuen. Garai bateko txirrindularitzaren edertasuna gogorarazi zuen Telegraphen, Galibierren eta Alpe d'Huezen gora. Huts egiteko beldurrik gabe eta ausart, ikuskizuna eskaini zuen Saxo Bankeko taldeburuak. Emaitzarik gabeko ikuskizuna. Baina ederra. Bezperan kolpe latza hartuta, Telegrapheko lehen maldetan jo zuen lehen erasoa. Eta Tourra hankaz gora jartzeko zorian egon zen. Etsi egin behar izan zuen gero. Baina hiru orduko gozatua eskaini zien zaleei.

Edertasunaren kaxatxoan sartu beharrekoa da Pierre Rolland frantziar gaztearen (Europcar) Tourra ere; eta, bereziki, atzoko etapa garaipena. Hasi eta bukatu, ulergaitza izan zen Europcar taldearen jarrera. Baina harribitxia daukate tartean. Rolland ikusgarri aritu da Tour guztian, Thomas Voecklerren mesedetan. Eta atzo jaso zuen saria. Contadorren joari bertatik bertara begiratu zion lehenengo; faboritoen arteko kontrol lanean lasai egon, eta taldeburuaren txakalaldiari ez zion jaramonik egin gero; eta egin behar zuena egin zuen azkenean: Samuel Sanchezen (Euskaltel-Euskadi) gehiegizko joari aldamenetik begiratu, eta Contador eta Sanchez, biak jota utzi. 24 urterekin, erakustaldi politak emateko gaia badaukala erakutsi zuen atzo frantziarrak.

Ederra izan zen etapa hastearekin batera sortu zen hamalau laguneko ihesaldia —tartean sartu ziren Gorka Izagirre eta Pablo Urtasun (Euskaltel-Euskadi)—; ederra Contadorrek 17. kilometroan jotako erasoa eta Andy Schlecken (Leopard-Trek) erantzun azkarra —liderraren maillota jantzita amaitu zuen etapa luxenburgotarrak, Frank anaiaren eta Cadel Evansen (BMC) aurretik—; ederra taldeburuek etapa guztian erakutsitako joa, Rollanden maila eta Samuel Sanchezen mendiko maillota...

Baina mugimendu ulergaitz asko izan zituen atzoko etapak. Gehiegi. Aldrebesetan aldrebesenen liderra bera ibili zen, Voeckler. Frantziarra zertan aritu zen esplikatzen dakienak altxa dezala eskua. Horrela ez dago Tourra irabazterik. Aurrekoei ezin segitu, atzekoei ez itxoin nahi, eta bitartean itzulia galdu. Ederra itxura frantziar antzerkizaleak eman zuena. Itsu-itsuan Contadorren eraso amorratuari erantzuten saiatu, eta bere ahaleginean ito zen atzo arteko liderra. Baina, itotzearekin nahikoa ez, eta baldar eta itsusi jokatu zuen gero. Indartsu zegoela erakutsi zuen Alpe d'Huez azken igoeran gora, ez zuelako atzerapen handirik pilatu—Rollandengandik 3.22ra iritsi zen—. Baina Telegraphen eta Galibierren gora galdu zuen podiumera igotzeko zeukan aukera ona.

Antzerkia egiten abila da Voeckler, baina antzerkia baino zerbait gehiago egin zuen atzo. Txirrindulari hasiberri askok hark baino osoago jokatzen dute larritasun momentuetan. Ez du esango ziurrenik damututa dagoela. Baina motiborik badauka. Telegraphen gora erritmo aldaketa zoragarria eginda iritsi zen Contador, Andy eta Frank Schleck eta Evansen parera. Baina Evansekin batera ezinean geratu zen gainerako bost kilometro eskas falta zirenean —arazo mekanikoak izan zituen australiarrak, eta bizikleta aldatu behar izan zuen—.

Contador eta Andy Schleck aurrera, hamalau laguneko ihesaldia atzean utzita; Evans Liquigas buru zuen tropelaren zain; eta Voeckler erdi-erdian eman eta eman. Alfer-alferrik. 30 segundora zeukan aurreko bikoa, eta iritsi nahi zuen euren parera. Baina itsutu egin zen. Contadorrentzat eta Schleck anaietan gazteenarentzat, bientzat zen egokia egoera, eta luxenburgotarra erreleboka hasi zen Galibierren gora. Atzean, berriz, Liquigas eta BMC dena emanda zihoazen, Ivan Basso eta Evansen mesedetan —talde horretan zegoen Samuel Sanchez ere—.

Evansek erritmo bizi-bizia jarri zuen Galibierreko azken lauzpabost kilometroetan, eta dezente gerturatu zen Contador eta Andy Schleckengana —35 segundoren tartea zegoen Galibier gainean—. Voeckler, berriz, lehertu egin zen azken metroetan. Aurretik erasoa jota zegoen Samuel Sanchez, eta beherakoan bat egin zuen lasterketa buruarekin —Rui Costa (Movistar) eta Christophe Riblon (Francaise des Jeux) zihoazen Contador eta Andy Schleckekin batera—.

Sua zegoen Tourrean, baina Alpe d'Huezera bidean baretu zen dena. Heroiak, antzerkilariak, harribitxiak... denak batera ziren tropelean. Lehen maldak iritsi arte. Frank Schleckek piztu zuen sua, eta Contadorrek hautsi zuen oreka. Harena zen garaipena. Merezi zuen. Baina Samuel Sanchezek Contadorrenganaino gurpilean eraman zuen Rolland. Eta helmugarako 2,5 kilometro faltan utzi zituen eserita biak. Bi beteranoren aurrean, gaztea nagusi.

Evansek dena alde dauka

Azken kolpea besterik ez zaio geratzen aurtengo Tourrari: 42,5 kilometroko erlojupeko gogorra. Eta sailkapenari begiratuta, hiru txirrindularik dute itzulia irabazteko aukera. Andy Schlekek jantzi zuen atzo liderraren maillota, baina 53 segundora dauka anaia, eta 57ra Evans. Ondo bidean, dena alde dauka australiarrak, hain erlojupeko luzean gai izan beharko lukeelako alde hori jateko. Atzerago, urrutiegi, 3.55era dago Contador, eta 4.22ra Samuel Sanchez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.