Tati Garmendia. Bera Berako kirol zuzendaria

«Edozein titulu emango nuke Europan ligaxka jokatzearen truke»

Asteetan buru-belarri lan egin ostean, datorren denboraldirako taldea osatua du Garmendiak. Pozik dago. «Bizkarrezurrari eutsi diogu, eta, fitxaketak eginda, nahi genuen taldea dugu».

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak Bidebietan duen bulegoan bete-betean ari dira. Han da Tati Garmendia kirol zuzendaria (Donostia, 1974). Ohikoa duen naturaltasunez mintzatu da.

Asteotan lan asko izan duzu. Paula Arcosek, Cristina Poloniok eta Sara Gilek taldea utzi dute, eta Lyndie Tchaptchet eta Carmen Arroyo fitxatu dituzue.Datorren denboraldiko multzoa itxita dago?

Bai, printzipioz bai. Gero gerta daiteke, iaz bezala, lesio luzeren bat izatea, Sararekin gertatu bezala; edo, Elkerekin [Karsten] bezala, merkatuan aukera on bat sortzea. Baina espero dugu ezetz, horrek esan nahiko lukeelako ez dugula arazorik izan lesioekin. Baina urtero gertatu izan zaigu gorabehera txikiren bat, eta prest egon behar dugu.

Pozik geratu zara osatutako multzoarekin?

Bai, bizkarrezurrari eutsi baitiogu, eta, sasoi amaieran jada, Elkeren bertsiorik onena ikusten hasi ginen. Urtarrilean bueltatu zen klubera. Egoera zaila izan zuen Frantzian, eta, animoz, ez zen erraza izan harentzat. Asko emango digu bai joko aldetik, baita eskarmentu aldetik ere. Bestalde, Carmen Arroyo eta Lindye Tchaptchet gazteak dira, baina kalitate handia dute. Nahi genuen multzoa daukagu.

Zuk esan bezala, fitxatu dituzuen bi jokalariak oso gazteak dira. Orain arte, hori ez da ohikoa izan zuen fitxaketetan.

Egia da. Baina belaunaldi berriak indartsu datoz. Geroz eta lehenago ematen dute gorenerako urratsa, eta lehenago fitxatu behar ditugu. Eskubaloiak azken urteetan izandako bilakaerak horretara behartzen gaitu.

Zer eman diezaiokete taldeari?

Carmenek lehen lerroko edozein tokitan jokatu dezake. Erasoan, kanpoko jaurtiketa emango digu, eta barneraketetan ere ondo moldatzen da. Defentsan ere jokalari oso ona da. Lyndiek, berriz, fisikoa emango digu, bai erasoan eta bai defentsan. Jokalari garrantzitsuak izango dira biak. Gainera, uste dut bai multzoagatik bai jokatzeko eragatik erraz egokitzeko moduko taldea garela. Nahiz eta denbora behar izan.

Eta hain jokalari gazteak ekartzea ez al da mezu txarra harrobikoentzat?

Bigarren taldea gorago egotea nahiko genuke, lehen talderako urratsa horren handia ez izateko. Harrobiko lana ez da erraza. Batetik, gero eta eskaintza handiagoa dago beste kiroletan. Adibidez, garai batean baino neskato gehiagok aukeratzen dute orain futbola, ikusgaitasun handia lortu duelako. Bestetik, jaiotze tasa jaitsiz joan da, eta ume gutxiago dago. Pandemiaren ondoren ere jaitsiera izan da. Gai horrek hausnarketa eta lan handia eskatzen du, lurraldeko jokalaririk onenak hemen egon daitezen. Espero dugu aurreko denboraldiaurrean bezala harrobiko bizpahiru jokalari lehen taldearekin aritzea aurten ere.

Eta taldean segitzen duten jokalariek zertan hobetu dezakete?

Jokalari oso anbiziotsuak eta lehiakorrak dira, eta horrek berak hobetzen laguntzen die.

Paula Arcosek soilik denboraldi bat egin du Donostian. Hura joateak nola eragingo dizue?

Argi dago segitzea nahi genuela. Alde horretatik, pena dugu. Baina egungo eskubaloiaren ajea da. Jokalari askok denboraldi bakar baterako fitxatzen dute. Ez dute luzeagorako konprometitu nahi izaten, eta horrek asko zailtzen du kluben plangintza. Behintzat, bai Carmenek eta bai Lyndiek bi denboraldirako sinatu dute.

Eta Imanol Alvarezek jarraituko du taldea zuzentzen, beste bi urte luzatu baitu kontratua. Erraz konbentzitu duzue?

Bai, hemen gustura dagoelako, haren etxea delako. Nekez izango dugu entrenatzaile hoberik. Ia dena irabazi du. Denboraldi bakoitza erronka bat da harentzat. Oso langilea da, eta beti bilatzen ditu helburu berriak. Horrek gogoa eta indarra ematen dio jarraitzeko. Badaki hemen titulu guztiengatik borrokatu behar dela. Halere, ezin zaio eskatu urtero dena irabaztea. Duela bost urte edo, agian bai. Baina, orain, oso zaila da. Talde eta aurrekontu aldetik ere badira beste talde indartsu batzuk. Badaude guk baino aurrekontu handiagoa duten taldeak. Ondo dago jendea haserretzea ez dugulako irabazi, baina hau kirola da.

Eta zein helburu jarri diozue?

Europako ligako multzoen fasea jokatzea urrats garrantzitsua izango zen, eta asko emango liguke. Jendeak, agian, ez du ulertuko, baina edozein titulu emango nuke helburu hori lortzearen truke. Nahiz eta titulurik ez irabazi.Europan ondo aritzeak beste lehiakortasun bat ematen dizu gainerako txapelketetan. Handitzen laguntzen dizu.

Malagak irabazi zuen azken liga. Zuek finalerdietan geratu zineten kanpoan, ezustean, Elxen kontra galduta. Zein hausnarketa egin duzue sasoi honi buruz?

Argi dago liga ez irabaztearekin denak geratu ginela izorratu samar. Izan ere, beti esaten dugun moduan, oso anbiziotsuak gara. Baina Kopa eta Superkopa irabazita, eta liga erregularrean bigarren sailkatuari bederatzi puntu aterata, sasoia ezin da txarra izan.

Zer pasatu zen Elxen kontrako kanporaketan?

Elxek merezita irabazi zuen. Hiru partidetan ez ginen ondo aritu. Uste dut txinparta gutxirekin ailegatu ginela, bai fisikoki, baita mentalki ere. Agian taldea itsututa zegoen Kopa irabaztearekin, eta hor hustu egin zen. Txapelketa eredua ere aldatu zen, eta eten luzea lehenago izan zen. Ikusi beharko dugu horrek nola eragin zigun. Gainera, denboraldi osoan lesio dezente izan genituen.

Lehen sasoia izan zen kanporaketen sistemarekin. Zer balantze egin duzue? Datorren denboraldian kanporaketa horiek ez dira hiru partidakoak izango, baizik eta joan-itzulikoak

Nahiz eta ez irabazi, kanporaketen sistema defendatzen dugu. Hamabi talde izanda, zentzuzkoena iruditzen zaigu zaleei, bazkideei eta babesleei begira. Bestela, oso partida gutxi izango ziren. Liga oso motz geratuko zen. Gainera, ikuskizuna handiagoa da. Berez, nahiago genuen hurrengo denboraldian ere kanporaketak hiru partidakoak izatera. Baina datorren denboraldian Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko torneoa daude, eta egutegia oso betea dago. Beraz, ulertzen dugu joan-etorrikoak izatea. Pentsa, finalera iristen diren taldeek ekainaren 2an izango dute azken partida.

Zein ikasgai atera duzue hurrengo sasoiari begira?

Helburu bat izanda ere, ezin dugula horrekin tematu.Hobeak gara presiorik gabe aritzen garenean, egiten dugunaz gozatuz.

Zer iritzi duzu aurkariak osatzen ari diren taldeei buruz?

Malaga dena irabazteko moduko taldea egiten ari da. Ro'Casa ere talde ona egiten ari da, gaztea, baina talentu handikoa. Elx ere hor egongo da, eta Guardesek aldaketa asko egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.