Futbola

EFFk eskubide osoko kide gisa onartua izateko eskatuko die UEFAri eta FIFAri

Aldeko 43 boto eman dituzte Euskadiko Futbol Federazioko kideek, gaur Durangon egindako batzarrean. Abstentzio bat ere izan da, baina ezezko botorik ez.

EFFren gaurko batzarra, Durangon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2018ko abenduaren 12a
07:00
Entzun

Euskadiko Futbol Federazioak (EFF) nazioarteko ofizialtasunaren bidea hasi du gaur, urteroko batzar orokorrean. Ateak itxita egin dute bozketa, eta kideek erabaki dute Nazioarteko Federazioari (FIFA) eta Europako Federazioari (UEFA) eskubide osoko kide gisa integratuak izateko eskaera egitea. Baiezkoak irabazi du gaurko bozketan: 43 boto izan dira alde, eta abstentzio bat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak elkartzen dituen federazioak pauso hori emango duen lehen aldia da.

Bilera Durangon izan da, San Agustin kultur gunean, eta bertara deituta zeuden boz eskubidea duten 125 kideak. Bertan izan dira, besteak beste, Jose Luis Larrea Gipuzkoako Federazioko presidentea eta Espainiako Federazioko presidente ohia, Asier Illarramendi, Ainhoa Tirapu, David Zurutuza, Asier Riesgo eta Manu Garcia futbolariak. Ohiko batzarra egin dute lehenbizi, eta gero bozkatu dute nazioarte mailako eskaera. 87 boz kirol elkarteei dagozkie; hamasei, jokalarien estamentuaren ordezkariei; hamar, entrenatzaileenari; eta bederatzi, epaileenari. Gehiengo soila aski zen proposamenak aurrera egiteko.

2017ko ekainean, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, ofizialtasunaren bidea hasteko aukera bozkatzekotan egon ziren, baina probintzietako federazioetako buruek argudiatu zuten nahikoa informazio ez zutela. Jaurlaritzak eskaera aintzat hartu, eta aurten hiru bilera informatibo antolatu zituen euskal selekzioak eta Venezuelak jokatu zuten partidaren ingurumarian. Bilera bana egin zen probintzia bakoitzeko federazioan, eta bertaratu ziren taldeek zalantza guztiak argitzeko parada izan zuten. Informazio eskaera hori beteta, lurraldeetako delegatuek gaia bilera orokorrera eramatea erabaki zuten. BERRIAk jakin ahal izan duenez, baina, ez ziren aho batez ados jarri delegatuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.