Efren Vazquezek (Mahindra) burumakur bukatu zuen atzo Austingo zirkuituan (Texas, AEB) eginiko entrenamendu saio ofiziala. Bilboko pilotuak 15. postuan bukatu zuen, eta oso urrun ikusiko ditu Moto3ko oilarrak Ameriketako Sari Nagusiko lasterketako hasieran (18:00). Asteburuko sentsazio on guztiak ezerezean gelditu ziren.
Herenegungo entrenamendu saio libreen ondoren, baikorra zen Vazquez. Markarik onenen artean laugarrena lortu zuen, eta aurrean egoteko itxaropena zuen. Errealitatea gordina da, baina, eta marka onenetik 2,965 segundora helmugaratu zen atzo. Kontsolamendu bakarra izan zen bere taldekideari irabazi ziola, Miguel Oliveira 18. izan baitzen. Bilbotarrak 2.19,361eko marka egin zuen, eta Alex Rins (KTM) lehen sailkatuak 2.16,396koa. Haren atzetik Luis Salom (KTM) eta Maverick Viñales (KTM) irtengo dira. Ondo bidean, hiru horien artean egongo da irabazteko lehia; Vazquezek, aldiz, lehen hamarren artean sartzen saiatu beharko du. Egun 10. da sailkapen nagusian.
Moto GPn, berriz, Jorge Lorenzok (Yamaha) txapelketako lehen sari nagusian emaniko mailari eusten dion ikusi behar da. Haren mehatxua Dani Pedrosa (Honda) izango dela dirudi, entrenamendu libreetan bikain moldatu zelako. Marc Marquez (Honda) gazteak ere zirkuitura ondo egokitzen dela erakutsi zuen herenegun. Pilotu gazteak debuteko urtea du maila nagusian, eta aho bete hortz uzten ari da zale guztiak. Laugarren hautagaia Valentino Rossi (Yamaha) izango da. Azken bi urte txarren ondoren bigarren izan zen duela bi aste, eta berriz ere titulurako hautagai dela erakutsi nahi du Austinen.
Azkenik, Moto2ko lasterketak dirudi irekiena. Beste mailen aldean hautagai multzoa zabalagoa da, baina Pol Espargaro (Kalex) da faboritoa, eta Scott Redding haren taldekidea aurkari nagusia. Biak daude sailkapen nagusiko lehen bi postuetan, eta herenegungo entrenamendu libreetan haiek moldatu ziren hobekien.Hirugarren Takaami Nakagami (Kalex) izan zen.
Efren Vazquez ez da batere fin ibili sailkapen saioan eta 15. postutik irtengo da gaur
Entrenamendu saio libreetan marka oso onak egin arren, lehen sailkatuak urrun ikusiko ditu Austinen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu