Javier Urrizak (Iruñea, 1981) buruz buruko bosgarren txapela begiz joa du. Erremontista gutxiren esku dago marka hori. Halere, bere buruarengan konfiantza handiarekin ekingo dio urteko txapelketa nagusiari.
Sasoiko heldu zara urteko txapelketa garrantzitsuenera?
Neure buruarekin zorrotza naiz, eta ziur hobeto irits nintekeela. Baina indartsu nago, nik uste aurreko urteetan baina gehiago. Egia da azken asteetan min arin batzuk izan ditudala, baina txapelketan sartzeko gelditzen diren bi aste hauetan, espero dut erabat osatzea. Gainera, ilusio handiarekin ekingo diot buruz burukoari, ea txapela berriro irabazterik dudan.
Lau txapel dituzu dagoeneko, hiru jarraian. Oraindik irabazteko goserik baduzu?
Egia esan, irabazteko gosea galtzea zaila da. Nire kasuan, behintzat, beti dut gose hori. Nahiz eta aurkariak fisikoki ongi prestatu, niri geroz eta zailagoa egiten zait bikain prestatzea. Eta oso txapelketa zorrotza da buruz burukoa. Baina urte osoan etxeko lanak ongi egin ditut; ea egun hauetan prestaketa borobiltzen dugun eta txapelketara fresko eta txisparekin iristen naizen.
Faborito argia zara. Denak Urrizaren aurka. Ez dizu zorabiorik ematen?
Azkenean, ohitu egiten zara. Izan ere, buruz buruko azken aldiak antzekoak izan dira. Halere, behin frontoira irtenda, presioa guztiok sentitzen dugula uste dut. Ospe handiko lehiaketa da, denok irabazi nahi dugu... egun txarren bat baduzu, erraz bistaratzen dizkizute norberaren lotsak.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Aurten indartsu datoz aurkariak. Geroz eta prestatuagoak gaude fisikoki eta teknikoki, eta exigentzia maila urtetik urtera handiagoa da. Asko buruz buruko beteranoak dira jada, eta detailerik txikiena ere orraztua dute. Jakitun naiz urtetik urtera gehiago kostatzen dela irabaztea, baina neurea egiten badut, txapela berresteko aukerak baditut.
Aurkariren bat saihestu nahiko zenuke?
Aurre-kanporaketatik datorren aurkaria arriskutsua izango da,behetik gora etorriko delako. Eta Barrenetxea IV.a eta Urteaga aurkari zailak direla ez dago esan beharrik. Bete-betean egon beharko naiz bosgarren aldiz txapela janzteko.
Javier Urriza Torres. Erremontista
«Egia esan, irabazteko gosea galtzea zaila da. Nik beti dut gose hori»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu