Futbola

Egin dute Espainiako Ligako hurrengo egutegiaren zozketa

Athleticek Real Madril hartuko du San Mamesen, eta Reala ere etxean arituko da, Gironaren aurka. Alavesek eta Osasunak, berriz, kanpoan jokatuko dute: Cadizen arituko da Alaves, eta Celtari egingo dio bisita Osasunak.

Aritz Elustondo eta Nico Williams San Mamesen jokatutako derbi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
pettan uralde
2023ko ekainaren 22a
12:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehen Mailako euskal taldeek badute ligako egutegiaren berri. Espainiako Lehen Mailako egutegiaren zozketa egin dute, eta kategoria horretan jokatuko duten euskal taldeek, Alavesek, Osasunak, Athleticek eta Realak, euren bide orriaren berri izan dute. Denboraldia abuztuaren 11n hasiko dute. Bigarren mailan, Amorebietak eta Eibarrek ere asteburu berean ekingo diote ligari, baina ekainaren 28an izango dute egutegiaren berri, Espainiako Federazioko Lehenengo Mailatik zer talde igotzen diren jakin ondoren.

Denboraldiaurrea amaitu, eta berehala izango dute estreinaldia ligan euskal taldeek; abuztuaren 11ko asteburuan, hain zuzen. Athleticek izango du estreinaldirik zailena: San Mamesen hasiko diren arren, Real Madrilen aurka arituko dira zuri-gorriak. Realak ere etxean emango dio hasiera ligari, Gironaren aurka. Osasunak eta Alavesek, berriz, kanpoan ekingo diote sasoi berriari. Arabarrek Cadizen aurka izango dute norgehiagoka, eta gorritxoak Vigon arituko dira, Celtaren aurka.

Azken jardunaldiak ere berebiziko garrantzia izaten du. Izan ere, asko da jokoan egoten dena garai horretan. Hauek izango dira neurketak, maiatzaren 26an: Osasuna-Vila-real, Rayo Vallecano-Athletic, Reala-Atletico Madril, eta Las Palmas-Alaves.

Alavesen igoerarekin, lau euskal talde izango ditugu berriro lehen mailan, eta hamabi derbi jokatuko dira guztira. Lehena bigarren jardunaldian izango da: Osasuna eta Athletic izango dira aurrez aurre, Iruñean. Seigarren jardunaldian, Alavesek lehen derbia jokatuko du, etxean, Athleticen aurka. Derbi bikoitza izango dugu zortzigarren jardunaldian: Alaves-Osasuna, eta Reala-Athletic. Lehen itzuliko azken derbia Osasunak eta Realak jokatuko dute, Sadarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.