Zazpi hilabete baino gutxiago barru, Munduko Koparen beste ekitaldi bat abian jarriko da Brasilen. Datorren urteko ekainaren 12tik uztailaren 13ra jokatuko dute txapelketa 32 selekziok. Dagoeneko, ia zehaztuta dago zein izango diren talde horiek. 31 jakinak dira jada. Azkeneko aukera Uruguaik eskuratuko du ia ziur, joanekoan Jordanian 0-5 irabazi baitzuen. Uruguaitarrak eta jordaniarrak bart goizaldean ziren jokatzekoak itzulikoa.
Sailkatuen artean, ez dago ezusterik. Ezta kanpoan geratu behar izan dutenen artean ere. Deigarriena da Europako selekzio berrienetakoa den bat sailkatu izana: Bosnia-Herzegovina. Aurrenekoz ariko da Munduko Kopan Balkanetako taldea. Beste gainontzean, aipatu beharra dago selekzio batzuk hainbat urteren ondoren bueltan direla txapelketa handian; esaterako, Belgika, Errusia eta Kolonbia. Afrikako sailkatuak duela lau urteko txapelketan aritu ziren berberak izatea ere nabarmentzekoa da.
Sailkatutako asko ere ia betikoak dira. Multzo zabalena osatzen dute; espero zen barruan izatea, eta sailkatu egin dira: Argentina, Uruguai —azkenean sailkatzen bada—, Alemania, Espainia, Italia, Herbehereak, Ingalaterra eta Frantzia. Didier Deschamps baionak entrenatutakoek, hala ere, gogotik sufritu dute Ukraina kanporatzeko. Brasil ere hor sartu behar da, baina antolatzailea izanik, sailkatze fasea jokatu beharrik ez du izan.
Kontinente bakoitzetik, ia beti selekzio berberak izaten dira lau urtez behingo txapelketa handian. Eta oraingoan ere horixe gertatu da. Ez da ezusterik izan azkenaldiko bakoitzaren ibilbidea kontuan izanik. Selekzio indartsu horien azpian daudenetan ere, ia beti ohikoak sailkatzen dira; esaterako, AEBak eta Mexiko ere Brasilen izango dira, mexikarren sailkapen fasea gorabeheraz betea izan arren —Zeelanda Berriaren aurkako kanporaketa gaindituz sartu dira—.
Afrikan ere ez da ezusterik izan, eta aurreko Munduko Kopan aritu ziren selekzio berberak sailkatu dira oraingoan ere: Kamerun, Boli Kosta, Ghana, Nigeria eta Aljeria izango. Asiako sailkatuen artean ere ohikoak daude: Japonia eta Hego Korea.
Aspaldian izan gabeak
Multzo honetan, europarren artean, Belgika eta Errusia dira urte gehien zeramatenak sailkatu gabe. Biak ere 2002an izan ziren azkenekoz Munduko Kopan. Harrezkero, saiatu bai, baina lortu ez. Errusiarrek, sikiera, Eurokopan parte hartu izan dute harrezkero, baina belgikarrek hori ere ez. Azken horien artean, egundoko belaunaldia loratu da: Eden Hazard (Chelsea), Kevin de Bruyne (Chelsea), Thibaut Courtois (Atletico Madril), Romelu Lukaku (Everton)... Eta lehendik hor zeudenak ere ez dira hankamotzak: Marouane Fellaini (Manchester United), Vincent Kompany (Manchester City), Thomas Vermaellen (Arsenal)... Denak elkar hartuta, distira azaldu du sailkatze fasean Belgikak.
Errusiari dagokionez, Fabio Capelloren zurruntasuna eta zorroztasuna oinarri hartuta, Aleksandr Kerzakhov (Zenit), Roman Xirokov (Zenit) , Igor Akinfeev (CSKA Mosku) eta Viktor Faizulin (Zenit) buru, Munduko Kopan izango da Errusia. Kroaziak kanporaketan lortu du sailkatzea, eta, aurreko aldian kanpoan geratu ondoren, sei-zortzi urteren buruan izango da Munduko Kopan Darijo Srna (Xakthar) buru duen selekzioa. Amerikari dagokionez, aipatzekoa da Kolonbiaren lana. 1998tik zegoen sailkatu gabe, eta Jose Peckerman argentinarraren aginduetara, aise sailkatu da, fasean bigarren eginez eta inoizko sailkapenik onena erdietsiz. Radamel Falcao (Monaco) golegilea izar handi gisa, entrenatzaileak ez du baztertu titulua irabaztea ere. Ekuador 2006an aritu zen azkenekoz, eta orain itzuli egin da. Datu bitxi hau utzi du, gainera: hirugarrenez sailkatu da teknikari kolonbiarra edukita, Reinaldo Rueda oraingoan. Antonio Valencia (Manchester United) du izar, eta ondo gainditu du taldeak Cristian Benitez izarraren bat-bateko heriotza. Costa Rica ere izana da Munduko Kopan, baina 2006an azkenekoz, eta orain berriz ariko da Cristian Bolaños (Kopenhage), Keylor Navas (Levante) eta Joel Campbellen selekzioa (Olympiakos).
Asiarren artean, Iran itzuliko da Munduko Kopara, 2006an aritu baitzen azkenekoz. Carlos Queiroz entrenatzaile portugaldarra da irandarren hautatzailea.
32 selekzioen artean, debutari bakarra izango da: Bosnia Herzegovina. Sailkapen fase ikusgarria egin dute bosniarrek, hamar partidetatik zortzi irabaziz, eta txartela eman die horrek Edin Dzeko (Manchester City) eta Vedad Ibisevic (Stuttgart) aurrelarien selekzioari.
Egon behar zutenak daude
Datorren urteko Munduko Kopan ariko diren 32 selekzioak ia zehaztuta daude, eta sailkatuen artean ez da ustekabekorik egon; ezta kanpoan geratu direnetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu