Egonkortasuna ardatz

Baionak handitzen jarraitu nahi du. Horretarako taldea egonkortzearen alde egin du. Jokalari berriak garaiz etorri dira, eta pasa den sasoiko taldeburuak taldean gelditu dira.

Eneritz Zabaleta.
2007ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hamaika. Hamaika dira Baionara iritsitako jokalari berriak. Anitz iruditu daiteke hamaika jokalari berri etortzea. Baina, Baionarentzat, azken urteetan taldearen alor guztietan hamaika aldaketa egin ondoren (prestatzaileak, kirol instalazioak, jokalariak, entrenatzaileak...), aurtengo hamaika fitxaketak egonkortasunaren adierazle dira. Jokalari berriak anitz badira ere, iaz baino testuinguruegonkorragoa atzeman dute Lapurdiko hiriburuan. Izan ere, iaz ez bezala, entrenatzaile hirukotea ez da aldatu. Jean Pierre Elizalde, iazsasoi erdian etorritako kirol zuzendaria, oraindik han dago. Iazko jokalari garrantzitsuak taldean gelditu dira.

Testuinguru lasaiago eta egonkorragoaren alde egin du zuzendaritzak. Iaz, urte erdian etorritako Jean Pierre Elizaldek, taldea haren ideien arabera eraikitzeko aukera izan du lehen aldikoz, hark bere papera gutxietsi nahi badu ere: «Denek diozue nik eraiki dudala taldea. Hemen ez du 'ni'-ak balio. Taldearen osaketa talde lana da. Jokalariak kolektiboki aukeratu ditugu».

Denbora hartu dute Baionako zuzendaritza kideek taldea eraikitzeko. Hiru denboratan eraiki dute azken hau, Jean Pierre Elizaldek zehazten duenez: «Lehen fasea otsailean hasi genuen. Iazko taldeko jokalari garrantzitsuek gurekin jarraitzea lortu genuen, eta hori oraindik lehen edo bigarren mailan jokatuko genuenik jakin gabe. Ekainean, gure zoria argituta, jokalari berriak ekarri genituen. Orain hirugarren faseari ekingo diogu. Munduko Kopan ikuskatutako jokalari bat edo bi ekartzea pentsatzen ari gara».

Horiek hala, iazko estutasunik ez du pasatu nahi Baionak. Francis Salagoiti, Baionako presidenteak, Top 14an zortzigarren postuan bukatzeko helburua finkatu du: «Iaz zortzigarren postuan bukatu genuen. Baina ez diogu gure buruari gezurrik bota behar. Azken jardunaldira arte maila galtzeko arriskuan egon ginen. Aurten, iaz bezala, zortzigarren postuan bukatu nahi dugu, baina iazko estutasunik jasan gabe».



HANDITU NAHI. Egonkortasuna da Baionak nahi duena. Baina azken asteetan etorritako albisteek esperantza piztu dute zaleen artean. Alain Afflelou betaurreko egile ezagunak hiru urteko kontratua izenpetu du baionarrekin. Urtero 400 000 euroko dirutza eskuratu du horrela Lapurdiko taldeak. Babesle berri horren etorrera Baionaren handitze nahiaren sinboloa da. Datuak ikusirik, taldearen gorakada nabaria da. Orain zazpi urte bi milioi eurokoa zen Baionaren aurrekontua. Urtero gora eta gora joan da. Iaz zazpi milioi eurora iritsi zen, eta aurten 9,8 milioi eurokoa izanen da. Francis Salagoiti presidenteak aurrekontua 15 milioi eurora pasatzeko helburua finkatu du hurrengo hiru urteetan.

Taldearen azpiegiturek ere gorakada sumatu dute aurtengoan. Baionako Jean Dauger zelaia handitu behar izan dute zuzendariek, urteko abonua hartu nahi zutenen kopurua dela-eta. Orain arte belarra ziren hagen gibeleko bi parteetan harmailak eraiki ditu taldeko zuzendaritzak. Orotara, 3.500 ikusle sartzen ahalko dira harmaila horietan. Salagoitik zelaia handitzen jarraitzeko asmoa daukala ere azaldu zuen: «Jean Dauger eraberritzen jarraitu behar dugu. Errugbi profesionalaren beharrei erantzuteko moduan utzi nahi dugu.Herriko Etxearekin handitzeaz hitz egitekotan gaude. Zergatik ez, egun batez 18.000 ikusleko zelaia bihurtu Jean Dauger?». Salagoitiren azken esaldi horrek umore ateraldia dirudi, Miarritze auzoaren Agileraren handitze asmoarekin lotuta, benetako proiektu zehatza baino.

Dena den, Baionak handitzen jarraitu nahi du. Horretarako, aurten egonkortasunaren bila joanen da. Sailkapenean arrisku gabeko multzoan kokatu nahi du, noizbait gorago ikusten hasi baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.