Irribarre bat ezpainetan eta boligrafoa eskuan. Era horretan sinatu zuen atzo Jagoba Arrasatek beste bi urterako lan hitzarmena Realarekin. Aurreko egunetako zurrumurruak egia bihurtuz, hala, 2016ko ekainaren 30era bitarte taldeko gidari izango da 35 urteko entrenatzaile berriatuarra. Jokin Aperribai Realeko presidenteak argitu zuenez, ez dute inolako arazorik izan ados jartzeko, «bi aldeek garbi geneukan-eta zer nahi genuen». Haren arabera, pare bat solasaldi aski izan dituzte, eta «egonkortasun» bila zein egungo egitasmoari «jarraitutasuna» emateko asmoz hartu dute erabakia.
«Oso gustura gaude Arrasatek orain arte egin duen lanarekin, taldearen izaerari eutsiz lehiatu delako». Aperribaik eta zuzendaritzako kideek baloratu egin nahi izan dute entrenatzailearen nortasuna. «Etxekoa dugu, eta bat egiten du taldearekin filosofiarekin. Lehen taldea kudeatzeko gai den eta, era berean, harrobiari garrantzia emango dion norbait nahi genuen entrenatzaile gisa. Arrasate da horretarako pertsonarik egokiena», esan zuen Aperribaik. Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariaren hitzetan, «epe luzerako apustua» egin dute. «Egonkortasuna lortu nahi dugu Arrasateren eskutik, eta konfiantza osoa dugu harengan».
Arrasate «zoriontsu» da zuzendaritzak hartutako erabakiarekin. «Ez dakit oraingoan kargua eman zidatenean baino poz handiagoa hartu ez ote dudan. Egoera luzatuko den seinale da, eta orain niri dagokit konfiantza horri erantzutea». Entrenatzailearen ustez, «erronka zaila bezain polita» izango du datozen denboraldietan. «Begiak zabalik aritzen naiz lanean, eta egunero ikasten dut zerbait. Reala gora eramatea da nire zeregina».
Emaitzei erreparatuta, Realak sasoi hasierako helburuak ia bete dituela uste du Aperribaik. «Txapeldunen Liga jokatu dugu; Kopan ilusioa berreskuratu eta ligan Europako postuetan amaitzeko zorian gaude. Balorazioa oso ona da». Presidentearen esanetan, komeni da gogoratzea historian oso gutxitan sailkatu dela Reala bi aldiz jarraian Europara. «Aurtengoa hirugarren aldia litzateke, eta hori oso garrantzitsua da guretzat». Emaitzen gainetik, ordea, entrenatzailearen garaipen goseari erreparatu dio Aperribaik. «Bere buruari asko eskatzen dion pertsona bat da Arrasate, eta hori gustatzen zaigu. Gainera, jokalariekin ondo moldatzen da».
Azken hilabete eta erdian bolada txarrean dago taldea, partidak irabaztea asko kostatzen ari baitzaio. Hala ere, Aperribaik azpimarratu zuen erabakia hartzeko garaian bolada txar horrek zerikusirik ez duela izan. «Boladak bolada, guk argi genuen zein zen gure nahia. Emaitza txarrek ez gaituzte behartu erabakia bi aldiz pentsatzera». Lorenen arabera, konfiantza da oinarria. «Denboraldi gogorra izaten ari da, eta bolada txarrak zein onak igaro ditugu. Gure hausnarketa, baina, emaitzez haratago doa. Ikaragarri pozik gaude entrenatzailearen lanarekin, eta gure konfiantza osoa merezi du». Edozein taldetan entrenatzaile berbera hiru urtez egotea zaila den arren, horretan sinesten du Lorenek. «Egonkortasuna falta izan du Realak azken urteetan, eta, hain zuzen ere, horixe emango digu Arrasatek».
Arrasateren onena, «iristeko»
Taldearen sasoi txarra dela medio, entrenatzaileari hainbat kritika entzutea tokatu zaio aspaldian: ez dela gai lehen taldea kudeatzeko, aldaketek ez dutela fruiturik ematen... Hitz batean, lan eskasa egiten ari dela. Arrasate bera ere harrituta dago taldearen inguruan dagoen ustezko «atsekabe» egoerarekin: «Egia esan, ez dakit kalean atsekabe egoerarik dagoen. Argi dago gu ez gaudela halako egoera batean, baina badakigu gure jarduna hobetu behar dugula». Horretarako, beharrezko ikusten du etzi Espanyoli irabaztea. «Garaipen premian gaude, eta ezin dugu hutsik egin».
Hainbat zale ez bezala, «gu oso kontentu gaude entrenatzailearekin», esan zuen Aperribaik, «eta ziur gaude haren onena iristeko dagoela. Hurrengo urteetan asko hobetuko du». Arrasate bat dator. «Jokalariek bezala, entrenatzaileok ere esperientziatik edaten dugu, eta asko ikasiko dut».
«Egonkortasuna» helburu
Jagoba Arrasatek beste bi urtez jarraituko du Reala entrenatzen, gaur egungo egitasmoari «segida» emateko helburuarekin«Harrobia zaindu eta taldea kudeatzeko ezin egokiagoa» delako egin dute haren alde

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu