Puntista

Tania Mayorga: «Egun, Mexikotik irten beharra dago aurrera egiteko zesta-puntan»

Mayorga Mexikotik Iruñera etorri da ikastera, eta bide batez, zesta-puntan bete-betean aritzera. Bihar, Nafarroako Master Serieseko finala jokatuko du, Noainen, eta, etzi, Donostiakoari ekingo dio.

Tania Mayorga. JAI ALIVE
Tania Mayorga. JAI ALIVE
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 8a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Arkitekturako lehen maila ikasten ari da Tania Mayorga (Puebla, Mexiko, 2003), Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean. Azterketa garaian dago, eta aitortu du horrek «tentsio pixka bat» eragiten diola. Baina badaki non eta nola lasaitu. «Frontoian, zesta-puntan jokatzen. Zoriontsu naiz horrela». Bost urtekoa da karrera, beraz, ondo bidean, luzarorako egongo da. «Oso gustura nago hemen. Hasieran, handia izan zen aldaketa, baina jada egokituta nago».

Zesta-punta munduan barrena horrenbeste zabaldu izanaren erakusle zara zu?

Baietz esan daiteke. Nik tenisean jokatzen nuen, baina nire entrenatzailea, Fidel Moreno, zesta-puntan aritutakoa zen munduko txapelketetan, eta hark animatu ninduen probatzera. Mexikon frontoi asko daude: 11 zesta-puntan aritzeko. 

Nola izan zen lehen aldi hura?

16 urte nituen, eta teniseko eskola bat jasotzera joan nintzen klubera, Britania Zabaletara. Entrenatzaileak esan zidan hango frontoira joateko, eta, hara iristean, galdetu zidan ea probatu nahi nuen. Ez nuen arrastorik zer zen zesta-punta, baina, baietz esan nion. Segituan konturatu nintzen beste kirolen aldean oso ezberdina zela. Asko gustatu zitzaidan mugimendua, eta, nola pausatzen zen pilota zestan, dantzatxo bat eginez. Maiz jokatzen hasi nintzen. Gaur arte.

Kostatu zitzaizun neurria hartzea?

Hasieran bai; alderantziz egiten nuen mugimendua. Baina, egun bat pasatuta, gai izan nintzen pilota frontisera botatzeko. Beste kontu bat izan zen abiadura ematea. Inoiz ez dut ahaztuko Mexiko Hiriko frontoian lehen aldiz profesionalak ikusi nituenekoa. Harrituta geratu nintzen pilotari ematen zioten abiadurarekin. 

Sei bat urte joan dira ordutik. Zein garapen izan duzu?

Pausoz pausoz egin dut bidea, baina, hasieran, dena oso azkar joan zen: lehen aldiz zesta bat hartu, eta, urtebetera munduko txapelketa bat jokatzen ari nintzen, 22 urtez azpikoa, Iscarren [Espainia]. 17 urte besterik ez nuen, eta oso urduri nengoen. Gure kasa ibili ginen, Mexikoko Federazioak ez baitzigun babes handirik eman. Ez genuen helburu handirik; bagenekien hemen neskak oso gazte hasten direla zesta-puntan jokatzen. Baina, esperientzia zirraragarria izan zen: jende asko ezagutu genuen, eta neska oso onekin lehiatu ginen. Horrek hazteko balio izan zigun. Kirol honi esker, jende oso jatorra ezagutu dut. Izugarri gustatzen zait zesta-puntan jokatzea; niretzat, barrua husteko modua da. Entrenatzeko beharra dut. Gustatzen zait diziplinatua izatea.

2020an izan zen lehen txapelketa hura. 2022an, berriz, lehen aldiz aritu zinen maila nagusiko munduko txapelketa batean, Miarritzen (Lapurdi). Nola gogoratzen duzu?

Sekulakoa izan zen. Horretan bai, horretan federazioaren babesa izan genuen, eta ordezkaritza zabala izan genuen. Gure onena ematera joan ginen, eta hala egin genuen, baita gozatu ere. Lehen aldiz jokatu genuen 54 metroko frontoi batean. Mexikon, 42 metrokoan aritzen ginen, eta hori desabantaila zen. Zailtasunak zailtasun, oso gustura aritu ginen. Ordutik, gero eta hobeto ari gara, eta hori oso ona da.

Nola dago zesta-punta Mexikon?

Badaude neskak, eta jokatzen ari dira, baina ez dute babes handirik. Guretzat, zaila da han aritzea: pilotak behar baditugu, Mexiko Hirira joan beharra dugu; bi orduko bidaia da hori, eta, gainera, pilotagile bakarra dago. Beste horrenbeste gertatzen da zesta bat nahi baduzu: zestagile bakarra dago, eta denbora luzez itxaron behar duzu hura jasotzeko. Zain egon behar da edozertarako. Nire jaioterrian, Pueblan, eskola bat badago, baita jokatzen duten neskak ere, baina txapelketa gutxi jokatzen dituzte, eta horrela zaila da haiek motibazioari eustea. Babes handiagoa behar da Mexikon emakumezkoen zesta-puntak gora egin dezan.

«Izugarri gustatzen zait zesta-puntan jokatzea. Niretzat, barrua husteko modua da; entrenatzeko beharra dut»

Zaila da horrela aurrera egitea?

Txapelketa gehiago jokatuko balituzkete eta babes handiagoa izan, posible litzateke Mexikon aurrera egitea. Baina, gaur egun, halakorik ez dagoenez, Mexikotik irten beharra dago.

Horregatik etorri zinen Euskal Herrira?

Nik Nafarroako Unibertsitatean ikasi nahi nuen; arkitekturako 50 fakultaterik onenetako bat da. Ikasketak dira hona etortzeko arrazoi nagusia, baina banekien hona etorrita aukera izango nuela egunero entrenatzeko; pizgarri bat zen. Baita jende gehiagorekin aritzea ere. Mexikon, Mafer [Maria Fernanda Ballesteros] eta biok bakarrik entrenatzen ginen.

Berriozar Jai Alai klubean ari zara. Gustura zabiltza?  

Oso gustura nabil, pilotari guztiak aurretik ezagutzen nituen, Cancunen Aste Santuan jokatu ohi den txapelketatik. Ia familiakoak ditut.

Zenbat emakumezko ari zarete klubean zesta-puntan?

Bi: Irati Moreno eta biok. Mutilekin entrenatzen gara, eta horrek mesede egiten digu hobeto jokatzeko.

Sumatu duzu hobeto ari zarela?

Bai; asko hobetu dut. Ez du zerikusirik Mexikon aritzearekin. Hemen, ia egunero jokatzen dugu txapelketaren bat, hamaika toki eta frontoitan. Horri esker, jauzi handia egin dut.

Zertan hobetu duzu gehien?

Hobeto mugitzen naiz kantxan; lehen, oso geldi jokatzen nuen.

«Hemen, ia egunero jokatzen dugu txapelketaren bat, hamaika frontoitan; jauzi handia egin dut»

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Errebotean hobetu behar dut.

Aldea dago Mexikoko eta Euskal Herriko puntisten artean?

Bai, alde handia dago. Mexikon badaude neskak, baina babesa eta motibazioa falta zaie aurrera egiteko. Han, dibertimendua da zesta-puntan aritzea. Hemen, ordea, kontu askoz serioagoa da: neskek txapelketa profesional pila bat jokatzen dituzte, eta lehia askoz handiagoa da.

Asteburu betea duzu: bihar, Nafarroako Master Serieseko finala jokatuko duzu Noainen (Nafarroa), 19:15ean. Etzi, berriz, Donostiakoari ekingo diozu, Baldan, 17:30ean. Gogotsu zaude?

Emozionatuta nago. Munduko onenen aurka jokatuko dut: bihar, Erika Mugartegiren kontra [Ixone Otaegirekin ariko da Mugartegi], eta, etzi, Arai Lejardiren aurka [Lur ahizparekin ariko da]. Biek nik baino askoz esperientzia handiagoa dute, baina erronkak gustatzen zaizkit, eta espero dut partida onak izatea. Jendea animatuko nuke gu ikustera. Bietan Giselarekin ariko naiz [Ucles, puntista katalana]. Ondo moldatzen gara elkarrekin. Bi partidak irabaz ditzakegu. Gogor lan egin dudala erakutsi nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.